IK4-IKERLAN saritu dute energi bihurketari buruzko munduko biltzar nagusian

IK4-IKERLANek onespen garrantzitsua lortu berri du energi bihurketako teknologietan egiten ari den ikerketari dagokionez, arlo horretan munduan egiten den topaketa nagusia den Energy Conversion Congress & Exposition (ECCE) 2013 biltzarrean, Denverren (AEB). Orain dela gutxi egin den ekitaldian, IK4-IKERLANek IEEE Transactions on Power Electronics aldizkari internazionalean argitaratutako bigarren paper onenaren saria jaso du (aldizkaria lehiaketa antolatzen duen Institute of Electrical and Electronics Engineers erakundeak argitaratzen du), eta ikasleen posterrik onenaren saria ere jaso du.
Card image cap
2013/10/15

Artikulu zientifikoak IK4-IKERLANeko Ion Etxeberria ikerlariak idatzi du, Abengoa Researcheko Pedro Rodríguez eta Kataluniako Unibertsitate Politekniko eta Aalborgeko Unibertsitateko IET zentroko beste ikerlari batzuekin lankidetzan, eta teknika berri bat proposatzen du energia berriztagarrien ustiategietako potentzi bihurgailuen funtzionamendua optimizatzeko.

Sare elektrikoan arazo bat gertatzen denean (esaterako, zirkuitulabur bat edo gabezia bat), ustiategi berriztagarriek funtzionatzen jarraitu behar dute, arazoa ez dadin larriagotu. ‘A Stationary Reference Frame Grid Synchronization System for Three-Phase Grid-Connected Power Converters Under Adverse Grid Conditions’ izenburuko artikuluan proposatutako teknikaren arabera, bihurgailuak sareak une bakoitzean duen potentziara egokitu daitezke, eta horrek deskonexioa galarazten du, sarean anomaliak gertatzen badira.

Horrez gain, halaber IK4-IKERLANeko ikerlariak diren Asier Garciak eta Irma Villarrek ere, Etxeberriarekin berarekin batera, eta Lausanako (Suitza) Eskola Politeknikoko Industria Elektronikako Laborategiko hainbat ikerlarirekin lankidetzan, biltzarreko ikasleen posterrik onenaren saria jaso zuten. Beren lanean potentziako elektronikako bihurgailu arinagoak eta eraginkorragoak lortzeko diseinu bat proposatu zuten, energia berriztagarrien eta tren bidezko garraioaren arloetan.

Ion Etxeberriaren hitzetan, “potentziako elektronikaren arloan urtean egiten den biltzarrik garrantzitsuenean sari hauek jasotzea oso bultzada handia da IK4-IKERLANen egiten den ikerketarako”

Ikerketa zentro teknologikoa