MONDRAGON, Euskaraldiarekin bat

MONDRAGON Korporazioko 60 kooperatiba baino gehiagok egin du bat Euskaraldiarekin eta era aktiboan landuko dute datozen hamabost egunetan 'ahobizi eta belarrizprest' ariketa masiboa, euskararen arnasgune 'biziak' bilakatuz.
Card image cap
MONDRAGONeko zentro korporatiboko langileak, Ahobizi batzuk, belarriprest beste asko.
2022/11/18

MONDRAGON Korporazioko kooperatibak urte luzez ari dira lanean euskararen erabilera indartzeko eta urrats asko eman dituzte euskararen normalizazioan. Euskal Herrian MONDRAGON erreferente da euskararen erabileran, eta adibide asko dira euskara bizi bizi eta egunerokoan dagoela Korporazioan eta korporazioko kooperatiba ezberdinetan, bai eguneroko bileratan, lan harremanetan edo eta kongresu eta foroetan.

Guztira, MONDRAGONeko 60 kooperatiba baino gehiagotan ari dira Euskaraldia modu aktiboan lantzen

Euskarak bide luzea egin du kooperatiba gehienetan, baina oraindik bada ibili beharreko tartea euskararen erabateko normalizaziorako eta Euskaraldia oso ekimen ederra da euskararen aldeko jarrera erakusteko. Guztira, MONDRAGONeko 60 kooperatiba baino gehiagotan ari dira Euskaraldia modu aktiboan lantzen.

  • 4.200 Ahobizi baino gehiago.
  • 1.460 Belarriprest baino gehiago.
  • 1.070 Arigune baino gehiago.

Eta numeroei erreparatuz gero, asko dira, milaka dira, MONDRAGONeko kooperatibetan Euskaraldiarekin bat egin dutenak eta ekimenari erabateko babesa erakutsi diotenak. Hala, 4.200 Ahobizi baino gehiago daude, 1.460 Belarriprest baino gehiago eta guztira 1.070 Arigune sortu dira, tartean TUlankideren erredakzio kontseilua.