Diplomen banaketarekin amaitu da Patente Aditua Enpresan ikastaroaren XI. edizioa

Joan den apirilaren 19an ekin zioten kurtsoari, eta, bederatzi saiotan zehar, patente mundua negozio ikuspegitik ezagutzen aritu dira.
Card image cap
Patente Aditua Enpresan ikastaroaren XI. edizioko parte hartzaile eta antolatzaileak.
2024/06/14

Amaitu da Patente Aditua Enpresan ikastaroaren XI. edizioa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan. Guztira, 11 ikaslek jaso dute diploma Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari orokorraren eskutik.

Aurrez, bertaratutakoek lau hitzaldi entzuteko aukera izan dute, tartean, Idoia Apraiz Galbaianeko jabetza industrialeko agentearena, Iñigo Irizar Horizon Europe programako berrikuntzako coacharena eta Eneko Izquierdo Ulma Packagingeko adimen lehiakorreko arduradunarena.

Patenteak, negozio ikuspegitik

Joan den apirilaren 19an ekin zioten ikastaroaren hamaikagarren edizioari, eta, bederatzi saiotan zehar, patente mundua negozio ikuspegitik ezagutzen aritu dira. Izan ere, Ismael Igartua Galbaianko eta Patente Aditua Enpresan ikastaroko zuzendariaren arabera, patenteekiko ezagutza oso oinarrizkoa da, edo bestela ikuspuntu juridikoa nagusitzen da: “Helburua da parte hartzaileek barneratzea patenteek eta, oro har, jabetza industrial eta intelektualak zentzua daukatela baldin eta erankundearentzako balioa sortzen badute”. Hala, ikasleek patenteen alderdi praktikoena ezagutzeko aukera izan dute.

SPRIEnterprise Europe Network, Innobasque eta BRTA erakundeek babestutako ikastaroa da, 2010az geroztik 160 profesional formatu dituena, izan kooperatiba alorrekoak zein Euskal Autonomia Erkidegoko beste enpresa batzuetakoak. Eta datorren urteko udazkenean ere edizio berri bati ekingo diotela aurreratu du Igartuak, bere hitzetan oraindik badagoelako beharra: “Gaur egungo ekonomian, berrikuntzak ez dauka zentzurik ez badugu behar bezala babesten”.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Jabetza intelektuala