MiFID II zuzentaraua betetzeko akreditazioa du LABORAL Kutxak

LABORAL Kutxako 1.551 profesionalek dagokien ziurtagiria lortu dute inbertsio-produktuei buruzko informazioa edo aholkua emateko.
Card image cap
2018/02/07

ABORAL Kutxak zorrotz bete du Finantza Tresnen Merkatuari buruzko europar zuzentarau berria —MiFID II—. Araudi hori joan den urtarrilaren 3an sartu zen indarrean.

LABORAL Kutxak aspalditik eskaintzen die informazioa eta aholkularitza bere bezeroei. Horretarako, haien inbertsio-ahalmena eta -esperientzia aztertzen ditu, baita inbertsio-helburuak eta arrisku-maila ere. 

CNMVren 4/2017 Gida Teknikoan ezarritako irizpideak betez, entitateko Langile Adierazgarri ia guztiek —% 98k—, hau da, MiFID II zuzentarauaren eraginpean daudenek, prestakuntza-prozesua osatu dute dagoeneko; hortaz, kreditu-kooperatibaren egungo edo balizko bezeroei informazioa edo aholkua emateko trebatuta daude. Guztira, LABORAL Kutxako 1.551 profesionalek dute jada euren jarduera profesionala betetzeko araudi berriak eskatutako ziurtagiria.
Europako Erkidegoko zuzenbideko arau-xedapena da MiFID II. Europar Batasuneko estatu kide guztiak lotesten ditu, eta joan den abenduaren 29ko Errege Lege Dekretuaren bidez egokitu zen partzialki Espainiako zuzenbidera. Dekretu horrek Europako Zuzentarauaren alderdi batzuk jasotzen ditu, batez ere merkatuaren eta kontratazio-sistemen funtzionamenduari dagozkionak, baita zehapen-araubide berriak ere. Horren guztiaren helburua da gardentasun, babes eta lehia handiagoa bermatzea inbertsio-zerbitzu eta -produktuetan.

CNMVk baliozkotutako bi ziurtagiri
Arauak eragindako betebeharrak eta LABORAL Kutxaren errealitatea uztartu zituen azterketatik abiatuta, 2017ko martxoan prestakuntza-prozesu zorrotzari ekin genion, MiFID II araudiak eragindako bi eskakizun-mailak —informazio-maila eta aholkularitza-maila—beteko zituzten bi ziurtagiriak martxan jarriz:

  • Finantza Informazioko Espezialista Ikastaroa (90 ordu), informazioa ematen duten langileei zuzendua, bezeroek inbertsio-produktu eta -zerbitzuei buruzko informazio argia eta adierazgarria jasoko dutela bermatzeko.
  • Finantza Aholkularitzako Aditua Unibertsitate Titulua (150 ordu), inbertsioei buruzko informazioa ez ezik, aholkularitza ere ematen duten langileei zuzendua, bezeroei unean-unean eskaintzen zaizkien produktuak haien beharretarako eta inbertsio-helburuetarako egokienak direla bermatzeko.

Joan den urtarrilaren 18an, CNMVren 4/2017 Gida Teknikoaren 8. atalaren eskakizunak betetzen dituzten Titulu eta Ziurtagirien Zerrendan sartu zituzten aipatutako bi prestakuntza-programak. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean diseinatu eta gauzatu dira edukiak; ikasmaterialak, berriz, kasu errealak eta entitatearen katalogoko produktuak izan dira.


Entitatearen eta bertako langileen konpromisoa
Beraz, MiFID II zuzentarauaren helburuak bat datoz entitatearekin, eta horiek ezartzeak ez dio berritasun handirik ekarriko gestioari.
Datu esanguratsu batzuek agerian jarri dute entitateak eta bere langileek zenbaterainoko konpromisoa duten gardentasun-helburuekin eta bezeroen babesarekin. Hala, adibidez, prestakuntza-plan gehientsuena lanorduetan burutu da, eta 482 langilek Finantza Informazioko Ikastaroa besterik egin behar ez bazuten ere, haietatik 362k goragoko mailako ziurtagiria lortzea aukeratu dute, hau da, aholkularitza-zereginak betetzeko balio duen titulazioa. Orobat, derrigortuta egon ez arren, 200 lagunek euren borondatez erabaki dute ziurtagiria ateratzea.
Etorkizunari begira, 2018rako prestakuntza-planak plantillaren etengabeko birziklatzea aurreikusten du, baita arauak behartzen ez duen plantillaren zati batek ziurtagiria ateratzea ere. Batez ere, zerbitzu zentraletako profesionalak dira. Horiek Gida Teknikoak Adierazgarritzat hartzen ez dituen sare komertzialari eta bulegoetako pertsonalari euskarria ematen diete, bereziki aseguruetako gestore espezialistei.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.