Hezkuntza dualaren gaineko aliantza baten buru izango da Mondragon Unibertsitatea Europak babestuta

Europako Batzordeak EU4DUAL (European Dual Studies University) Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Partzuergoa, Mondragon Unibertsitate buru duena, aukeratu du, beste lau proiektu europarren artean, Europako Unibertsitateak ekimena garatzeko.
Card image cap
2022/08/30

Helburua da Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzea, erronka globalak konpontzeko prestakuntza duala erabiliz.

Aurkeztutako 52 eskaeretatik, Europako Batzordeak lehendik zeuden 16 aliantza eta beste 4 berri hautatu ditu. Estatu kideetako eta Erasmus+ programari atxikitako beste herrialde batzuetako goi-mailako hezkuntzako 175 erakundek hartuko dute parte

Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Aliantzak hezkuntza dualean aitzindari diren Europako 9 unibertsitate ditu partaide: Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta) eta Koszalin University of Technology (Polonia). Guztiek ere munduko hezkuntza dualeko erakunde integraturik handiena ipini nahi dute martxan, arlo akademikoa eta enpresariala ezin hobeto uztartuz.

Goi-mailako hezkuntza-erakunde akademikoak dira guztiak, industrializazio-maila handiko eskualdeetan daude, eta konpromiso sendoa dute eskualde horietako enpresa-inguruneekin. Izan ere, beren hezkuntza-eredu kooperatibo edo dualak garatu dituzte haietan, non ikasleek ikastaldi praktikoak —enpresetan eta erakundeetan— eta ikastaldi akademikoak konbinatzen dituzten.

Mondragon Unibertsitateak gidatutako partzuergoarekin batera, beste 3 aliantza berri sortu dira; hona hemen partaideak: Extremadurako Unibertsitatea, EU GREEN (European Universities Alliance for Sustainability: Responsible GRowth, Inclusive Education and ENvironment); Oviedoko Unibertsitatea, INGENIUM (INGENIUM – European University), eta Almeriako Unibertsitatea, UNIgreen (The Green European University).

Aliantza osatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren laguntza izan zuten, sail horren Unibertsitatea-Enpresa II estrategiarekin bat.

Europako erronkei erantzunez

Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL aliantzaren helburua da prestakuntza duala erabiltzea Europako gizarte-erronkei aurre egiten laguntzeko, aliantzako unibertsitate guztiek esperientzia handia baitute horietan; hauek dira horietako erronka batzuk: klima-aldaketa, deskarbonizazioa, digitalizazioa eta zahartze osasuntsua.

EU4Dual aliantza ezagutzak sortzen saiatuko da, hezkuntzaren eta I+G+b jardueren bidez etorkizun jasangarriagoa lortzen eta gizartea eta enpresak arduraz garatzen laguntzeko. Horretarako, adituak prestatuko dituzte unibertsitateek, gai hauetan, besteak beste:

  • 5.0 industria. Horretan, gizakiek, makinek eta errealitate areagotuak gero eta hurbilago egingo dute lan, mundu interkonektatu batean.
  • Zahartze osasuntsua. Pertsonak ahalduntzea du helburu, bizimodu hobea izan dezaten, osasuna, nutrizioa eta teknologia hobeto konbinatuz.
  • Ekonomia berdea. Karbono gutxiko ekonomietarako eta baliabide eraginkorretarako trantsizioa babestea da xedea.

2025erako, helburu hauek ditu aliantzak:

  1. Lankidetza-mekanismo bat ezartzea, mugak gaindituz irakaskuntzan, ikerketan eta dibulgazioan lankidetzan aritzeko, gizarte-erronka handiak ardatz hartuta.
  2. Unibertsitate dualak eskaintzen dituen programarik gehienetan gutxienez erakundeko 2 kideren ikerketa-, irakaskuntza- edo praktika-jarduerak sartzen direla bermatzea.
  3. Mikroegiaztagirien baterako atari bat martxan jartzea, erronka handiekin lotutako garapen profesional jarraitua eskaintzeko.
  4. Ekosistema bat sortzea, helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak batera ikertzeko.
  5. Nazioz gaindiko lanean oinarritutako ikaskuntza-programa bat sortzea, tokiko eta nazioarteko enpresen laguntzarekin.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa