MONDRAGON Euskararen egunarekin

MONDRAGONen Euskara Batzordeak eraberrituta ekin dio ziklo estrategiko berriari, helburu hartuta kooperatibetan nagusiki euskaraz lan egitea eta lan eremuan euskara normalizatzen MONDRAGON erreferente izatea.
2021/12/03

Eta Euskararen eguna dela kontuan hartuz (#euskarareneguna2021), hitz labur bezain argietara ekarrita, egun Korporazioan zer dugun euskara, "zertarakoak" eta "zergatiak" azaltzen dira 2 minutuko bideoan. Ikus-entzunezko pieza korala da –Batzordeko kideek parte hartzen dute bertan–, euskarak Mondragonen duen papera modu erraz eta "sinpatikoan" azaltzen saiatuz.

Euskara Batzordea eraberrituta

2021-2024ko Plan Estrategikoa oinarri hartuta eraberritu da MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordea: dibisio bakoitzak bere euskara ordezkaria izendatu du. Batzordean, beraz, dibisio guztiak daude ordezkatuta:  Automozioa CHP, Automozioa CM, Ekipamendua, Eraikuntza, Industriarako Automatizazioa, Ulma Taldea, Ingeniaritza eta zerbitzuak, Jasokuntza, DanobatGroup, Osagaiak, Tresneria eta sistemak, Banaketa, Finantzak eta Ezagutza. 

Euskararen organo korporatibo horri dagozkio, besteak beste, euskara planaren norabidea zehaztea eta garatzea, hizkuntza irizpideak sustatzea, kanpo eskaera orokorrak aztertzea, dibisioen helburuei jarraipena egitea, organo korporatiboen (Batzorde Iraunkorra eta Kontseilu Orokorra) laguntzaile edo akuilu izatea, hobetzekoak identifikatzea eta bideratzea, eta euskararen normalizazioan eredu eta eragile izatea.

IMG_2276 (1).jpg
Euskara Batzordea Otaloran egindako azken saioan.

MONDRAGONen Euskara Batzordeari dagozkio, besteak beste, euskara planaren norabidea zehaztea eta garatzea, eta hizkuntza irizpideak sustatzea.

Dibisioei dagokienez, Plan Estrategikoan honako funtzio hauek egotzi zaizkie: Korporazioko Euskara Batzordearen eta kooperatiben arteko gune operatiboa izatea, eskaerak eta ekarpenak bideratzea Dibisiotik Batzordera eta alderantziz, Dibisioko euskara plana diseinatzea eta garatzea, gutxieneko praktikak ziurtatzea bere kooperatiba guztietan, hizkuntza irizpideak dibisioko kooperatibetan betearaztea eta euskara planak gehitzeko eragitea. 

2022 urterako helburuak

Datorren urterako zeregin nagusiak azaroaren 22an eginiko bileran zehaztu zituen Euskara Batzordeak. Dibisioetan gutxienez garatu beharrezkotzat jo dira 2021ean abiatutako azterlanak amaitzea (Politika Sozioenpresarialaren euskara adierazleak, GIHetan euskara, eta gizartean jokaera eragilea), Korporazioko Euskara Normalizatzeko Oinarriekiko 2020ko autoebaluaziotik abiatuta gogoeta egitea eta Hizkuntza Politika zehaztea, ikaslea ikasketa amaierako lanak euskaraz egitera bultzatzea, eta planik ez dutenengan eragitea eta euskara planak gehitzea.

Halaber, ezagutza partekatzeko ekainerako euskara foroa antolatzea aurreikusi da eta euskarari buruzko komunikazio kanalak zehaztea. 

Horiez gain, bestelako hainbat gai garatuko dira, hala nola, Iradokizun postontzia eta IAL euskaraz sariak kudeatzea, Nafarroako Batzordea laguntzea eta kanpo egitasmoetan parte hartzea.