Adolfo Plaza: «Gure entitatearen asmoa da gizartearentzako aurrerapen bateratua lortzea, inor atzean utzi gabe»

Batzarrak onetsi egin ditu 2023ko ekitaldiko gestioa eta urteko kontuak: LABORAL Kutxak 222 milioi euro irabazi ditu, eta merkataritza-, hipoteka- eta aseguru-negozioetako kuotak hobetu.
Card image cap
Adolfo Plaza, LABORAL Kutxako presidentea.
2024/04/29

LABORAL Kutxak Ohiko Batzar Nagusia egin du Donostiako Kursaal jauregiko auditorio nagusian. Kreditu-kooperatibako bazkideek aho batez onartu dituzte joan den 2023ko ekitaldiko urteko kontuak eta gestioa, baita gai-zerrendako gainerako puntuak ere. Era berean, bertaratuek zein ekitaldia streaming bidez jarraitu dutenek aukera izan dute 2024ko ekitaldirako Gestio Plana ezagutzeko, baita LABORAL Kutxak datozen urteetarako ezarritako ibilbide estrategikoa zehaztuko duten elementu nagusien berri izateko ere.

2023ko ekitaldia «bikaintzat» jo du Adolfo Plazak LABORAL Kutxako presidente gisa egin duen lehen batzarrean, agertokiko atriletik bertaratuei hitz egin dienean. Izan ere, lortutako emaitzak «sabai historiko» bat dira entitatearentzat, eta, haiei esker, finantza erakundeak «etorkizuneko erronkei aurre egiteko aurreikusitako programa estrategikoak landu» ahal izango ditu.

4 Escenario.jpg

Adolfo Plazak gogoratu du LABORAL Kutxa sortu zeneko 65. urteurrena beteko dela 2024an, eta pozik agertu da urte horietan guztietan entitateak «askotariko egoeretara egokitzeko gaitasuna» erakutsi duelako, «mundu-mailako finantza-krisiak eta ezegonkortasun-garaiak gaindituta». Gogora ekarri du, era berean, 2009an ia 200 entitatek zihardutela estatuan, eta gaur egun 93k bakarrik eusten diotela jarduerari. Hala ere, «LABORAL Kutxaren meritua ez da eustea, baizik eta guztiz osasuntsu eta inoiz baino sasoi hobean egotea», nabarmendu du.

MONDRAGONeko kreditu-kooperatibako presidentea arduratuta azaldu da, ordea, entitatearen etorkizunerako mehatxua dakarten eta haren estrategiari zuzenean eragingo dioten arrisku globalengatik. Arrisku geopolitikoak, inflazioa, ziberkrimena edo klima-gertakariei lotutako arriskuak dira, zehazki, negozio askoren martxa egokia eta finantza-erakundeen jarduera oztopa ditzaketen elementuak. Klima-arriskua agerian jartzen duen adibide bat aipatu du Adolfo Plazak: iaz izandako txingorrek aseguru-negozioan eragindako kaltea, hain zuzen. Dena dela, gertakari haiek Seguros Lagun Aroren erantzun-gaitasun bikaina erakusteko ere balio izan zuten, haren ustez.

LABORAL Kutxak lehen posizioei eusten die kaudimenaren aldetik, % 23,85eko CET1 ratioa duela

Presidenteak erronka demografikoa ere aipatu du bere hitzaldiaren lehen zatia amaitzeko, kezkaz aipatu ere. Datuak «ikaragarriak» omen dira: Europan, 2050ean, herritarren % 30ek 65 urte baino gehiago izango ditu (gaur egun % 20k du adin hori), eta gaur egungo seme-alaben batez besteko kopurua ozta-ozta iristen da 1,5era, biztanleriari eusteko behar den kopurua 2,1ekoa izanik. LABORAL Kutxaren ingurunean ere kezkagarriak dira datuak, eta «paradigma-aldaketa» horrek argi eta garbi adierazten du «aldaketa sakonak» egin behar direla «gizartearen eta ekonomiaren inguruko arlo guztietan».

Erronka demografikoa elementu kritikoa ere bada finantza-negozioarentzat, zuzeneko eragina baitu bai negozioan, bai hura garatzeko talentuan. Hori dela eta, LABORAL Kutxa gai hori aintzat hartzen ari da bere plangintza estrategikoko prozesuetan, entitateko presidenteak azaldu duenez.

2023ko txostena

LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak, berriz, 2023ko txosteneko apartatu nagusien berri eman du batzarraren aurrean. Hasteko, iazko ekitaldiko testuinguru makroekonomikoa eta bankuena azaldu ditu Xabier Egibarrek. Banku zentralek interes-tasak igo izanaren ondorioz, «errentagarritasun-leiho» bat ireki zitzaion sektoreari, «aktiboaren sarreren eta pasibo-kostuen kontrolaren arteko arrakalaren ondorioz».

