Osartenek aitortza jaso zuen Nazioarteko Segurtasun eta Lan-Osasunaren V. Kongresuan

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak eman zioten amaiera ofiziala Segurtasun eta Lan-Osasunaren V. kongresuari. Urkulluk adierazi zuenez "osasuna eskubidea da eta edozein gaixotasun laboral, istripu eta bereziki hildako, porrot itzela".
Card image cap
Argazkian, eskumatik ezkerrera, seigarren eta zazpigarren, hurrenez hurren, Lourdes Iscar, Osalaneko zuzendaria; eta Marisa Seco, Osarten-eko laborategiko zuzendaria.
2023/04/28

Segurtasun eta Lan-Osasunaren Nazioarteko egunean gogorarazi nahi da enpresen lehiakortasunerako aukera bikaina dela osasun eskubidea. Lan segurtasuna eta osasuna izan dira, hain justu ere, oraingo astean aldizkari eta egunkari askotako portada, izan ere, arlo horretako bosgarren nazioarteko kongresua egin da Bilbon, eta Osarten-ek parte-hartze esanguratsua izan du.

Kongresua apirilaren 24an eta 25ean egin da Euskalduna Jauregian, Bilbon. Bertan segurtasun eta lan-osasunaren arloan urtean zehar landutako esperientziak partekatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, eta azken nobedadeen inguruan ideia eta ezagutzak konpartitzeko. Hitzordua garrantzitsua da eta bertan Osartenen, MONDRAGONen kooperatibaren, parte-hartzea aipagarria izan da.

Apirilaren 24an Igor Lopez eta Martin Silva Osarteneko aholkulariek parte hartu zuten 'kultura prebentiboa hezkuntzan' izeneko mahai inguruan. Egun horretan, Marisa Seco, Osarteneko laborategiko zuzendariak, hitzaldia eskaini zuen. Apirilaren 25ean, berriz, Natxo Ranz Osarteneko ergonomoak mahai inguru batean parte hartu zuen, eta Zigor Artamendi Osarteneko zuzendariak beste mahai inguru batean esku hartu zuen, 'Prebentzio zerbitzuak: helburuak eta prebentzio profesionalen akzioak' izenburupean. 

Amaiera ekitaldia Lehendakariarekin

Amaiera ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuen euskal gizartearentzat segurtasun eta lan-osasunaren arloa oso garrantzitsua dela eta horrexegatik etengabe ikastea eta neurriak hartzea asko baloratzen dela gure herrialdean, "horri esker istripu ugari eta hildakoak ekidin ahal izan ditugu" adierazi zuen.

Kongresuaren itxiera ekitaldian, gainera, aipamenak eta sariak banatu ziren. Horietako bat Osarteneko Marisa Secok eskuratu zuen, berak eskainitako hitzaldiagatik. 

Segurtasun eta Lan-Osasunaren Nazioarteko Eguna

Osartenek gogorarazi nahi izan du gaur ospatzen dela mundu osoan Segurtasun eta Lan-Osasunaren Nazioarteko Eguna. "Urteko gainerako 364 egunekin batera, gaurkoa egutegian egun garrantzitsua da enpresa, erakunde eta pertsonentzat kultura prebentiboa sustatzen jarraitzeko eta osasun eta segurtasuna bermatzeko lanean tinko egiteko. Osartenetik pertsona eta profesional horiek guztiak zoriondu nahi ditugu, egunero-egunero hobetzeko eta aipatu arloan aurrera pausoak emateko egiten duten lanagatik. Zorionak!".

Lan arriskuen prebentziorako zerbitzu komuna