Bitor Mendigurenek jaso du asmatzaile onenari GALBAHE Saria

“World IP Day” ospakizunaren baitan gaztediaren garrantzia azpimarratzen den honetan, Bitor Mendiguren izan da asmatzaile onenari GALBAHE Saria jaso duena, gaztediarentzako eredu eta inspirazio iturri izan daitekeelakoan.
Card image cap
Ismael Igartua, Galbaianeko zuzendariaren eskutik jaso du saria.
2022/04/28

Jabetza Industrial eta Intelektualaren (IP – “Intellectual Property”) nazioarteko eguna dela eta,Galbaianek hitzaldi presentziala antolatu du Garaia Parke Teknologikoko auditorioan, IPaz eztabaidatzeko eta GALBAHE Saria emateko. Aurtengo jardunaldia berezia izan da, GALBAIANen hamargarren urteurrena ospatzeko aprobetxatu nahi izan dute eta.

Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeak (WIPO – “World Intellectual Property Organization”) aurtengorako aukeratutako gaiaren ildotik, “IP eta gaztedia: etorkizun hobe baterako berritzen”, gazteei eman zaie ahotsa, baina esperientziaren ahotsa ere entzun da.

Luxuzko zortzi hizlariren eskutik, gaztetasuna eta eskarmentua lau testuingurutatik hurbildu dira IPra: startup-ak, enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak.

Startup-en mundutik gaia jorratu dutenak Manex Darceles, ekintzailea eta MIRU Studio startupeko zuzendari nagusia, eta Joseba Sagastigordia, MONDRAGON Sustapen Zentroko zuzendaria, izan dira. Enpresa munduaren ordezkari BATZ Group izan da, automobilgintzaren sektorerako produktu eta zerbitzuen hornitzaile globala. Gaztetasunak Egoitz Goikuria berrikuntza ingeniari eta Aeroespazioko Enpresa Koordinatzailearen ahotan hitz egin du, eta eskarmentua erakunde honetako IP kudeatzailea den Aitor Bustillok jarri du.

Enpresaren munduak zentro teknologikoen munduari bide eman dio IKERLANen eskutik, David Cubillas, Egiturazko Fidagarritasuneko Doktoregaiaren eta Juan Manuel Pagalday, zentroko IP kudeatzailearen parte hartzearekin. Azkenik, unibertsitate esparrutik, Egoitz Goikoetxea ekintzaileak eta GURA startup-eko zuzendari nagusiak eta Laida San Sebastian Mondragon Unibertsitateko Ekintzailetza Koordinatzaileak egin dute beraien ekarpena.

Hizlari gazteek aitortu dute IPari dagokionez, eszeptizismotik eta ezjakintasunetik beraien proiektuentzako duen garrantziaz oso kontziente izatera pasatu direla.

Eskarmentuaren ahotsek baieztatu dute azken urteotan asko aurreratu dela arlo honetan, baina asko dagoela egiteko oraindik. Inpresio orokorra da behar baino askoz gutxiago babesten dela, neurri handi batean IP kultura faltagatik. Zentzu honetan, unibertsitateetan IP prestakuntza txertatzeko beharra nabarmendu da, profesional berriak lan-merkatuan sartzerako orduan ala ekintzailetzari ekiterako orduan aktibo ukiezinen babesari eta kudeaketari dagokionez zentzuz jokatzeko beharrezko ezagutza izan dezaten.

Aurkezpen ezberdinen eta parte hartzaileen artean sortutako elkarrizketaren ostean, Bitor Mendigurenek asmatzaile onenaren GALBAHE Saria jaso du. Momentu hunkigarria izan da, eta Bitorrek saria eskertu du, aurretik gazteenek erakutsitako energia eta gogo bizi bera transmitituz.

Azkenik, jardunaldian parte hartutako guztiek GALBAIANen hamargarren urteurrena ospatu dugu luntx bat partekatuz, aukera GALBAHE Sariaren irabazlearekin eta hizlariekin solasteko baliatuz.

IMG_6690-2-scaled.jpeg

Bitor Mendigurenek jaso du asmatzaile onenari GALBAHE Saria

Bitorrek Bilboko Ingeniari Eskolan ikasi zuen eta, ikasketak bukatu bezain laster, beka bat medio Munichera joan zen. Ondoren erregulazio elektronikoko sistematan mundu mailako lider zen enpresa batean egin zuen lan hiru urtez. 70eko hamarkadaren hasieran,  Euskal Herrira itzuli eta hiru bazkiderekin batera Ingeteam-en ernamuina izan zen enpresa sortu zuen. Ingeteam enpresaren bazkide sortzailea da beraz. Ingeteam 50 urte bete berri dituen energia elektrikoaren konbertsioan espezializatutako nazioarteko enpresa teknologikoa da. 

Ingeteam-en bere onena ematen bizitza oso bat igaro ondoren eta bertan erreferente bilakatu ondoren, lana egiteari uzteko eskubidea irabazia zeukanean, proiektu anbiziotsu bat jarri zuen martxan: berak asmatutako tamaina handiko itsasontzi disruptibo baten merkaturatzea. Patente europar baten bitartez dago babestua bere asmakuntza, eta Japonia, Txina, Hego Korea eta Errusian ere lortu du patentea. 

Nor hobe, Bitor baino, etorkizun hobeago baterako berrikuntzek planteatzen dituzten erronkei energiaz, zorroztasunez, kuriositatez eta sormenez aurre egiten duen asmatzailea sinbolizatzeko.  

Jabetza intelektuala