Eroskik %73 handitu ditu emaitza operatiboak ekitaldiko lehen seihilekoan

Lehendabiziko sei hilabeteetan, galerak % 18,35 murriztu ditu, aurreko sasoi berarekin alderatuta. Hala ere, egoera ekonomiko txarrak oraindik ere badu eraginik fakturazioan; hala, % 5,6ko beherakada egon da aurreko ekitaldiko lehen seihilekoarekin alderatuta.
Card image cap
2013/09/30

Eroskik emaitza operatiboak hobetuta itxi du ekitaldi honetako lehendabiziko seihilekoa, 30 milioi eurotara iritsi baitira; hau da, aurreko ekitaldian eskuratutako 17,3 milioi euroekin alderatuta, % 73,4 gehiago. Datu horiek enpresaren jarduera indartsu dagoela erakusten dute, eta zerikusi zuzena daukate gastuetan izandako murrizketa handiarekin; gehienbat, prozesuen barne-eraginkortasuna hobetu izanaren ondorioz. Lehen seihileko horretan, «zurekin» denda-eredu berriaren ezarpenak lortutako emaitza ona nabarmendu beharra dago; eredu hori, pixkanaka, hipermerkatuen eta supermerkatuen merkataritza-sare osora zabaltzen hasi da. Hala, salmentek % 8,78 egin dute gora dagoeneko eraldatutako supermerkatuetan, eta % 10 hipermerkatu berrietako produktu freskoen ataletan. Dagoeneko eraldatutako dendek jaso dituzten bisitei dagokienez, bezeroen kopurua % 9 inguru handitu da. Frankizia-dendak irekitzearen aldeko apustuak ere izan du eraginik etekin operatiboaren hobekuntza nabarmenean –ekitaldiko lehen sei hilabeteetan, 21 inaugurazio izan dira–. Denda horiek 132 enplegu berri sortu dituzte guztira, eta 5 milioi euroko inbertsioa ere eragin dute. 2013ko bigarren seihilekoan irekieren kopurua bikoiztea espero du kooperatibak, eta ekitaldi osoan orotara 60 frankizia-supermerkatu edukitzea. Duela gutxi izandako Frankizia eta Negozio Aretoan saritu egin dute hazkunde-estrategia hori, 2012an lanpostu gehien sortu dituen frankiziaren saria erdietsi baitu.

Nahiz eta emaitza operatiboa nabarmen handitu den, egoera makroekonomiko larriak ondorio txarrak ditu fakturazioan: aurreko ekitaldiko lehen seihilekoarekin alderatuta, % 5,6 txikiagoa da aurtengoa (3.292 milioi euro guztira, bigarren seihilekoan). Fakturazioaren beherakada are nabarmenagoa izan da hipermerkatuetan elikagaiei ez dagozkien ataletan. Nolanahi ere den, beherakada hori erabat konpentsatu da barneko gastuak doituta, batez ere prozesuen eraginkortasuna hobetu izanagatik. Izan ere, garraio-gastuak, alokairuak eta langileen gastuak nabarmen murriztu dira. Horri dagokionez, nabarmendu behar da langile guztiek batez beste soldatak % 7 murrizteko konpromisoa hartu zutela. Horri guztiari esker, gastu operatiboa 72 milioi euro murriztu da guztira; hau da, aurreko urtearekin alderatua % 8.

Hornidura-katearen hobekuntzari dagokionez, aurtengo lehen seihilekoan Zaragozako produktu freskoen plataformaren automatizazioa inauguratu izana ere nabarmendu behar dugu –lehendik Madrilgo plataforma zegoen automatizatuta–; haiei esker, denbora gutxiago igarotzen da produktuak landan biltzen direnetik dendetara iristen diren arte, eta, ondorioz, kalitate hobeko eta prezio merkeagoko elikagai freskoak lortzen dira. Elorrioko (Bizkaia) salgai orokorren plataforma automatizatzeko lanean dabil Eroski egun, eta, aurreikusita dagoenaren arabera, datorren urtean jarriko da martxan.

Urteko lehen seihilekoan barne-eraginkortasunean lortutako hobekuntzei esker, prezio txikiagoko politika komertziala egiten ari da Eroski, eta, horri esker, salmentak handitu egin dira; bereziki, seihilekoaren azken zatian. Horren barruan, gasolindegien negozioaren portaera nabarmendu beharra dago, prezioak jaitsi ondoren % 10,5 handitu baitituzte salmentak.

Emaitza globalean, galerak % 18,35 murriztu ahal izan dira; hots, 39,2 milioi euro guztira (48 milioi euro, aurreko ekitaldiko aldi berean). Hori gertatu da, batetik, gastuak doitu egin direlako, salmenten zifra globalaren murrizketa orekatzea ahalbidetu duena, eta bestetik, emaitza operatiboa nabarmen hobetu delako, aurten bertan onartutako 2013-16 aldirako Plan Estrategikoan zehaztutako lehen jardueren ondorioz. Emaitza operatiboak oso hobekuntza handia izan duen arren (% 73), finantza-emaitzaren 6 milioi euroko galerak eragina izan du azken emaitzan; aldi horretan, halaber, 60 milioi eurotan murriztu du Eroskik finantza-erakundeekiko zorra, zehaztutako amortizazio-planari jarraiki.

Eroskik sari ugari jaso ditu 2013ko lehen seihilekoan, 2013-16 aldirako Plan Estrategikoaren esparruan hasitako eraldatze-estrategia dela-eta. Kooperatibak tokiko ekoizleen alde egindako apustu handiari dagokionez, Espainiako fabrikatzaileen eta banatzaileen AECOC elkarteak tokiko produktuaren balioa nabarmentzeko Eroskiren ekimenak saritu ditu. Seihileko horretan bertan, halaber, Enpresa Ekimen Onena izendatu du Eroski Espainiako Nutrizio eta Elikadura Zientzien Akademiak (AEN), elikadura osasungarriarekin harturiko konpromisoagatik. Bestalde, «El Chupete» izeneko Haur Komunikazioko Nazioarteko Jaialdiak osasun-arloko bigarren saria eman dio EROSKI Fundazioaren Elikadurari eta Ohitura Osasungarriei buruzko Hezkuntza Programa berriari, baita Eroskik bere markako ontzietan, zehazki gosarirako zerealen sortan, egiten duen komunikazio arduratsuari ere. Eroskiren kultura kooperatibo sendoak, orobat, Barneko Komunikaziorako Giza Kapital saria erdietsi du bere informazioaren gardentasunagatik, hori oinarrizkoa delako langileak proiektu kooperatiboarekin are gehiago identifika daitezen eta enpresa-jardueran inplikazio handiagoa izan dezaten.

Banaketa komertziala