2023ko banku-egoeran uztartu egiten dira negozio-bolumenen jaitsiera eta errentagarritasun historikoak. Gauzak horrela, 222,7 milioi euro irabazi ditu LABORAL Kutxa taldeak, aurreko urtean baino % 48 gehiago, entitateak joan den otsailean prentsa-ohar baten bidez jakinarazi zuenez (partaidetzako enpresen, hots, aseguru-konpainia, funts-gestore eta higiezinen agentzien kontabilitate-integrazioaren emaitza da taldea). Funts propioen gaineko errentagarritasuna (ROE) % 10,78ra igo da. «Emaitzei dagokienez, errekorra gainditu dugu ekitaldian», azpimarratu du Xabier Egibarrek balorazio gisa.

Iaz egindako merkataritza-jardueraren alderdirik garrantzitsuenei dagokienez, entitateko zuzendariak ziurtatu du 2023a «negozioa garatzeko lorpen handiko urtea» izan dela. Hala, aurrezkiaren atalean, % 2,7 handitu dira kooperatibaren baliabide bitartekotuak. Ildo horretan, epe finkoko figuren ordainketa ezarri duten lehen entitateetako bat izan da LABORAL Kutxa, Xabier Egibarrek azpimarratu duenez. Era berean, balantzetik kanpoko saldoen bilakaera bikaina ere nabarmendu du. Inbertsio-funtsen erakunde kudeatzailea, urtean erakarritako saldo berrien aldetik, seigarren postura igo da estatuko Inverco rankingean.

Kreditu-inbertsioa ere merkatuko batezbestekoa baino askoz hobea izan da entitatearentzat, nahiz eta, amortizazioen hazkundearen ondorioz, % 1,31 txikitu den. Hipoteka-formalizazioen bilakaera ere goretsi du Egibarrek, aurreikuspenak gainditu egin baitituzte «produkzio berriaren prezioetan oldarkortasun handiko lehia-ingurune batean». Era berean, mailegu pertsonalek ere sistemako batezbestekoaren gaineko hazkundea izan dute. Bestalde, ENPRESEN negozioan, eskariak nabarmen egin du behera 2023ko ekitaldiaren bigarren zatian, eta, gainera, amortizazio aurreratuak gehitu egin dira; ondorioz, sektorearen zorroa jaitsi egin da. Hala ere, LABORAL Kutxak eutsi egin dio sare espezializatuan hazteko estrategiari, eta «sare horrek oso bilakaera positiboa izaten jarraitu du».

Kreditu-zorroaren errepasoarekin amaitzeko, Egibarrek ontzat eman du zalantza-ratioa, «oso arrazoizko parametroetan» mantendu baita: % 2,7an, hain zuzen. Sektorearekiko alderaketak ona izaten jarraitzen du, baita zorro-arazketarik egin gabe ere, hots, aktiborik saldu gabe.

Aseguru-negozioaren emaitzei dagokienez, produkzio berrian sortzen ziren aukerak aprobetxatzea lehenetsi du LABORAL Kutxak 2023an zehar. Horretarako, batez besteko primaren gorakada kontrolatu du, eta sektorean baino nabarmen gutxiago igo. «Emaitza ona izan du horrek, bezero eta poliza berrien kopuruari dagokionez»; izan ere, jaulkitako primen guztizkoa % 7 handitu da.

3 Xabier Egibar, director, atril.jpg

2024ko Gestio Plana

Ondoren, ekitaldi honetan LABORAL Kutxaren jarduera egituratuko duten elementu nagusiak azaldu ditu Xabier Egibarrek. Zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, gestioak «abiapuntu bikaina» izango du, entitateak finantza-egoera «kaudimenduna eta saneatua» baitu, eta, gainera, «haren errentagarritasuna nabarmen hobetu» baita.

Egibarren hitzetan, «errentagarritasun-ziklo positiboak iraun egingo du 2024an». Entitateak eutsi egingo dio «epe laburreko eta epe luzeko errentagarritasuna orekatzeko politikari; epe laburrean, sektorearekiko lehiakorrak diren ratioak lortuz; eta, epe luzean, zuzkidura-funtsak indartuz, eta, batez ere, entitatearen etorkizuneko errentagarritasuna sendotuko duten estrategiei helduz». Agenda estrategiko bikoitzean erabakitako helburu nagusiak lortzea izango da jardunbide nagusien eta proiekzio kuantitatiboen orientabide nagusia: orain, lehiatzea; eta, gerora begira, eraldatzea.

2024ko Gestio Plana: finantza-egoera «kaudimenduna eta saneatua» abiapuntu hartuta, agenda bikoitzaren helburuak betetzea izango da entitatearen orientabidea; hau da, orain, lehiatzea, eta, gerora begira, eraldatzea

Premisa horiekin, 2024an zehar aurrezkiaren eta inbertsioaren gestioan lehiatzeko, entitateak aurrera jarraituko du pasiboa ordaintzeko aurreko ekitaldiaren erdialdean hasitako politikarekin, baita inbertsio-funtsen bidez dibertsifikatzeko proposamenarekin ere. Era berean, enpresekiko negozioa hedatzen jarraitu nahi du LABORAL Kutxak, kreditu-zorroaren bolumena eta bezero-kopurua handitzeko helburua argi duela. Bide horretan aurrera egin du, argi eta garbi, azken urteotan: haren kuota etengabe igotzen ari da enpresa ertain eta handietan, eta, ekitaldi honetan, asmoa da igoera hori enpresa txikiagoen segmentura ere zabaltzea, Egibarrek azaldu duenez.

