MONDRAGONek gizarte-eredu parekideagoa sortzen laguntzeko duen gaitasuna goraipatu du Bloomberg-ek

Nazioarteko hedabide honek erreportaje zabal bat eta The Pay Check podcast-aren ataletako bat eskeini dizkio MONDRAGONi, eta bere ereduak gizarte parekideagoak sortzen laguntzeko duen gaitasuna nabarmendu du.
Card image cap
Bi langile, Kidek Berriatuan (Bizkaia) duen lantokian.
2022/07/04

Pandemia hasi zenetik, Estatu Batuetan gero eta gehiago dira MONDRAGONen  ereduari jarraituz sortu diren kooperatibak eta, interes horrek bultzatuta, Korporazioa hurbilagotik ezagutzea erabaki du Bloomberg-ek, negozioei, enpresei eta merkatuei buruz informazioa ematen duen nazioarteko hedabideak. MONDRAGONek pandemiaren ondorioei hobeto aurre egiten jakin duela nabarmendu du Bloomberg-ek eta erreportajearen titularrak dioen bezala, langileen jabetzan oinarritzen den eredu eraginkor honek desberdinkeria sozialak murrizten laguntzen duela. 

Idatzizko erreportajea ezezik, Bloomberg-ek The Pay Check izeneko podcast-aren azken atala eskaini dio MONDRAGON Taldeari. Podcast-aren helburua osasun larrialdiak munduko hainbat herrialdetan izan dituen ondorioak aztertzen da, pandemiak zein neurritan eragin dien jakiteko, eta aberastasunaren banaketan ze ondorio izan dituen ikusteko. Azken atalean, Espainiako ekonomiari buruzkoan, Bloomberg-ek MONDRAGONeko exekutiboekin, kooperatibetako bazkideekin eta ikerlari gisa lan egiten duten langileekin hitz egin du, eta munduko beste leku batzuetan existitzen diren antzeko esperientzien aldean, MONDRAGONek ze berezitasun dituen galdetu die, eta ze ezaugarri dituen krisiei modu hobean aurre egiteko.

Bloomberg ez da MONDRAGONi buruz hitz egiten duen nazioarteko lehenbiziko hedabidea, "The New York Times" eta "The Guardian" moduko medioek ere goraipatu dituzte gaur baino lehen esperientzia kooperatiboaren bertuteak

Bloomberg-en ustez, bi dira MONDRAGON osatzen duten ehundik gora kooperatiben ezaugarri nagusiak. Bata, langileak direla gehienetan jabeak; bigarrena, soldata handienaren eta txikienaren arteko aldea beste leku batzuetan baino askoz txikiagoa dela. Izan ere, gehien kobratzen duten bazkideek ez dute, inola ere, gutxien kobratzen dutenek baino 6 aldiz gehiago irabazten.

Nazioarteko interesa MONDRAGONen, bereziki krisi-garaietan

Nazioarteko komunikabideek behin baino gehiagotan begiratu diote MONDRAGONen ereduari. 2013an, The Guardian britainiarrak “Espainiako kooperatiba erraldoi honentzat ere garaiak gogorrak dira”, idatzi zuen, “baina hemen gutxi dira kalera doazenak” eta antzeko zerbait zioen The New York Times egunkariak duela urte pare bat,“Erreka kooperatibak gainerako enpresek bezala funtzionatuko balu”, zioen New Yorkeko egunkariak bere erreportajearen hasieran, “pandemia askoz traumatikoagoa izango zen bertako langileentzat”. Estatu Batuetan beti egon da MONDRAGONen eredua ezagutzeko interesa eta interes horren adibide dira aurtengo urtarrilean El País egunkariari eskainitako elkarrizketan, Noam Chomsky intelektualak egindako adierazpenak. Iraganean egin izan duen bezala,MONDRAGON langileen jabetzan oinarritzen dela nabarmendu zuen Chomskyk eta eredu hori arrakastasua izan daitekeela frogatu duela. 

Arrakastasua baita krisialdien aurrean ere. Izan ere, 2021eko datuek argi erakusten dute MONDRAGONek ondo erantzun diola COVID-19ak eragindako krisialdiari, salmentak mantenduz eta enplegurik galdu gabe. Hori da, hain zuzen, Bloomberg-en erreportajeak nabarmentzen duena. Gipuzkoan, Korporazioko kooperatiba askok egoitza duten lurraldean, desberdinkeria sozialak neurtzen dituen Giniren koefizientea bajuagoa da Finlandian edo Suedian baino txikiagoa, nahiz eta Eskandinavian zerga gehiago ordaindu. Horren arrazoia,  bazkideentzat aberastasuna sortzen duen ehun kooperatiboan bilatu behar da.

"Kooperatiben helburua ez da jendea aberastea, gizartea aberastea baino", dio Igor Herrartek, Bloomberg-ek elkarrizketatu duen Mondragon Assemblyko ingeniariak. Antzera dio Baltasar Garcia Leonek ere. Munduko beste leku batzuetara bidaiatu duenean, hiru hamarkada kooperatibetan eman dituen langile honek desberdinkeria sozial handiagoak ikusi dituela nabarmendu du.