“Zoriontsua izan behar zara daukazunarekin”

Mustapha Archouik Geslagunen taldeburu gisa egiten duen lana eta atletismoarekiko zaletasuna uztartzen ditu. Ausolan taldearekin enpresa lasterketak egiten ditu, beste hiru herrikiderekin batera, eta marka guztiak hausten ari dira. Zoriontsu da Euskadin.
Card image cap
2024/08/28

Musta 14 urte besterik ez zituela iritsi zen Kataluniara (Tortosa, Tarragona) Tinghirretik (Maroko), Atlas mendien oinarrian dagoen Marokoko ekialdeko hiri batetik. Burubelarri jarri zen eta hizkuntzak (gaztelania eta katalana) ikasteaz gain, eskola graduatua atera zuen; ondoren, tailer eskolan elektrizitate eta iturgintza ikasketak egin zituen. Bere lehen lana soldadura fabrika batean egin zuen, bere aitarekin batera, baina eraikuntzaren krisiak fabrika hondoratu zuen eta landa ingurunean lan egiteari ekin zioten. Eta halako batean Musta Eskoriatzan (Gipuzkoa) bizi zen osaba Ali bisitatzera joan zen Euskadiko lan egoera aztertzeko.

Eta aukerak sortu ziren?

Bai. Aretxabaletako egoitzan (GSR) lan egin nuen sasoi batez, hasieran denboraldika. Eta konturatu nintzen hemen lanerako aukera hobeak zeudela. Gero anaiak eta gurasoak etorri ziren.

Denok egiten duzue lan?

Bai. Mohamedek Aita Mennin, erizain laguntzaile; Fouad, autobus gidari; eta hirugarrena, Rachid, koadro elektrikoen muntaketa enpresa batean ibili da, baina utzi egin du profesionalki MMAn (borroka arte mistoak) aritu nahi duelako. Eta aita, Ausolanen, Geslagun- en.

Eta zu?

Ausolanen, duela sei urte. Lagun bati laneko elkarrizketa batera lagundu nion eta niri ere lana eskaini zidaten. Probatu nuen, gustatu zitzaidan, eta hemen jarraitzen dut, Geslagunen talde buru gisa, garbiketa unitatean. Eta Euskadi osoko fabriken garbiketaz arduratzen gara.

Pozik?

Bai, lan gogor samarra da, baina pozik nago, nire nagusiek oso ondo tratatzen naute.

Hurrengo urratsa kooperatibako bazkide egitea izango da…

Ea ba! (barreak). Mailaz igo izan naute, garbitzaile izatetik espezialista izatera, orain talde buru izatera… Baina ez dugu asko eskatuko. Familia, lana eta etxea ditut. Bizitza honetan daukazunarekin konformatu behar duzu eta zoriontsu izan.

mustapha 2.png

“Nire emazteari esker egin dezaket korrika”

Musta atleta bat da. 34 urte ditu, 1.80 neurtzen du, 68 kg pisatzen ditu. "66ra jaitsi nahi dut", diosku. Minutuko 40 pultsazio, egunero entrenatzen da eta asko zaintzen da. Ez du azukre ezta alkoholik hartzen, eta barazkiak, pasta, arraina, haragia eta arroza jaten ditu. "Oraindik gutxienez 6 lasterketa gehiago egingo ditut Ausolanekin".

Entrenatzeko denbora geratzen zaizu?

Atera egin behar da. Batzuetan gaueko 11:00etan irten naiz korrika egitera. Nire emazteari esker. Nire markak eta gainerakoak beti dira berari esker, beti egoten delako umeekin, lagundu egiten dit… Zure bikotea oso garrantzitsua da.

Hurrengo erronkak?

Zain nago noiz esango diguten hurrengo enpresa lasterketa Donostian jokatuko den eguna. Prest gaude.

Egunero entrenatzen duzu?

Bai. Ordubete, ordu eta erdi eta batzuetan bi ordu. Luzaketak, errodajea, gimnasioa… 16/18 km; igandeetan 22/24. Urkulu (Aretxabaletan) da nire zirkuiturik gogokoena.

Zenbat denboran egiten duzu buelta (6,6 km)?

20 min. Kilometroa 3:08ra.

Lesioak?

Juanikoteak sufritzen ditut pixka bat. Eta batzuetan muskulu bikia kargatu egiten zait.

Nola joan da Ramadana?

Oso ongi. Egunero aritu nintzen entrenatzen, errodaje luzeak egiten, eta pisua pixka bat jaistea lortu dut. Gorputza garbiago sentitzen dut.

“Zin dagizut, hemen geratuko naiz bizitza osorako”

Gustura Euskadin?

Bai. Eta ez da konplimendu bat. Jendeak esaten dit Belgikan gehiago kobratzen dela. Baliteke, baina hemen geratu nahi dut.

Zer gustatzen zaizu Euskaditik?

Gauza asko. Jendea, oso jatorra. Eta oso kirolariak. Paisaia. Lana. Espainian toki politak daude, baina nire gustukoena Euskadi da. Horregatik erosi nuen etxea hemen.

Zer moduz joan da integrazio prozesua?

Oso ondo, modu naturalean. Hemengo lagunak ditut. Arrasaten beste bat gehiago banintz bezala sentitzen naiz. Beste toki batzuetan bai, arrazakeria pixka bat sentitu dut, baina hemen Euskadin ez. Jendea irekiagoa da. Eta ezagutzen bazaituzte, are gehiago. Nire seme-alabek (Rayan eta Lina, 5 eta 3 urtekoak) Arizmendin ikasten dute, San Andresen. Hiru hizkuntza hitz egiten dituzte: euskara, berberera eta gaztelania. Bat ere ez primeran, noski. Nik euskaltegian euskara ikasi dut, eta ikasten jarraitu nahi dut. Orain etxean praktikatzen dut seme-alabekin. Aitak ere Ausolanen lan egiten du, Oñatin (Txintxurreta), eta urte eta erdi geratzen zaio erretiroa hartzeko. Eta nire emazteak (Houria) ere bai, garbiketa zerbitzuetan Arizmendi Ikastolan. Oso pozik eta eskertuta, egia esan.

Ramadana egin duzue martxoaren 11tik apirilaren 9ra. Lanarekin ondo bateratu duzue?

Bai. Dena hemen dago (buruari seinalatuz). Zeure buruari esaten diozu: "Gauera arte ez dut jango”, eta kito. Egia da, batzuetan ahul samar sentitzen zara, makal. Baina burua gorputza baino indartsuagoa da normalean. Eta hirugarren egunean ohitu egiten zara.

Zer eskatzen diozu bizitzari?

Osasuna eta bakea, guztiontzat.

Kolektibitateentzako sukaldaritza eta garbiketa zerbitzuak