LKS Nextek Afi STA enpresa madrildarraren gehiengoa erosi du

LKS Next aholkularitza-taldeak Afi Servicios Tecnológico Avanzados (STA) enpresa madrildarra erosi du, administrazio publikoen digitalizazioaren alde egindako apustuaren baitan.
Card image cap
Ricardo del Corte (LKS Next GobTecheko zuzendaria), Borja Foncillas (Afiko presidentea), Elena Zarraga (LKS Nexteko zuzendari nagusia) eta Juan Brea (Afi STAko zuzendaria)
2023/09/06

LKS Next talde teknologikoak Afi STA enpresa madrildarraren gehiengoa erosi du. Taldearen LKS Next GobTech saila Administrazio Publikoko eraldaketa teknologikoaz arduratzen da, eta Afi STA gehitu du negozio unitatera, sektore publikoan zerbitzu teknologiak eskaintzen dituen enpresa, hain zuzen.

Zehazki, IKT arloan dago espezializatuta Madrilgo enpresa. Duela hamar urte sortu zen eta Espainiako Gai Ekonomiko eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioa, Estatuko Abokatutza eta Presidentzia Ministerioa izan ditu bezero, besteak beste, baita ekonomia zirkularrean sektore pribatuko beste hainbat enpresa ere.

LKS Next GobTech aurtengo urtarrilean eratutako negozio unitatea da. Ricardo del Corte buru duelarik, erosketa honi esker, Madrilen duen presentzia areagotu nahi izan dute. Modu honetara, LKS Nextek bost enpresa teknologiko gehitu ditu taldera azken sei urteotan: MCC Telecom, Secureit, Zamundi, I3S eta Afi STA.

Halaber, taldearen arabera, azken erosketa honekin, 2023an hamar milioi euro fakturatzea aurreikusten du LKS Next GobTechek, taldearen fakturazioa %15ean gaindituz. Hala, taldeak, Osakidetza, IZFE edota Lanbide bezalako erakundeak ditu bazkide Euskal Herrian. Elena Zarraga, taldeko zuzendari nagusiaren ahotan, erosketa honek argi utzi du LKS Nextek espainiar estatuan indartzeko egin duen saiakera, eta era berean, Madrilen taldeak lortu duen egonkortasuna azpimarratu du, “gure profesionalen %15 Madrilen ari dira lanean egun”.

Irtenbide profesionalak.