Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseilua Japonian bilduko da
Yoshihiro Narisawa (Japonia) izango da topaketaren anfitrioia. Japoniako gastronomiaren ikuspegi delikatu eta poetikoaren ordezkari da, eta Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko eta Basque Culinary World Prizeko epaimahaiko kide da. Gastronomiaren alderdi batzuk eta besteak kontuan hartuta, gogoetak eta ikuspegiak trukatuko dituzte think tank horretan, zeinak protagonista izango baititu Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko kide diren ospe handiko zenbait sukaldari, hala nola Joan Roca Kontseiluko lehendakaria, Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Michel Bras (Frantzia), Trine Hahnemann (Danimarka), Gastón Acurio (Peru), Pía León (Peru), Josh Niland (Australia), Manu Buffara (Brasil) eta Narda Lepes (Argentina), eta ThiTid Tassanakajohn (Ton) bezalako chef ezagunak ere.
Lurralde gutxi izan dira gai Japoniak bezala hunkitzeko, eragiteko eta inspiratzeko; izan ere, arrastoa uzten duten, helmuga berriak finkatzen dituzten eta mugak gainditzen dituzten hainbat tradizio, jakintza eta ikuspegiren sorlekua da.
Gastronomiaren ikuspegi tradizionala eta garaikidea proposamen abangoardistekin uztartzen ditu, lurraldea eta, are gehiago, produktua, teknikak, kultura eta gizartea ere ardatz hartuz. Gastronomia garatzen lagunduko duten trukeak sustatzeko gogotik eta miresmenetik abiatuta, Tokio eta Toyama hirietara joango da aurten Basque Culinary Center, nazioarteko sukaldaritza garaikideko zenbait sukaldari garrantzitsurekin batera, ezagutza landatzeko, hura eztabaidaz ongarritzeko eta uzta gisa etorkizuneko apustu partekatuak biltzeko.
Japoniako kulturak gastronomiaren esparru guztietako profesionalen lana ezagutzera ematea lortu du; izan ere, janaritegi naturalekin elkarreraginean aritzeko modu berezia du, antzinako teknikak erabiltzen ditu, jasangarritasuna eta behin-behinekotasuna bezalako kontzeptuak bereganatu ditu, antzinako tradizioak jakinduria handiz babesten ditu, eta gaitasun handia du berrikuntza eta teknologia iraultzeko. Basque Culinary Center buru izango duen goi-mailako hausnarketa-gailur honetan, sektorearen erronkei eta aukerei helduko zaie, tradizioak abiapuntu hartuta. “Traditions in motion” ekitaldiak zenbait gako partekatuko ditu, gastronomia etengabe aldatzen ari den izate dinamiko gisa ikusteko; izan ere, gastronomiak beregan biltzen ditu etengabe eboluzionatzen ari diren joerak, sormena eta berrikuntza ulertzeko erak, lurraldea interpretatzeko moduak, beste kultura eta identitateekin eta publiko berriekin solasean jarduteko eta elikatzeko erak.
Gizarteen, tradizioen, perspektiben, mahaiko errituen eta gastronomiari lotutako eraldaketen arteko topaketa horretan, hainbat jarduera egingo dira hiru egunez, hala nola kontseiluaren bilera, Basque Culinary World Prizeren irabazlearen hautaketa eta proiektu eta jatetxe entzutetsuetarako bisitak. Ekainaren 7an amaituko da, hausnarketa-jardunaldi batekin. Jardunaldi horretan, aztertuko dute zer dinamizazio-gaitasun dituen gastronomiak, inspirazio-iturri berriak ezinbestekoak diren garaiotan, jakinik adierazpide berriak eta bestelako moldeak behar direla egungo aldaketak integratzeko, hala nola ingurumenarekin loturikoak, ekonomikoak eta kulturalak.
“Traditions in motion” ekitaldiak jakin-mina, kontzientzia, ikaskuntza eta bestelako irakurketak sortuko ditu jendearengan, eta inspirazio-iturri izango da gastronomian ekarpenak egiteko gogoz murgiltzen direnentzat, kulturen arteko elkarrizketarekin, talentu-topaketarekin eta sukaldaritza bizitzeko modu desberdinekin gozatuz, eta gaur egungo munduko gizarte-eraldaketen irismena eta eragina aintzat hartuz.
Ekitaldi horretan, gastronomia sektore estrategiko gisa bultzatzeko gogoetak eta ikuspegiak partekatuko dituzte gastronomiaren ekosistemako lehen mailako zenbait eragilek. Tradizioek denboran zehar eta alderdi hauen eraginpean nola eboluzionatzen duten sakon aztertuko da ekitaldian: lan-eredu berriak, gizarte- eta teknologia-aldaketak, berrikuntzak, elikaduraren bestelako ikuspegiak eta, jakina, eraldatze-egoera berriak.
