Hazia musikala berriz ikusgai, larunbatean Markina-Xemeinen

Hazia musikala eszenatokietara itzuliko da larunbat honetan, apirilaren 22an, Markina-Xemeingo pilotalekuan. On Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitzaren gaineko obra ikusi nahi duenak jada eskuragai ditu sarrerak Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen bertan.
2023/04/17

Arrasateko Amaia Antzokian estreinatu ondoren eta Donostian, Bilbon eta Gasteizen emanaldi arrakastatsuak bizi ondoren, datorren larunbatean, hilaren 22an, Markina-Xemeinen estreinatuko da Hazia musikala, On Jose Mariaren jaioterrian. Gontzal Mendibilek zuzendutako musikala da eta On Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza taularatzen du. Espektakuluan musika, dantza eta ikus-entzunezkoak nahasten dira, estilo modernoan.

Gontzal Mendibilek zuzendu eta sustatu badu ere, Hazia musikala espektakulu kolektiboa da, non Arkaitz Gartziandia aktoreak bizitza ematen dion On Jose Mariari eta berarekin batera beste 11 musikari, 6 abeslari eta 16 aktorek parte hartzen duten. Ohiko dantza taldeak eta Goikobalu zein Easo abesbatzek ere protagonismo berezia dute Hazia musikalean. "Kooperatiben sortzailearen bizitzan oinarritutako obra izatean, ezinbestekoa zen era kooperatiboan eta kolektiboan sortzea", adierazi dute sustatzaileek.

Sarrerak 20 euroren truke

Captura de pantalla 2023-04-17 a las 11.12.55.png

Sarrerak, 20 eurotan, dagoeneko salgai daude Lekeition (Zerbyte informatika), Markina-Xemeinen (Udaletxean eta Opela kafetegi okindegian) eta Ondarrun (Zurru Murru liburudendan). Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta aldez aurretik sarrera erosterik izan ez dutenek, pilotalekuko leihatiletan izango dituzte eskura ekitaldia hasi aurretik.