Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
"Talentua, berrikuntza eta ekintzailetza dira Mondragon Unibertsitatearen bereizgarriak"
25. urteurreneko ospakizunak amaitutakoan, orainean eta etorkizunik hurbilenean ipini du fokua Unibertsitateak. Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak nabarmendu duenez, Euskadiko enpresen lehiakortasuna ahalik eta gehien handitzea da helburua, eta, horretarako, ikerkuntza eta transferentzia, profesionalen prestakuntza eta ekintzailetza eraginkortasunez uztartzea.
Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu du ofizialki ikasturtea. Lehendakariak hitza hartu aurretik, joan den ikasturteko memoria akademikoa azaldu du Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak, eta hitzaldia eskaini du Sain Milena López Pérez Enpresagintza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak. Era berean, ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza-sailburua, Javier Oleaga Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta politikaren nahiz irakaskuntzaren arloko beste agintari batzuk; besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Denis Itxaso Madrilgo Gobernuaren ordezkaria, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Javier Oleaga Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta Iñigo Ucín, MONDRAGONeko lehendakaria.
Berrikuntza, lehiatzeko gakoa
Agintariei ikasturtearen hasierako ekitaldira etorri izana eskertu ondoren, ekitaldiaren garrantzia aipatuz hasi du Mondragon Unibertsitateko errektoreak hitzaldia; izan ere, ekitaldi horretan berresten du urtero Unibertsitateak goi-mailako hezkuntzarekiko konpromisoa, bai ikasleei eta bai gizartea osoari dagokienez. Nabarmendu duenez, Unibertsitateak bere DNAn darama gizarte-eraldaketarekiko konpromisoa. Sorreratik landu du ildo hori, arrakastaz gainera, eta horren erakusgarri da Unibertsitateak egoitza duen eskualdeetan langabezia-tasa txikiagoak dituztela eta aberastasunaren banaketa orekatuagoa dela. «Horrek erakusten duenez, kooperatibismoak eta unibertsitate kooperatiboak onura sozial eta ekonomiko asko ekar diezazkiokete gizarteari; horregatik, beste eskualde batzuetara hedatu gara», adierazi du.
«Gure erronka jarduera berriak sortzea da, talentua ahaztu gabe. Izan ere, talenturik gabe, ekintzailetzarik gabe, egun aurrera daramatzagun jarduerak eraldatu gabe, zaila izango da lehiakor izaten jarraitzea. Talentua, berrikuntza eta ekintzailetza dira eta izango dira Mondragon Unibertsitatearen bereizgarriak, ziur nago», azpimarratu du errektoreak. Ikasturte berriarekin atzean geratuko dira 2022-2023koan egindako Unibertsitatearen 25. urteurreneko ospakizunak. «Mende laurden honetako lorpenak etorkizunera begiratzeko baliatu behar ditugu, eta gure hobetzeko grina sustatzeko; horretarako, etorkizunean eragingarriak izango diren proiektu berriak jarri ditu martxan Unibertsitateak», erantsi du.
Horien artean daude Unibertsitateari hazten eta Euskadin zein nazioartean posizio nabarmena izaten lagunduko dioten proiektu estrategikoak. Azpimarragarriak dira, besteak beste, hauek: eraldaketa digitaleko prozesua, ikasleei Unibertsitatearen zerbitzu guztiak formatu digitalean eta pertzepzio digitalarekin eskaintzea xede duena; ikus-entzunezkoen euskal sektorearen berrikuntza eta ekintzailetza sustatzea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Aretxabaletako campusean eskaintzen den prestakuntzaren bidez; gastronomian berrikuntzako eta ekintzailetzako jarduerak bultzatzea, Basque Culinary Centerren GOe ekimenaren bidez, adibidez; Enpresagintza Fakultateak Madrilen eta Bartzelonan dituen ekintzailetza-laborategiak eraldatzea, ekintzailetzaren ekosistema osoa garatzeko, eta, azkenik, ikasturte honetan Hirekin abian jartzea, industria-berrikuntzarako eta -ekintzailetzarako zentroa, industria eraldatzea lortzeko.
Jaurlaritzarekin lankideetza
Lehendakariak, bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzaren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetza eraginkorra nabarmendu du, partekatzen dituzten lau helburu estrategikoak azpimarratuz: unibertsitateak eta pertsonak trebatzea bikaintasunean aurrera egiteko; beste unibertsitate eta eragile batzuekin lankidetzan aritzea ekosistemak konektatzeko; Unibertsitate Sistema nazioartera zabaltzea nazioarteko sare eta programen bidez; eta gizartean eragina izatea kualifikazio handiko talentua sortzearen, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren bidez.