Joan Roca Nazioarteko Kontseiluko lehendakariak dioenez, “gastronomian lan egiten duen edonorentzat, Japonia inspirazio-iturri bikaina da beti. Mundu guztiak ikasten du hartatik: haren tradizioetatik, tekniketatik, kulturatik, planetan zehar barreiaturiko japoniarrengandik, errepikatzearen artetik, xehetasunak zaintzetik, erritualetatik eta ileak tente jartzen dizkiguten ohituretatik. 2022an Gironan bildu ondoren, aurten pozgarri izan zait jakitea Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseilua Tokion bilduko dela, Yoshihiro Narisawaren eskutik. Hitzordu horrek hausnarketa eta elkarrizketarako gune bat eskainiko du, sektore gastronomikoaren tradizioei buruz gogoeta egin eta etorkizunari begira jartzeko”.
Anfitrioiari dagokionez, Yoshihiro Narisawak hau adierazi du: “Oso pozik eta ohoratua sentitzen naiz Japoniatik planetako herri guztietara bihotzezko mezu bat bidaltzeko aukera dudalako, mundu osoko sukaldarien izenean. Japoniako zein Asia osoko sukaldariekin batera, Lurraren etorkizuna babesteko zer egin dezakegun pentsatu eta ekintzara pasatu nahi nuke. Ongietorri beroa egingo diegu Euskal Herriko sukaldari apartei eta lagunei, Japoniara etor daitezen. Tradizioari dagokionez, sakearen eta artisautza tradizionalaren etengabeko bilakaera ezagutuko du Nazioarteko Kontseiluak, eta guztiok primeran pasatzea espero dut.”
Bestalde, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, hau nabarmendu du: “Sukaldari berritzaile eta ekintzaileen talde nabarmen batek osatzen du Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseilua, eta hasiera-hasieratik lagundu digu, ikuspegi eta ideia berriak emanez. Beste behin ere, nazioarteko gastronomiako sukaldari ospetsuen talde hau gastronomiak eskaintzen dituen erronka eta aukerei buruz gogoeta egin eta ideiak partekatzeko bilduko da, eta Japonian bilduko da. Lurralde hori tradizioen eta jakintza eta ikuspegi gastronomiko handien sorlekua da, eta gastronomia ulertzeko eta eboluzionatzeko moduetan sakonduko dugu han. Hala, azpimarratuko dugu sukaldaritza eta tradizioak gizartea eraldatzeko tresna baliotsua izan daitezkeela.”
2023an, Basque Culinary Centerrek Nazioarteko Kontseiluaren hamahirugarren urteko bilera egingo du testuinguru aparteko batean. Hala, jarraipena emango zaie aurretik hamarkada batean baino luzaroagoan New Yorken, Liman, Mexiko Hirian, Modenan, San Frantziskon, Gironan eta erreferentziazko beste jomuga gastronomiko batzuetan eginiko bilerek eta ekitaldiek; jardunaldi horietan, jasangarritasuna, biodibertsitatea eta gastronomia-sektorearen eraldaketa izan dira hizpide, diziplinarteko ikuspegi batetik.
Basque Culinary World Prizeko epaimahaiaren beste bilera bat ere izango da ekitaldian, eta, beraz, sari horren zortzigarren edizioaren irabazlea hautatuko da. Sari horrek gastronomiak duen eraldatzeko indarraren aldeko apustua egiten jarraitzen du, sukaldetik inpaktu sozialak eragiten dituzten sukaldarien istorio inspiratzaileen bidez.
Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortutako saria da, eta prentsak “Gastronomiaren Nobel saritzat” du; nazioartean ospe handia duten akademiko eta adituen laguntza du.
Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseilua munduko sukaldari gailen eta garrantzitsuenetako batzuek osatzen dute. Haren lana Basque Culinary Centerri lan estrategikoetan aholku ematea eta erakundeari gaur egungo ikuspegia ematea da, sektoreak planetaren txoko guztietan bizi dituen errealitateak konektatzeko eta proiektu bakar eta global honetan katalizatzeko. Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko kideen konpromisoak eta aholkularitza-lanak nazioarteko ikuspegia ematen dio, eta esperientzia du zutoin.
Programa, laguntza eta edukien inguruko informazioa www.tokyo2023.bculinary.com webgunean eguneratuko da, eta parte hartzen duten erakundeen sare sozialetan jakinaraziko dira.