Hitzarmena sinatu dute Mundukidek eta Cearako Gobernuak, Brasilen

Iragan azaroan Mundukide Fundazioak eta Cearako Gobernuak kooperazio teknikorako hitzarmena izenpetu zuten Brasilgo Fortaleza hirian.
Card image cap
2017/12/22

Nekazaritza garapeneko idazkari den Francisco Jose Teixeira eta Mundukideko zuzendari den Josu Urrutia Beristain ekitaldiaren protagonista izan ziren, estatu entzunaretoa goraino betetzen zuten 200 pertsona baino gehiago bertan zirela.

Foto acuerdo ceara

Hitzarmena bost urtean egongo da indarrean eta erakunde bien jardute eremuetan garatuko da, bereziki Ceara Estatuko familia nekazaritzako elkarte eta kooperatibetan kooperatibismoa garatzeari dagokionez. Dokumentuan jasotzen diren modalitateen artean, aipatzekoak dira teknologien transferentzia, trukeak, trebakuntzak, mintegiak, konferentziak, sinposioak, programak eta ikasketa planak oro har. 

Brasilen Mundukideko koordinatzaile den Jose Luis Lejardiren ustez, Cearako Gobernuaren eta Mundukideren arteko elkarketa euskal fundazioaren jardunaren gorengo maila da Brasilen, lehenengo aldia baita Mundukidek estatu erakunde batekin zuzenean lan egiten duena. “Gure egitekoa da elkarteen eta kooperatiben jarduna arlo guztietan sinplifikatu eta hobetzeko gai izango den kudeaketa eredu bat garatzea, hasi produkziotik eta komertzializazioraino”, adierazi du Lejardik.

Etorkizuneko pausuak

Ceara Estatuko Nekazaritza Garapenaren Idazkaritzaren eta Mundukideren arteko kooperazio hitzarmenak aukera ematen dio Mundukideri estatu gobernua Mundu Bankuaren finantzaketarekin gauzatzen ari den San Jose Proiektuko lanetan parte hartzeko. Mundukide ACACE enpresarekin eta Lurrik gabeko Nekazarien Mugimenduarekin (MST) ari da lankidetzan Ceara Estatuan. Idazkaritzak eginiko balantzearen arabera, proiektuak baditu 102 kontratu, R $ 40.054.477,89ko balioan mugimendu sozialari lotutako elkarte eta kooperatibekin adostuta, non landa inguruneko 2.275 familia sartzen baitira. 

MSTko estatu buruzagia den Ricardo Cassunderen arabera: “Hitzarmena izenpetzeak garrantzi handia dauka zeren eta, nekazaritzaren alorrean esperientzia handiko erakundea izateaz gain, Mundukide indarra batzera baitator San Jose proiektu barruan nekazaritza asentamenduetara bideratutako produkzio kateetan”.

Mundukide Brasilen

Mundukideren Brasilgo jarduera Parana estatuan hasi zen, 2008an, Cantuquiriguaçu programaren bitartez, MSTren eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) lankidetzarekin. HUHEZI hezkuntza arloko berrikuntzan, komunikazioan eta kooperatibismoan espezializatuta dago. Emaitzen artean, aipatzekoa da Kudeaketa Plan baten inplementazioa eta 20 ikasleren prestakuntza, kooperatibak kudeatzeko teknologiaren inguruan.

Gaur egun Mundukide Fundazioak beste estatu batzuetan ere badihardu, hala nola Sergipe estatuan, mugimenduko kooperatibentzako aholkularitza programez osatzen den ikastaro informal bat lantzen, 40 ikaslerentzat, kooperatiben kudeaketari buruz; eta Rio Grande do Sulen, Porto Alegre eskualdean asentatutako langileen kooperatibei (COOTAP) eta nekazaritza eta abeltzaintza produkzioko Nova Santa Rita kooperatibari (COOPAN) laguntza teknikoa emanez.