Kiwiak eta bonboiak ekonomia jasangarria sustatzeko

Lea Artibai Ikastetxeko Elikagaien Teknologia arloak, Derioko Nekazaritza eskolak eta Leioa, Artxanda eta Galdakaoko ostalaritza eskoletako ikasle eta irakasleek Ekonomia Jasangarrian oinarritutako proiektu bati ekingo diote elkarlanean urtarrilean zehar.
Card image cap
2018/01/23

Tknika-ko Garapen Jasangarriko alorrak bultzatu du proiektua eta helburu bikoitza da. Batetik, ikastetxe ezberdinen arteko harremanak sustatzea lortu nahi da, sarean lan eginez ikastetxeen arteko sinergiak sortu eta aprobetxatzeko. Beste helburuari dagokionez, aldiz, ekonomia zirkularraren alorreko esperientzia pilotua martxan jartzea litzateke, etorkizunean elkarlan sendoen kimu bezala baliatzeko proiektua bera, beti ere elikaduraren garrantzia kontuan hartuta.  

Proiektu honen barruan, bi elikagai prestatuko dira Lea Artibai Ikastetxean Elikagaien Industriako Prozesuak eta Kalitatea goi mailako zikloko ikasleekin batera.

Prestatuko diren elikagaietako bat, Derioko Nekazaritza Eskolatik jasotako kiwi freskoak izango dira, Lea Artibai Ikastetxean liofilizatuko -izoztuz deshidratatu- direnak. Bigarrena, ostera, 3D inprimagailu batekin egindako txokolatezko bonboiak.

Lea Artibai Ikastetxean ekoiztutako produktuez gain, Leioa, Artxanda eta Galdakaoko ostalaritza eskoletako ikasleek ekonomia jasangarrian oinarritutako menu bat osatuko dute, Nekazaritza Eskoletatik zuzenean jasotako sasoiko produktu freskoez baliatuz. Urtarrilaren 22ko aste honetan dastatu ahal izango da menua, hiru ostalaritza eskoletan.

Proiektu honi esker, ikastetxe ezberdinetako irakasle eta ikasleak elkarlanean arituko dira egindako lana elkarri aurkeztuz. Gainera, kasuan kasu, landutako prozesuen nondik norakoak aurkezteko elkar bisitatzea dago aurreikusita. Elkarrengandik ikasi eta ekonomia jasangarria elikadurarekin uztartzeko balio izango du erronka honek. 

Irakaskuntza teknikoa