Mondragon Unibertsitateak 14 titulu berri eskainiko ditu hainbat jakintza-arlotan

Eskaintza berri horrek lau master, aditu-ikastaroak eta espezializazio-ikastaroak biltzen ditu, bai eta beste campus batzuetan eta beste modalitate batzuetan lehendik dauden tituluak ere.
Card image cap
2023/08/28

Mondragon Unibertsitateak bere eskaintza zabalduko du 2023-2024 ikasturtean, 14 titulu berrirekin —lau master berri eta hamar espezializazio-ikastaro eta aditu-ikastaro—, ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, humanitateen eta gastronomiaren jakintza-arloetan. Gainera, beste campus batzuetan eta beste modalitate batzuetan lehendik dauden beste titulu batzuk ere emango ditu unibertsitateak. Eskaintza berri horren helburua da gizartean izandako aldaketek ekarri dituzten beharrei erantzutea eta aldaketa horien araberako lanpostuak betetzea, prestakuntza berrien bidez.

Eskaintza berri hori, beraz, gehitu egin zaie unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituenei: graduko 18 titulu, 20 unibertsitate-master eta doktoregoko 4 programa, bai eta hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere zortzi arlo horietan.

Goi Eskola Politeknikoa

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Robotikako eta Kontrol Sistemetako Unibertsitate Masterra emango du Bilbon 2023-2024 ikasturtean, Bilbao AS Fabrik campusean zehazki. Orain arte, Arrasaten bakarrik ematen zen master hori, eta Bizkaiko hiriburuan ere emango da orain. 

Programa horren helburua da prozesu industrialak eta sistema autonomoak automatizatzeko, kontrolatzeko, mantentzeko eta adimendun bihurtzeko gai izango diren adituak prestatzea. Bi espezialitate eskaintzen ditu masterrak: sistema autonomoak edo automatizazioa. Ikerketa-ibilbidea egiteko aukera ere ematen du, doktorego-programan sartzeko interesa dutenentzat. Ikasketak eta enpresetan praktika ordainduak uztartu ahal izango dituzte ikasleek. Gainera, master horrek bide ematen du EIT Manufacturingeko Nazioarteko Diploma Bikoitzeko ibilbidea egiteko —Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren barruko berrikuntza-komunitatea da EIT Manufacturing—.  Nazioarteko ibilbide horri esker, Technische Universität Wien (Austria) edo University of Tartu (Estonia) unibertsitateetan egin dezakete ikasleek masterraren bigarren urtea.

Teknologia Biomedikoen Unibertsitate Masterrak ere berritasunak izango ditu ikasturte berri honetan, bi espezialitate eskainiko baititu lehen aldiz: (I) Produktu sanitarioen garapena eta fabrikazioa eta (II) Sistema biomediko adimendunak. Master hori Arrasateko campusean ematen jarraituko da eta ikasketak eta lana uztartzeko formatu duala mantenduko du. Beste berrikuntza bat da orain arte Galarretako campusean ematen zen Zibersegurtasuneko Masterra osorik online emango dela 2023-2024 ikasturtetik aurrera. Teknologiako profesionalentzat eta informazioaren segurtasunean espezializatu nahi duten tituludun berrientzat da programa hori. Masterrak gai hauek jorratuko ditu, besteak beste: kriptografia, sareetako segurtasuna, softwarearen segurtasuna, sistemen eta hodeiaren segurtasuna, hacking etikoa, zibersegurtasun industriala eta IoT eta zibersegurtasuna kudeatzeko sistemen alderdi legalak. Gainera, enpresan aplikatutako master-amaierako proiektu bat ere egiten da. Zibersegurtasunean trebatutako pertsonen enplegu-tasa % 100ekoa da, enpresek asko eskatzen duten profila baita. 

Azkenik, profesionalentzako ikastaro berria diseinatu da eta Goierriko campusean emango da. Nazioarteko Soldadura Ingeniariaren ikastaroa da, eta, besteak beste, eraikuntzan, metalurgian, materialetan eta loturen diseinuan aplikatutako soldadura-prozesuetan espezializatuko ditu profesionalak. Goierri Eskolarekin eta Lortekekin elkarlanean jarri da abian programa hori.