Urkulluk azaldu duenez, Euskadik elkarrizketarako eta akordiorako eredu propioa du Jaurlaritzaren eta unibertsitateen artean, eta eredu horretan, esparru bakoitza, eragile bakoitza eta pertsona bakoitza ezinbesteko parte dira. "Gure lana, erakunde guztiena, akordio, lankidetza, berrikuntza eta pertsonen garapenerako bide hori babestea da", adierazi du.
Hala, azpimarratu du erakundeek unibertsitate lehiakorragoa, gaituagoa, berritzaileagoa eta iragazkorragoa bultzatzen dutela, "bai titulazioen oinarrian bai bizitza osoan prestakuntza-eskaintza zabalagoa eskainiko duena. Ikasleak bere prestakuntza-ibilbidean eta etorkizuneko garapenean erantzukizun handiagoa izan dezan sustatzea. Euskadin errotuta dagoen eta mundura irekita dagoen unibertsitatea bultzatzea".
Etengabeko aldaketan murgilduta dagoen gizarte honetan, Iñigo Urkulluk errealitate berri horri erantzun egokiak bilatzeko eta emateko beharra planteatu du, "dinamikoak izatera eta ikerketa eta berrikuntza gure ikuspegiaren erdigunean jartzera behartzen gaitu. Enpresa eta eragileekiko lankidetzan ausartagoak izanez".
2022-2023 ikasturteko memoria
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2022-2023 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du. Mondragon Unibertsitateak graduko 18 titulu (11 dualak) —horietako bat oso berritzailea: Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa—, 20 master ofizial (horietatik 11 eredu dualean) eta 4 doktorego-programa eman zituela nabarmendu du.
2022-2023 ikasturteko matrikulazioei buruzko azterketa baten arabera, 6.712 ikaslek eman zuten izena, aurreko ikasturtean baino % 6 gehiagok, eta graduondoko ikasleen kopurua gehituz gero, 7.458 ikasle egon dira guztira MUn matrikulatuta.
Ikasleen mugikortasunari dagokionez, 1.970 ikasle egon dira atzerrian ikasten eta 634 ikasle etorri dira Mondragon Unibertsitateak Euskadin dituen fakultateetara. Nazioartekotzea sustatzeko estrategiaren barruan, MEI-Mondragon Internacional proiektua sendotu egin dela erakusten dute datuek: Mondragon México Unibertsitateak 10. urteurrena bete du eta Latinoamerikako 35 ikasle etorri dira master-ikasketak egitera.
2022-2023 ikasturteko lorpenei erreparatuta, honako hauek nabarmendu dira: Mondragon Unibertsitatea da EU4DUAL (European Dual Studies University) Europako programaren buru; energia eolikoaren sektorea eraldatu eta hobetzeko xedea duen eta Europan erreferentea den erdi-tentsioko laborategi berria inauguratu da; Hirekin berrikuntza- eta ekintzailetza-zentroaren lehen harria jarri da (lanak ikasturte honetan bukatuko dituzte); hezkuntzaren eremuan STEM, Mydigicoop eta Apha proiektuak sustatu dira, eta GOe – Gastronomy Open Ecosystem proiektua gauzatu da, ikerkuntzan, berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarritutako ekosistema gastronomikoa sortzeko helburua duen zentroa.
Ikerkuntzaren eta transferentziaren eremuan ere, Unibertsitateak lan garrantzitsua egin du 2022‑2023 ikasturtean, arlo horretako 575 proiektu garatu baititu. Nolanahi ere, 1.515 ikaslek egin dute gradu-amaierako proiektua, eta beste 3.699 praktiketan egon dira enpresetan eta beste zentro batzuetan. Profesionalen prestakuntzari dagokionez, joan den ikasturtean 8.695 langilek egin zuten Unibertsitateko ikastaro, master edo tituluren bat, aurreko ikasturtean baino % 4 gehiagok.
Aurten, Mondragon Unibertsitateak 2.300 ikasle berri hartuko ditu titulazio ofizialetan, eta, guztira, 6.850 ikasle matrikulatu dira 2023-2024 ikasturterako.