Mondragon Unibertsitateak ‘EKITEN’ ekintzailetza sariak banatu ditu

Guztira 34 proiektu aurkeztu dira, lau kategoria desberdinetan banatuta. Horietatik 5 Latinoamerikako unibertsitateetako ikasleek landutakoak izan dira.
Card image cap
Saridunak eta EKITEN programan kolaboratzen duten erakundeetako ordezkariak.
2018/06/25

Ostiralean, ekainak 22, banatu zituzten Ekiten ekintzailetza-programaren enpresa-proiektu onenen sariak Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko campusean.

Lehiaketaren bidez, Mondragon Unibertsitateko eta Latinoamerikako Mondragon unibertsitate-sareko ikasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatu nahi da, eta enpresa bat sortu edo negozio berri bat martxan jartzea posible dela ikusarazi.

Edizio honetan lau kategoria izan dira eta guztira 34 proiektuk hartu dute parte, horietatik 5 Latinoamerikako Mondragon unibertsitate-sareko ikasleek landutakoak. Kolonbiako Unipanamericana Unibertsitatea eta Querétaroko Mondragon México Unibertsitatea dira sare horretako partaideak.  Nekane Errasti Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile akademikoak, Inma Ramos Gaztenpresako arduradunak, Agurtzane Diaz eta Agurtzane Etxaniz Landaola landa-garapeneko elkarteen federazioko ordezkariek eta Mikel Orobengoa Kimu Berriko arduradunak banatu dituzte sariak.

Sariketaren kategorien artean daude Enpresa Ideia Berriak, Gaztenpresak babestua; Landa Ingurunea Garatzeko Ideiak eta Proiektuak, Landaola Gipuzkoako landa-garapeneko elkarteen federazioak babestua; eta Pertsonen Eguneroko Bizitza Errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileak, Kimu Berrik babestua. Hiru kategoria horiek Mondragon Unibertsitateko ikasleentzat dira. Gainera, Latinoamerikako proiektuen kategoria dago, Mondragon unibertsitate-sareak Latinoamerikan dituen unibertsitateetako ikasleei zuzendua: Mondragon México (Mexiko – Querétaro) eta Unipanamericana (Kolonbia - Bogota).

Premios EKITEN-MU

Kategoria bakoitzeko talde irabazleak 1.000 euro eskuratu ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500na euro. Programako epaimahaiak proiektu bideragarrienak eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak aintzat hartu ditu irabazleak aukeratzean, eta baita ideiaren originaltasuna ere. Era berean, jendearen iritzia ere hartu dute kontuan, proiektu bakoitzari buruz argitaratutako bideoek jaso dituzten “atsegin dut” oniritziak zenbatuta.

Lehiaketan guztira 34 proiektuk hartu dute parte. Hain zuzen, 21 proiektu aurkeztu dituzte Enpresa Ideia Berrien kategoriara, 5 Landa Garapenekora, 10 Eguneroko Bizitza Errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileen kategoriara eta 5 Mondragon unibertsitate-sarearenera.  Guztira 34 proiektu ezberdin izan dira, batzuk kategoria batera baino gehiagotara aurkeztu baitituzte.

Premios EKITEN-MU

Kategoria bakoitzeko onenak

Enpresa Ideia Berriak

Zustatic izeneko proiektuak eskuratu du lehen saria, 1.000 eurokoa, Enpresa Ideia Berrien kategorian. Sentsoreak dituzten barne-zola horiei esker, profesionalek denbora errealean jasotzen dituzte pazienteen oinkadei eta ibilkerari/korrika egiteko moduari buruzko datuak. Eneko Bermejo, Gorka Ramirez eta Daniel Perez dira proiektuko partaideak, Sistema Txertatuetako masterreko ikasleak.

Bigarren saria Daphkit proiektuak jaso du; laboreek eta laborantza-lurrek izan dezaketen toxikotasuna azkar eta erraz antzemateko kita da. Hirugarren saria Intelligent Surf ekimenarentzat izan da; surf-taula adimenduna da proiektuaren ardatza, eta horri esker surflariek teknika hobetu dezakete, datu kuantitatiboak eta objektiboak biltzen baititu.