 

Enpresagintza Fakultatea

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hiru berrikuntza ekarriko dizkio unibertsitatearen datorren ikasturteko eskaintza akademikoari. Zehazki, bi master berri eta onlineko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat izango ditu.

 Alde batetik, Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra dugu. Titulu horren bidez, gaur egungo aldaketa-uneari erantzun nahi zaio, eta etorkizuneko eraldaketa- eta sorkuntza-prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede. Master horrek ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatu nahi ditu, eta irtenbide praktikoak eta bideragarriak bilatu, egungo erronka sozialei, ekonomikoei, ingurumenekoei, teknologikoei, hezkuntzakoei edo sozio-sanitarioei aurre egiteko, testuinguru errealetik eta diziplina anitzeko lantaldearen barruan betiere. Prozesu pertsonalizatua da, nazioarteko abangoardiako esperientzietan adituak eta team coacheak diren aholkulariek gidatua.

Bestalde, negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako ONLINEKO Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako ONLINEKO Ikastaroa emango dira. Horien helburua da profesionalak prestatzea, erabaki informatuak har ditzaten, datuetan oinarrituta, ez intuizioetan.  Ingurune ekonomiko global honetan, izugarri lehiakorra eta dinamika aldakorrekoa izaki, lehiarako abantaila izateko aukera ematen die erakundeei sortutako datuen bolumeneko eztanda aztertzeak.

Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako Masterra programa berritzailea da Espainiako unibertsitate-agertokian, eta espezializazio-izaera dauka. Programa integratzailea eta diziplinartekoa da, eta ikasleei ezinbesteko tresnak eskaintzen dizkie negozioen ikuspegi garrantzitsuak ateratzeko eta antolakuntza-arlo ezberdinetan aplikatutako analisi-ereduak erabiltzeko, hala nola marketina, finantzak, eragiketak eta pertsonen kudeaketa, besteak beste.

 

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sei titulu berri izango ditu: masterreko espezializazio berri bat, master propio bat eta Hezkuntzaren eta Humanitateen arloetako profesionalentzako hainbat programa.

Irakasle aritzeko gaitzen duen masterrak beste espezializazio bat eskainiko du: Hezkuntza Fisikoa. Masterra euskaraz emango da, eta bi modalitatetan eskainiko da: presentziala (dual eredua) eta erdi-presentziala.

Profesionalei zuzendutako prestakuntza-eskaintzari dagokionez, Euskal Kultura Sustatzeko Master berriaren lehen edizioa eskainiko da. Titulu propio hori modalitate erdi-presentzialean emango da eta saio presentzialak eskainiko dira Eskoriatzako campusean. Euskal kultura sustatzeko eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua. Hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan jardungo dute profesional horiek.

Gainera, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta TeamLabs laborategiak prestakuntza-eskaintza handia antolatu dute 2023-2024 ikasturterako, hezkuntzaren errazte- eta berrikuntza-arloetan. Aipatzekoak dira Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra (Lit) eta Ikaskuntzarako Rol Berriak Hezkuntzan Espezializazio Diploma, bai eta espezializazio-ikastaro batzuk ere; hala nola: Hezkuntza-berrikuntzako proiektuen diseinua errazte estrategikoan oinarrituta, Ikaskuntza-komunitateak erraztea eta Berrikuntza metodologikoa.

 

Gastronomia Zientzien Fakultatea

Basque Culinary Center Gastronomia Zientzien Fakultateak beste lau titulu jarriko ditu abian, ikasturte berriari begira. Alde batetik, Jatetxe-arloko Pertsonen eta Taldeen Kudeaketa Ikastaroa emango du, eta, bestetik, beste bi onlineko ikastaro, Jatetxeen Kudeaketari eta Jatetxeetako Gozogintzari buruzkoak, eta Gastronomiako Prestatzaileen prestakuntzako Hedakuntzako Diploma, online modalitatean ere bai. 

