Eroski-k kanpaina bat aktibatu du Siriako eta Turkiako lurrikarek erasandakoei laguntzeko

Bezeroei elkartasuna erakusteko deia egin die, ordainlekutik pasatzean borondatea emanez herritarren oinarrizko beharrak estaltzen lagundu dezaten.
Card image cap
2023/02/09

Eroskik martxan du bere sare guztian larrialdiko laguntza kanpaina bat, Turkia hego-ekialdean eta Sirian lurrikara suntsitzaileekin eta haien erreplikekin kaltetu direnei laguntzeko. Bezeroek borondatezko dohaintza bat egin dezakete ordainlekuetatik igarotzean nahi duten kopurua emanda.

Eroskik eta bezeroek emandako guztia UNICEFen larrialdietako funtsarekin bideratuko da. Horren bitartez ari da erakundea herritarren beharrei erantzuten, nazioarteko gainerako erakundeekin batera eta herrialdeko agintariekin koordinatuta, zeinak urgentziaz ari baitira lanean Turkian eta Sirian erantzun humanitarioari laguntzeko.

Agintarien arabera, milaka lagun hil dira, eta beste hainbat zaurituta eta desagertuta daude, 7,7 eta 7,5 graduko hasierako bi lurrikarengatik. Litekeena da eskolak, ospitaleak eta beste erakin batzuk kaltetu edo hondatu izana. Errepideetan eta azpiegituretan izan diren kalteak direla eta, zaila dago jendea bilatu eta erreskatatzea, baita erantzun humanitario zabalago bat ematea ere.

Eroskik eta bezeroek emandako guztia UNICEFen larrialdiko funtsaren bitartez bideratuko zaie erasandako herritarrei

"Hondamendi honetan larrialdiko laguntza baten premia dagoela eta, gure bezeroei aukera eman nahi diegu urgentziaz lagundu nahi badute. Emandakoa Eroskik berak jarriko duenari batuko zaio. Dohaintza ordainlekuetan egin behar da, eta kontsumitzaileek erabakitzen dute zenbat eman. Horrelako kanpainak oso garrantzitsuak dira gehien behar den tokira iristeko eta ahalik eta lasterrena iristeko. Seguru gaude kontsumitzaileek erantzungo diotela deialdi honi ere", esan du Eroskiren Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

"Eremu horretan joan deneko ehun urtean izan den lurrikararik indartsuena izan dute. Gainera, haurrentzat eta familientzat unerik okerrenean gertatu da, hotz handia egiten baitu. Siriaren kasuan, gainera, gerraren ondorio larriak pairatzen ari dira joan deneko 11 urtean... UNICEFen lehentasuna une honetan da haurrek eta familiek edateko ura eta saneamendua izan ditzatela gaixotasunik ez hartzeko. Eroski eta haren bezeroak beti egon ohi dira ondoan horrelako larrialdietan, eta horrek laguntzen digu lanean jarraitzeko gehien behar duenaren alde, nonahi eta noiznahi", adierazi du Marta Lopez Fesserrek, Unicefen Espainiako Batzordeak Lankidetza Korporatiborako duen arduradunak.

Eroskik, bezeroek emandakoaz gain, ekarpen gehigarri bat egingo du

Dendetan bezeroek emandakoari esker bildutakoaz gain, Eroskik ekarpen gehigarri bat egingo du; hala, urtero gizarteko kausen alde ematen dituen zazpi milioi euroei batuko die kopuru hori.

Eroskik, bezeroekin batera, milioi erdi eurotik gorako dohaintzak egin ditu hondamendi naturalengatik eta kausa humanitarioengatik kaltetu direnei laguntzeko aktibatu diren azken elkartasun kanpainetan; besteak beste, Haitirako (2010 eta 2016), Filipinetarako (2013), Nepalerako (2015), Siriarako (2015), Mallorcarako (2018) eta Palmarako (2020). Azkena, iaz, Ukrainako krisiak erasandako herritarrentzat.

Banaketa komertziala