“Azal modernoagoa dugun arren, esentzia gordetzen dugu: enpresetara teknologia transferitzeko grina”

“Azal modernoagoa dugun arren, esentzia gordetzen dugu: enpresetara teknologia transferitzeko grina”

Ion Etxeberria, Ikerlaneko zuzendari nagusiarekin izan gara. Bere bulegoan hartu gaitu eta patxadaz hitz egin dugu berarekin, askotariko aspektuak sakonean aztertuz.
2021/07/20

Noiztik Ikerlanen? Zein izan da ibilbidea?

1994 urtean hasi nintzen Ikerlanen, ingeniaritza ikasten ari nintzela, lana eta ikasketak partekatuta. Ondoren, Frantzian jarraitu nituen ikasketak eta bueltatu nintzenean, doktoretza amaituta, Ikerlanera bueltatu nintzen. Ordutik, 2005etik gaur egunera, ikertzaile bezala aritu izan naiz arlo teknologikoan; 2008tik aurrera arloko arduradun gisa; 2014an Unitate eta Pertsonen arloko zuzendari bezala. Eta 2019tik orain arte, Pertsonen eta Marketinaren zuzendaria izan naiz.

Egia esan, zorte handia izan dut, Ikerlan barru-barrutik ezagutzeko aukera izan dudalako. Arlo desberdinetan aritu izan naiz eta uste dut aurrerantzean alderdi horrek asko lagunduko didala, planteatzen diren erronkei aurre egiteko.

Teknologia bizi dugu

Nola aldatu da Ikerlan urte hauetan?

Asko aldatu da eta, era berean, oso gutxi. Hau da, nahiz eta kanpoko azala aldatu, gure nortasuna urteotan bizirik mantendu da, barruko esentzia.

Teknologiaren garapena eta hori lantzeko erabiltzen ditugun tresnak erabat aldatu dira, esate baterako. Enpresaren tamaina ere bikoiztu egin da, egun 360 pertsonek osatzen dugu lantaldea. Baina, badira beste gauza batzuk ez direnak aldatu, hala nola, teknologia bizitzeko dugun modua, enpresetara teknologia transferitzeko grina, bezeroekiko dugun orientazioa, lan giroa eta taldearen kohesioa, proiektuak lantzeko modua…

Nolabait esateko, azal modernoagoa dugun arren, benetako esentzia gordetzen dugu. Zentzu honetan, modu berezian eskertu nahi nuke orain arte zuzendari nagusi izan den Marcelino Caballerok egin duen lana eta ahalegina, nortasuna zainduz garapena etengabe bultzatzeko.

 Ion Etxeberria-3.jpg

Eta nolako Ikerlan hartzen duzu orain, zuzendari nagusi bezala?

Ikerlan oso momentu onean dago. Teknologiarekin lotuta bizi gara eta etengabeko eraldaketa bizi dugu, eta horren ondorioz, azpimarratuko nuke Ikerlan enpresa sendoa dela, teknologikoki aurreratua, enpresekin ondo konektatua eta dinamikoa.

2024 bitarteko Plan Estrategikoa garatzeko, zein dira erronka nagusiak?

Lehenik eta behin esango nuke 2024 urtea berezia dela, 50 urte beteko ditugulako. Ez da bakarrik data bat, baizik eta urtemuga horretara iritsi nahi dugu proiektua sendotuz jarraituta. Hau da, ez dugu nahi zinta bat mozteko ekitaldia antolatu bakarrik, baizik eta 2024a Ikerlan balioan jartzeko urtea izatea nahi dugu.

Lerro estrategiko desberdinak definitu ditugu. Lehenik eta behin, enpresetara transferitzen dugun teknologia sendotzen jarraitzea. Horixe da gure eginkizuna, horretarako sortu ginen eta horixe da gure helburua: teknologia garatzen jarraitu, enpresen eskura jarri, hauek  lehiakorragoak izan ahal izateko.

Horrez gain, hori guztia lortzeko pertsona onenak behar ditugu, talentua erakarri behar dugu Ikerlanera, eta bertan gauden pertsona guztion garapena sendotu eta zaindu behar dugu.

Eta teknologiari dagokionez, gure espezializazioa sendotzen jarraitu behar dugu, enpresetara transferitzeko eta hauetan erabilgarriak izan dadin.

Nolanahi ere, Ikerlanen gizarteari begira egiten dugu lan, gizartea eraldatzeko elementu garrantzitsua garela uste dugu eta horregatik beste erakundeekin ere harreman estua dugu, elkarrekin helburuak lortzea errazagoa baita.

Hurbiletik eta motzean

 Ion Etxeberria-1.jpg

Nola azalduko zenioke Ikerlan ezagutzen ez duen pertsona bati, zer egiten duzuen?

Esango nioke Ikerlanen teknologoak garela. Hau da, teknologian adituak, arlo desberdinetan, batik bat, ekonomia eta gizarterako garrantzitsuak diren arloetan. Nolabait esplikatzeko, enpresek guregana jotzen dute euren zerbitzuak eta produktuak berritu edota hobetu behar dituztelako eta horretarako teknologia berria garatu behar dutelako. Erronka horri erantzuteko gugan jartzen dute konfiantza, eta horrela gure teknologia aplikatuz hobetzen dute aipatutako zerbitzuak eta produktuak, eta ondorioz, lehiakorragoak izatea lortzen dute.

Zer eskaintzen die Ikerlanek MONDRAGONeko kooperatibei?

Gure enpresek teknologia behar dute eta Ikerlanek teknologia eskaintzen du. Baina hori ez da nahikoa! Izan ere, teknologia hori euren produktuetan aplikagarria izatea ere ezinbestekoa da. Horixe da guk eskaintzen diegun balio erantsia: profesionaltasuna proiektu zehatza garatzeko orduan. Eta horrez gain, Ikerlanek gertutasuna eskaintzen du, gu ere MONDRAGON garelako. Bertatik sortu ginen, behar teknologikoei erantzuna emateko, eta urte hauetan lortu dugu elkar ezagutzea eta ulertzea.  

Kooperatiba izaera, non eta nola ikusten da Ikerlanen?

Bigarren mailako kooperatiba gara, eta ez da kasualitatea. 70. hamarkadan sortu ginen, etorkizunera begira teknologiak izango zuen garrantziaz jabetuta. Kooperatiba desberdinetatik bultzatu zen Ikerlanen sorrera, Eskola Politeknikoak eta Laboral Kutxak lagunduta. Horregatik gara bigarren mailako kooperatiba, bertako profesional adituez gain, enpresek ere parte hartzen dutelako, bazkide bezala, Ikerlanen.

Zentzu horretan, kooperatibismoa modu naturalean bizi dugu. Bereziak garen heinean, enpresekin bizi gara, beraiekin hezi gara eta elkarrekin garatzen gara.

Orain arte Pertsonen arloa zuzendu duzu. Nolakoa da Ikerlaneko lan taldea?

Ikerlanen modu berezian zaindu eta landu den arloa da pertsonena. Gure profesionalak gustura lan egitea, behar den bezala garatzea, funtsezkoa da. Gainera, ahalegin berezia egiten dugu profesional onenak erakartzeko eta ondoren garatu eta errotzeko baldintzarik onenak eskaintzen.

Zentzu honetan, gure profesionalek bereziki bi aspektu goraipatzen dituzte: lan giroa, eta proiektuen garrantzia eta erakargarritasuna.

Gure lan taldearen profila honela definitu genezake: teknologia bizi duten pertsonak eta ikerketarekin gozatzen duten pertsonak.