‘Euskal Camper premium’-a sortu da, hamar enpresen arteko lankidetzaren ondorioz

Alegria-activity buru duen proiektuak beste enpresa eta zentro teknologiko batzuen parte-hartzea izan du. Partzuergoan parte hartzen duten enpresen artean Maier kooperatiba dago.
Card image cap
2021/08/12

Automobilgintzaren euskal sektoreak Smart Comfort Platform 4.0 proiektuarekin lankidetzan aritzeko eta berritzeko gaitasuna erakutsi du berriro.

Ekimen horrek hiru urteko elkarlana behar izan du hamar enpresen artean, eta dagoeneko lortu du bere emaitza: lehen ‘euskal camper premium’-a.

Proiektu honek material aurreratuak eta jasangarriak garatu ditu, bai eta ekipamendu adimenduna ere, premium ibilgailuen plataformen barruko erosotasunera bideratutako funtzio pertsonalizatuak lortzeko. Horren ondorioz, izen propioa duten bi furgoneta modelo sortu dira: ‘maite’ Sprinter modeloaren bilakaera kanperizatua da, eta ‘aiala’ Mercedesen Gasteizko lantegian egindako V. klasean oinarritzen da. Lehenengoa merkaturatzen hasi dira, eta bigarrena laster jarriko dute salgai.

Alegria-activity enpresa gasteiztarrak gidatu du proiektuaren partzuergoa, eta harekin batera egon dira Ekide Group, Obekinematics powered by Hettich, Industrias Químicas Irurena, Maier, Optimus 3D, Rotobasque eta Segula Technologies, baita Cidetec eta Vicomtech zentro teknologikoak ere, biak Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, eta Adigest-Incotec.

I+G proiektu hau Eusko Jaurlaritzak (Hazitek programak), Arabako Foru Aldundiak (Álava Innova programak) eta Europako EGEF funtsek finantzatzen dute. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Estibaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea izan dira.

Smart Comfort Platform 4.0 proiektuak bi ibilgailuen barruan prestazio handiko produktu berriak sortzeko furgonetak ‘kustomizatzea’ ahalbidetu du. Zehazki, partzuergoak honako lan hauek egin ditu: kabinan eta aurreko panelean entretenimenduko elementuak sartu ditu; isolamendu akustikoa eta termikoa duten sabaia eta gela-bereizgailuak gehitu dira, ahalik eta pribatutasun handiena bermatzeko; eta barruan bulego-giroa sortzea ahalbidetzen duten ateak eta eserlekuak sartu dira.

Alegria-activity enpresak gidatutako proiektuak hainbat alderdi landu ditu, besteak beste, “enpresen lehiakortasun-posizioa hobetzea, beren sektoreetan lider gisa kokatuz, diseinu eta errealitate birtualeko teknologia berriak, konektibitatea, prozesu adimendunak eta gainazaleko tratamenduak industria mailan ezartzeaz gain”, azaldu dute Smart Comfort Platform 4.0 proiektuko arduradunek. “Proiektu honek euskal ekonomian bultzada bat eragitea espero da, enplegua, produktu berriak eta negozio ildoak sortzea”, gaineratu dute.

Artikulo originala: https://www.spri.eus/berrikuntza-komunikazioa/euskal-camper-premium-a-sortu-da-hamar-enpresen-arteko-lankidetzaren-ondorioz/

Erreferentea Automoziorako dekorazioan eta piezen konplexutasun funtzionalean.