Urrian hasiko da Jatetxe-arloko Pertsonen eta Taldeen Kudeaketa Ikastaroa, sektore gastronomikoan dagoen talentua kudeatzeko eta fidelizatzeko beharrari erantzuteko. Prestakuntza horretan, taldeak eraginkortasunez zuzentzen ikasiko dute profesionalek, eta lan-giro egokia sortuko dute, lantalde eta pertsona guztiak balioetsita, motibatuta, gustura eta fidelizatuta senti daitezen. Modalitate presentzialean egingo dute Basque Culinary Centerren, eta hizlari gonbidatuen onlineko saio osagarriak ere izango dira.

Gastronomia Zientzien Fakultateak beste bi ikastaro gehitu dizkio bere prestakuntza-eskaintzari, % 100 onlinekoak, Jatetxeen Kudeaketako eta Jatetxeetako Gozogintzako onlineko ikastaroak. Azaroan hasiko dira, jatetxeak modu eraginkor, jasangarri eta errentagarrian kudeatzeko profesionalak (jatetxeetako gozogintzakoak ere bai) prestatzeko. 200 ordu inguruko iraupena dute bi programok.

Gainera, merkatuak gaur egun duen eskaria dela eta, Food Design delakoaren inguruko master berria prestatzen ari da Basque Culinary Center, eta datozen hilabeteetan abiaraztea espero du.

Gainera, merkatuak gaur egun duen eskaria dela eta, Basque Culinary Center gastronomiarako eta elikadurarako esperientziak, produktuak eta zerbitzuak diseinatzeari buruzko master berri bat lantzen ari da, Food Design izeneko diziplina, eta datozen hilabeteetan abiaraztea espero du. 

Eskaintza horrez gain, honako hauek daude: graduko 18 titulu (12 dualak), 20‑24 unibertsitate-master, master propioak, graduondoko beste ikastaro batzuk eta unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituen doktorego-programak.

 

 

18 GRADU

2023-2024 ikasturterako berrikuntzak

 

INGENIARITZAK

Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa (DUALA)

Ingeniaritza Mekatronikoa (DUALA)

Ingeniaritza Mekanikoa (DUALA)

Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza (DUALA)

Industria Antolakuntzako Ingeniaritza (DUALA)

Industria Elektronikako Ingeniaritza (DUALA)

Informatika Ingeniaritza (DUALA)

Energiaren Ingeniaritza (DUALA)

Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritza (DUALA)

Ingeniaritza Biomedikoa (DUALA)

 

ENPRESEN KUDEAKETA

Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza – myGADE (DUALA), 

Business Data Analytics

 

EKINTZAILETZA

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza – LEINN

 

HEZKUNTZA

Haur Hezkuntza (4 aipamenekin)

Lehen Hezkuntza (6 aipamenekin)

 

HUMANITATEAK

Humanitate Digital Globalak (HDG)

 

KOMUNIKAZIOA

Ikus-entzunezko Komunikazioa (DUALA)

 

GASTRONOMIA

Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak

 

 

20-24 UNIBERTSITATE-MASTER

 

INGENIARITZAK

Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoa

Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritza

Industria Ingeniaritza

Energia eta Potentzia Elektronika

Teknologia Biomedikoak

Robotika eta Kontrol Sistemak

Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei-konputazioa

Energia Sistema Adimendunak

Eragiketen Logistiko Produktiboen Zuzendaritza

 

KOOPERATIBISMOA

Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala

 

ENPRESEN KUDEAKETA

Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza

Marketin Digitala

Erakundeen Nazioartekotzea

Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoa

Negozio Adimenerako Datuen Analisia/Business Analytics

 

EKINTZAILETZA

Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra ** Berria 2023-2024 ikasturtean

 

HEZKUNTZA

Derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide-heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle izateko gaikuntza (aipamen berria Heziketa Fisikoan) ** Berria 2023-2024 ikasturtean

Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Masterra

 

GASTRONOMIA

Gastronomia Zientziak

Gastronomiako Irakasle Prestakuntza

Irakaskuntza unibertsitate zentroa