Landa Garapena 

 “Gazta-sektoreko azpiproduktuekin egindako garagardoa” egitasmoak eskuratu du lehenengo saria Landa Garapenerako Ideiak eta Proiektuak kategorian. Esne-gazura oinarri hartuta artisau erako edariak egiten dituen garagardotegia da. Gazura gaztandegietan sortzen duten azpiproduktua da, eta nutrizio-balio handikoa bada ere, bota egiten da eta kutsadura-arazo larriak sortzen ditu ingurumenean. Paula Toran, Ignacio de Tomas, Fatima Goiri eta Devin Uy Gastronomia Zientzietako masterreko ikasleak dira proiektua landu duten taldekideak.

Bigarren saria BerrizEcotourism egitasmoarentzat izan da. Bizitzeko eta turismoa egiteko modu berria, zirkularra. Birziklatutako materialekin egindako aire libreko kanpina da, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta daudenak berrerabiltzeko diseinatua. Ez da banatu hirugarren saririk.

Pertsonen eguneroko bizitza errazteko produktuak edo prozesuak

Pertsonen bizitza errazteko proiektuen kategorian Sharik enpresa izan da irabazlea. Indian lan egiten duen enpresa soziala da, eta identitate-eskubidea bermatzea helburu duen jaiotza-erregistroa proposatzen du, sistema malgua, inklusiboa eta globala. Silvia Sanchez, Maria Braco, Gorka Madariaga eta Sara Anton Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko ikasleak dira egitasmoko partaideak.

Bigarren saria haur-kotxe elektrikoaren proiektuak eraman du.  Haur-kotxe elektrikoak bateria batekin funtzionatuko du, eta, horrela, bultza egiteko ohi baino indar gutxiago egin beharko da.

Hirugarren saria Sign Talk proiektuarentzat izan da. Gizarteak gero eta garrantzi handiagoa ematen dio aniztasun funtzionala duten pertsonei gizarteratzeko bitartekoak eskaintzeari. SignTalk proiektuaren oinarria sentsoredun eskularrua da; bluetooth teknologiaren bidez, eskuaren mugimenduari buruzko datuak transmititzen ditu smartphonera. Keinuak ezagutzeko sistema adimenduna ostatatua duen zerbitzariarekin konektatuta, aplikazioak itzulpena egingo du.

Premios EKITEN-MU

Mondragon unibertsitate-sarea

Eta Mondragon unibertsitate-sarearen kategorian Mobility Safe enpresak eskuratu du lehen saria. Geokokatzeko sistema duen APP horrek aukera ematen die txirrindulariei mapan sartu eta inguruetan lapurtutako bizikletaren bat ote dagoen jakiteko. Horrela, berehala ohartarazi dezakete gertuan duten poliziaren bat. Julio Cesar Agudelo, Cristian Camilo Gonzalez, Wilmer Armando Guerrero eta John Alexander Molina Telekomunikazioetako Ingeniaritzako ikasleek landu dute proiektua.

Bigarren saria AppVoc proiektuak irabazi du. Unibertsitateetako eskola-uzte tasa jaisten laguntzeko tresna da. Proba psikoteknikoen bidez, ikasleei gustuko duten lanbidea aukeratzen lagunduko die.

Ez da banatu hirugarren saririk. 

Finalista izan diren enpresen zerrenda

Enpresa Ideia Berriak

1.- Zustatic

2.- Daphkit

3.- Intelligent Surf

Landa Garapena

1.- Gazta-sektoreko azpiproduktuekin egindako garagardoa

2.- BerrizEcotourism

3.- Ez da sariturik izan

Pertsonen Eguneroko Bizitza Errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileak

1.- Sharik

2.- Haur-kotxe elektrikoa

3.- Sign Talk 

Mondragon Unibertsitatearen Sarea

1.- Mobility Safe

2.- App Voc

3.- Ez da sariturik izan

Irakaskuntza unibertsitate zentroa