Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
LABORAL KUTXAK 121,4 milioiko mozkin garbia izan du 2017an
2017. urtean, ekonomia globalaren adierazle nagusiek bizkortze-bidea hartu dute. Aldeko testuinguru horretan, LABORAL Kutxak % 9,1 hobetu du mozkin bateratua aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta. Hain zuen, 121,4 miloi eurokoa izan da.
Ekonomiaren bilakaera ona izan arren, marjinen murrizketa nabarmena da oraindik ere finantza-negozioan, aktiboen errentagarritasun apalaren eta pasiboen batez besteko kostuaren geldialdiaren eraginez.
Entitatearen errentagarritasunak hobera egin du eta % 7,53ko mailara iritsi da baliabide propioei dagokienez (ROE).
Emaitza onak lortzeko bidean erabakigarria izan da merkataritza-jardueraren dinamismo handiagoa. Horrela, negozioaren atal batzuetan formalizazio berrien erritmoa biziagotu egin da ustiapen-gastuak areagotu gabe; izan ere, gastuok % 2,5 egin dute behera. Azpimarragarria da, halaber, negozioa handitzearekin batera, arriskuaren gestio egokia egin dela, eta, ondorioz, berankortasun-ratioa apala dela (% 5,09koa). Era berean, euskal kreditu-kooperatibak eutsi egin die lasaitasunezko ohiko likidezia mailei (LTD % 78,1) eta nabarmen sendoa den kaudimenari (CET1 % 18,14).
Emaitza-kontua
Merkatuko interes-tasek zero kotan jarraitzen dute, eta balio negatiboetara ere iritsi dira. Ezohikoa eta jarraitua izaten ari den egoera horren ondorioz, interesen marjinak murrizten jarraitzen du; izan ere, erakundeen arteko lehiak beherantz bultzatzen du aktibo-marjina, eta, aldi berean, ez da bideragarria gordailuen ordainsariak egungo mailatik behera gutxitzea.
Testuinguru zail horretan LABORAL Kutxak 247,3 milioiko interes-marjina izan du, aurreko ekitaldian baino % 8,8 txikiagoa.
Banku-negozioa bilakatuz doa, eta erakundeen jarduna jada ez dago bideratuta haztera eta balantzea zabaltzera bakarrik. Kooperatibaren emaitza-kontuan eragin handia izan du, batez ere, inbertsio-fondoak, aurreikuspen-planak, aseguruak eta ordainbideak merkaturatuz lortutako emaitzak ere barne hartzeak. Gainera, finantza-eragiketek bilakaera ona izan dute. Horren guztiaren agregatua 172,74 milioikoa izan da, eta entitatearen marjina gordina urtetik urtera % 1,6 haztea ahalbidetu du, eta 420 milioi eurokoa izatea.
Aurtengoan ere, entitateak gastuen atala murriztea lortu du. Ustiapen-kostuei eutsita, % 2,5eko aurrezpena lortu da 2016ko datuekin alderatuta. Amortizazioak (18 milioi eurokoak) eta narriaduretara eta kaudimengabezietara bideratutako zuzkidurak (35,4 milioi eurokoak) kendu ondoren, zerga aurreko emaitza gordin bateratua 134,2 milioi eurokoa izan da. Zerga-karga kontuan hartuta, LABORAL Kutxaren emaitza garbia % 9,1 hobetu da; 121,4 milioi eurokoa izan da.
Aurrezkia
LABORAL Kutxak bitartekoturiko baliabideak 21.014 milioi eurokoak izan dira 2017aren amaieran, eta ekitaldiko hamabi hilabeteetan % 5 egin dute gora.
Bolumenetan izandako bilakaera onaren oinarrian balantzetik kanpoko bitartekaritza egon da, % 10etik gorako hazkundea izan du. Bezeroak poliki-poliki aurrezkia dibertsifikatzen ari direlako gertatu da hori. Entitateko gestoreen aholkularitza espezializatuaren laguntza izan dute bezeroek, inbertsioen arloan erabakiak hartzeko.
LABORAL Kutxaren gestio komertzialaren oinarrietako bat da, hain zuzen, aholkularitzak ematen duen balioa. Horren erakusgarri da MiFID II zuzentarauak ezarritako baldintzen betetze maila zorrotza. Gaur egun, LABORAL Kutxako 1.550 profesionalek dagokien ziurtagiria lortu dute, inbertsio-produktuei buruzko informazioa eta aholkua emateko.
Berankortasun txikia
Kreditu-zorroetan hazkundeak lortzea zaila den honetan, eta marjinak estutzen ari direnez, arriskua zorrozki gestionatu beharra dago aktiboen formalizazioak areagotuz emaitzak lortu ahal izateko. Alde horretatik, LABORAL Kutxaren bilakaera bikaina izan da. 2017an entitateak kreditu-zorroaren kalitatea hobetzea lortu du: zalantzazko aktiboek % 13,83an egin dute behera. Ondorioz, zalantzazkotzat jotako eragiketen eta kreditu-inbertsioaren saldo biziaren arteko erlazioak beherako joerari eutsi dio, eta % 5,09an kokatu da. Sektorearen batez bestekoa % 7,85ekoa da.
Kaudimen handia
LABORAL Kutxaren fondo propioen eta arriskuaren arabera haztatutako aktiboen arteko erlazioak sendotasuna ematen dio kreditu-kooperatibari. Kaudimen-terminoetan neurtutako sendotasun horri erreparatuta, lehiakideen artean entitatea puntako posizioetan dago. Fondo propioak indarrean den araudiaren arabera zehazten dira.
Familien eta enpresen inbertsioa
Joera-aldaketa nabaria da, eta kreditu berrien formalizazioak hazkunde esanguratsua izan du urtean zehar.
Urtean zehar formalizazioek goraka egin badute ere, bezeroen artean palanka-efektu alderantzikatuak jarraitzen du, baina oso arina da. Burututako amortizazioen erritmoak apur bat gainditu du emate berrien bolumena, eta LABORAL Kutxaren kreditu-inbertsioa 13.312 milioi eurokoa izan da joan den abenduaren 31n, 2016ko abenduan baino % 1 txikiagoa.
Bezeroen segmentu guztietan egin du gora finantzaketa-eskaerak. Familien esparruan, etxebizitza erosteko emandako hipoteka-kredituaren bolumena % 10,2 hazi da 2016ko datuekin alderatuta.