Hipoteka-jarduerari dagokionez, entitatearen erronka izango da, alde batetik, 2023an lortutako kuota mantentzea, eta bestetik, «kredituak erakartzeko eredua finkatzea hedatzen ari garen lurraldeetan», batez ere Madrilen eta Bartzelonan.

Aseguru-negozioa dela eta, berriz, portaera zikliko desberdina omen du negozio horrek finantza-negozioarekin alderatuta. Entitateak produkzio eta bezero berrietan hazten jarraitzeko aukerak aprobetxatzen jarraituko du, estrategia hori egokia baita banku-negozioaren interes-marjina hobetu den sasoi honetan.

LABORAL Kutxaren agenda estrategikoaren bigarren zatian jasotako eraldaketa-helburuari dagokionez, hauxe izango da oinarrizko ikuspegia: gero eta digitalagoa eta konplexuagoa izango den etorkizunean lehiakor izateko beharrezkoak diren gaitasunak garatzea. Hala, «sare komertzialerako inbertsio handiko estrategiari eustea» aurreikusten da, zeinaren helburua baita bulego-eredua espazio multikanal bat izatea, non harreman-eredu hurbil eta hibridoa gauzatuko baita bezeroekin: harreman presentziala eta digitala, hain zuzen. Halaber, entitateak metodologia arin eta dinamikoak erabiliko ditu prozesu komertzialak errazteko eta bulegoei karga operatiboa kentzeko.

Egibarrek askoz ere entitate teknologikoagoa aurreikusten du etorkizunean; hori dela eta, nahitaezkotzat jotzen du arlo horretako inbertsio-esfortzua handitzea, eta Teknologia eta Analytics Area indartzea. Aurrekoari lotuta, «lehentasuna» eman nahi dio arrisku teknologikoen eta zibersegurtasunari lotutakoen gaineko kontrola sendotzeari, zehaztutako lau jarduera-eremu nagusietan —gobernantza, zaintza, babesa eta erresilientzia— ezarritako erritmoak mantenduz.

Datuen gaia ere izan du aipagai Xabier Egibarrek bere hitzaldiaren zati batean, eraldaketa-eragile garrantzitsuetako bat delakoan, bai barneko arrisku-ereduen (IRB) proiektuaren inpaktuagatik, bai RDA (Risk Data Agregation) araudira egokitzeko planaren aplikazioagatik. Hitzaldiaren amaieran, entitatean ezarritako berrikuntza-ereduaz hitz egin du zuzendari nagusiak. Ildo horretan, entitateak berretsi egin du teknologia berriak ezartzeko asmoa, «prozesuen automatizazioan, bezeroentzako zerbitzuetan eta negozio-prozeduren analisian soluzioak eskaintzeko».

Xabier Egibar: «Zentzua proiektuaren bidez, bezeroekiko harreman zintzo eta iraunkorra ziurtatuko dugu, baita konpromiso soziala gure nortasun-ezaugarria izatea eta balio kooperatiboak bizirik egotea ere»

LABORAL Kutxako zuzendariak mezu hau berretsi nahi izan du bere hitzaldiaren amaieran: entitateak aurrera jarraituko du bere agenda estrategiko bikoitza ezartzen, hari esker «lehiakorragoa izango baita» eta «hazkundera bideratuta egongo baita». Hala ere, «hori ez da nahikoa», ohartarazi du; izan ere, honako hau da entitatearen asmoa: «balio kooperatiboei bizirik eustea, bezeroekin harreman zintzoa mantentzea eta konpromiso soziala haren nortasun-ezaugarria izatea». Horiek dira, hain zuen, entitateak aurrera daraman Zentzua proiektuaren helburuak.

Eraldaketa-asmoa

Azkenik, Adolfo Plaza presidenteak hartu du hitza berriro, batzarrari azken mezuak zuzentzeko. Lehenik eta behin, eta maila pertsonalean, eskerrak eman dizkie auditorioan bildutakoei, kooperatibako presidente gisa emandako lehen hilabeteetan jaso duen harrera onagatik, eta hau nabarmendu du: LABORAL Kutxako bazkide guztiengan ikusi duen «lankidetza eta konpromiso handiak».

Ondoren, MONDRAGONeko kreditu-kooperatibako agintari gorenak indartu egin nahi izan ditu zuzendari nagusiak lehenago emandako mezuak. Hala, «errentagarritasuna handitzeko» helburua azpimarratu du, «proiektuaren etorkizuneko iraupena bermatzeko»; era berean, lehentasunezkotzat jo du «hobetzeko marjinak ditugun negozio-partzela eta -segmentuak sendotzea», baita «hazkunde-aukera berriak aztertzeko prest egotea» ere.

Azken hitzetan, LABORAL Kutxaren «ezin utzizko» asmoa gogorarazi du: finantza-jardueraren bidez «gizartearentzako aurrerapen bateratua lortzea, inor atzean utzi gabe».

Finantza eta aseguru zerbitzuak.