Bost ardatzeko ultradoitasunezko Estatuko lehen mekanizazio-makina instalatu du Mondragon Unibertsitateak

Makinak doitasun mikrometrikoa du —merkatuko zehatzena—, eta gai da giza ile bat baino 100 bider ebaketa finagoak egiteko. Besteak beste, sektore espazialean eta industria elektronikoan, medikoan eta oftalmologikoan erabiltzen dira horrelako makinak.
Card image cap
Jingdiao GRU 100 makinaren ondoan, Patxi Aristimuño Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikertzailea.
2024/06/26

Ekainetik, Espainian den ultradoitasunezko lehen makina du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak bere instalazioetan. Horrenbestez, fakultatea lehen mailan kokatuko da ikerkuntzari, produktuen garapenari, enpresentzako zerbitzuei eta industria-mekanizazioko prestakuntzari dagokienez.

Besteak beste, sektore aeroespazialean eta industria elektronikoan, medikoan eta oftalmologikoan erabiltzen dira horrelako makinak, sektore horiek mikrometro-hamarrenetako doitasuna behar izaten baitute beren garapen eta berrikuntzetan.

Aplikazioak

Helburu hauek izango ditu ultradoitasunezko mekanizazio-zentroak: ikasleei doitasun handiko fresaketa-tekniketan trebatzen laguntzea, enpresei doitasun handiko mekanizazioak behar dituzten prozesu- eta produktu-prototipoak garatzen laguntzea, mikroeskalako fresaketa-prozesuaren gaitasunak ikertzea eta geometria konplexuen fresaketari lotutako beste ikerketa batzuk. Errendimendu handiko mekanizazio-lineako irakasle eta ikertzaileek eta fabrikazio mekanikoko ikasle eta bekadunek erabiliko dute makina.

Jingdiao GRU 100 modelokoa da, eta minutuko 32.000 birako abiadura hartzen du gehienez, hain zuzen ere doitasunezko mekanizazioaren beharrak betetzeko adinakoa. Leku txikia behar du, 3,7 m2 besterik ez, oso makina trinkoa baita.

Ikerketa orokorreko lanak egiteko ez ezik, enpresei proiektuak garatzen laguntzeko ere erabiliko da. Instalazioak aukera ematen du forma konplexuak dituzten piezak doitasun handiz ekoizteko, eta, piezen konplexutasunaren arabera, 3 ardatzez edo 5 ardatzez lan egin dezake.

GRU100 modeloak ikuskapen-sistema bat hartzen du barne, doitasunezko mekanizazioan makinaren, erreminten eta lan egiteko piezen egoera aztertzeko.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikertzailea den Patxi Aristimuñoren iritziz, lan egiteko modua da makinaren berritasunik handiena. «Pieza makinari lotu ondoren, hura neurtzea, orientatzea, fabrikatzea eta berriz neurtzea oso ziklo naturala da, eta, horri esker, doitasun handiko piezak lor daitezke automatikoki», adierazi du.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea