Kooperatiben gizarte ekarpena
Kooperatiben erresilientzia ahalmena handiagoa da.
Krisi testuinguruko bilakaera aztertu dugu gure lanean eta, bertan nabarmentzen denez, kooperatibek hobeto eusten diete jarduerari eta enpleguari. Jarduerari erreparatuz, 2008 eta 2014 bitartean EAEko enpresen %13,7 desagertu ziren. Sozietate Mugatuen %9 itxi ziren, eta Sozietate Anonimoen artean, berriz, %28 desagertu ziren. Kooperatiba kopurua, aldiz, ia %18 igo zen epe berean.
Enpleguak ere antzeko joera erakusten du. Kooperatibek, 2008-2014ko epean enpleguaren %6 galdu arren, EAEko enplegu orokorrak eta beste enpresa ereduek baino bilakaera hobea erakusten dute: EAEko enplegu orokorraren galera %9,5 ingurukoa izan zen eta Sozietate Anonimoek lanpostuen %20,5 galdu zituzten.
Badirudi eredu kooperatiboan badirela balio edo faktore batzuk berrikuntzarako joera hori indartzen dutenak. Eta esango nuke lotura baduela kooperatiben ezaugarri den bokazio sozialarekin.
Berrikuntza jarduerekiko joera nabarmenagoa erakusten dute kooperatibek.
Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak argitaratzen duen Ekonomia Sozialaren Estatistikak txostenak erakusten duenez, 2012-2014ko aldian, kooperatiben %25,8k berrikuntzarekin loturiko jarduerak garatu zituzten, EAEko enpresena baino ehuneko handiagoa (%17). Kooperatibek berrikuntzarako duten joera hori Orkestraren Lehiakortasunaren txostenean ere berretsi egiten da: 2013ko datuek adierazten dutenez, kooperatibek berrikuntza jarduerak garatzen dituzten enpresen artean portzentajea handiagoa erakutsi ez ezik, ahalegin handiagoa ere egiten dute berrikuntza gastuan, barne baliabide gehiago bideratzen dituzte berrikuntza jarduerak garatzeko, enpresen arteko lankidetza handiagoa dute berrikuntza prozesuetan, eta adierazle hobeak erakusten dituzte, oro har, berrikuntza teknologikoan zein ez-teknologikoan.
Kooperatiben berrikuntzarako joera Eustatek argitaratzen dituen I+G estatistiketan ere nabarmentzen da. Ehun kooperatibatik hamarrek I+G jarduerak garatzen dituzte, eta ratioa Sozietate Anonimoek (8,5) eta Sozietate Mugatuek (2,02) erakusten dutena baino handiagoa da. Halaber, kooperatibek 2014an batez beste 828 mila euro bideratu zituzten I+G jarduerak garatzeko, Sozietate Anonimoek (633,9 mila euro) eta Sozietate Mugatuek (284 mila euro) bideraturikoa baina kopuru handiagoa.
Kooperatiben ekarpena nabarmenagoa da ekonomiaren segmentu estrategikoetan.
Kooperatibismoak Euskadiko distribuzioaren eta bankaren sektoreetan duen presentzia gutxietsi gabe, industria ehunean duen garrantziak egiten du bereziagoa euskal kooperatibagintza. 2008-2014ko bilakaeran euskal kooperatibismoaren nola halako zerbitzu sektorearen aldeko joera ikusten baldin bada ere, industriaren espezializazio erlatiboa agerikoa da oraindik. Datuek erakusten dutenez, kooperatibismoak lurraldeko ekonomiari egiten dion ekarpena handiagoa da industriaren sektorean. Horrela, 2014an, kooperatibak enpresa ehunaren %1 baino ez baziren ere, EAEko enpleguaren %5,3ren jabe ziren eta industria alorreko enpleguaren ia %11ra iritsi ziren.
Baina kooperatiben garrantzia are handiagoa da begirada lurraldeko trakzio enpresetan pausatuz gero. Honela, Eustat-ek argitaratzen dituen manufaktura industriako datuen arabera, enpresen tamaina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta nabarmenagoa da kooperatiben presentzia, ondoko datu esanguratsu honetara iritsi arte: 500 langiletik gorako manufaktura industriako enpresa guztien ia herena kooperatibak dira Euskadiko lurraldean.
Euskal ekonomiaren erronkak eta kooperatiben ekarpena
Aipatu ditugun datu horiek kooperatiben jokabide desberdindu baten berri ematen digute. Oro har, krisiaren testuinguruan gainerako enpresa ereduek baino jokaera hobea erakusten dute: hobeto eutsi diete enpleguari eta jarduerari; eta inguruneko baldintza konplexuetara egokitzeko unean, berrikuntzaren eta baita esportazioen datuek ere erakusten duten gisan, joera egokiagoa erakusten dute. Ildo honetan, bereziki nabarmentzekoa dirudi kooperatibek agertzen duten berrikuntzarako berezko joerak. Gure lanean aztertu dugunez, krisi ekonomikoaren aldian ere, kooperatibek ez diote berrikuntza inbertsioak egiteari utzi. Deigarria da, gainera, krisi aroan kooperatiben emaitza ekonomikoak ez direla gainontzeko enpresak baino hobeak izan, eta finantza aktiboen kasuan balantzea kaskarragoa zela, oro har.
Badirudi eredu kooperatiboan badirela balio edo faktore batzuk berrikuntzarako joera hori indartzen dutenak. Eta esango nuke lotura baduela kooperatiben ezaugarri den bokazio sozialarekin. Izan ere, egungo ekonomiaren baldintzetan, berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren aldeko hautua modu bakarra da balio erantsia handitu eta, beraz, kooperatiben bideragarritasuna bermatzeko, etorkizuneko belaunaldiei kooperatiba sendoak lagatzeko, eta enplegu kooperatiboaren kantitateari zein kualitateari eusteko.
Industriako enpresa nagusien artean duten garrantzia aintzat harturik, kooperatibismoari rol garrantzitsua dagokio euskal ekonomiak bizi duen ataka berriaren aurrean.
Ezaugarri hauek garrantzitsuak dira euskal ekonomiak bizi duen ataka berriaren aurrean. Azterlanean jasotzen dugunez, Europako eskualde aurreratuenak goi teknologiako manufaktura industriaren aldeko hautu indartsua egiten ari dira, Asiako erraldoien lehiakortasunari aurre egin eta balio erantsiko enpleguak sortzeko. Datuen argazkipean irudi luke euskal ekonomia bidegurutze moduko baten aurrean dagoela, nolabaiteko erdibide batean, lehiakide berrien presiopean eta Europako herrialde aurreratuenen dinamismoari jarraitzeko estutasunekin.
Duela 60 urte, Mondragoneko lehen kooperatibak gure herriak bizi zuen bidegurutze antzeko bati erantzunez sortu ziren. Garai hartako erregimen frankistak eskaintzen zizkien abantailekin konforme, berrikuntza teknikoetan eta enpresen garapen teknologikoan axolagabe aritzen zen enpresari-klasearekin kritiko agertzen ziren kooperatiben bultzatzaileak. Kapitalaren utzikeria horren ondorioz gure herria «mundu modernoaren punta-puntako garapenik gabeko testuinguru orokor batean» zegoela iritzita, Arizmendiarretaren ustez langileei zegokien, kooperatiben bidez, urrats bat aurrera egin eta «garapen indartsu baten alde» «gure herriaren egoera ekonomikoari alternatiba bat» bilatzea.
Kooperatibek ahalmen berritzailez hornitzen dute euskal enpresa ehuna, hobeto eusten diote lanari eta jarduerari, eta baldintza duinagoetan, gainera. Garapen eredu iraunkor eta orekatua oinarri lukeen estrategia garatzeko, zorioneko anomalia interesgarri hau badu behintzat gure herriak