Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
“Lodosak aukera eman digu gure nortasuna biziberritzeko, gure izaera kooperatiboa sustatzeko eta identitate euskalduna sentitzeko”
Identitatea biziberritzeko prozesuan ere murgilduta dago Arizmendi Ikastola, zeintzuk dira prozesutik atera nahi dituzuen ondorio nagusiak?
Hasteko, esan beharra dago, ez dela gauza berria. Urteak dira gure burua kooperatiba eta ikastola zutabeen gainean eraiki behar genuela erabaki zela. Baina bai, Arizmendi Ikastola makro-prozesu bat diseinatzen dabil klabe horretan: Alegia, Arizmendiren nortasuna biziberritzeko prozesua. Horren barruan hainbat azpi-prozesu, estrategia, erronka, ekintza, epe, eta zenbait elementu desberdin identifikatzen gabiltza. Horiek guztiak ordenatzen dihardugu eta prozesu bakarrera ekartzen, hobeto kudeatu ditzagun eta presenteago egon daitezen.
Horiek aztertzen hasi baino lehen, gustatuko litzaidake aipatzea, Lodosako ikastolari elkartasuna adierazteko kanpaina oso esanguratsua izan dela norabide horretan. Ikastola oso txikia da Ibaialde eta oso leku konkretuan kokatuta dago. Lodosak aukera eman digu gure nortasuna neurri batean biziberritzeko, gure izaera kooperatiboa sustatzeko eta identitate euskalduna sentitzeko.
Eta, aldi berean, emozioaren planoa bizirik edukitzera lagundu digu Lodosakoak, sentitu egin dugu elkartasuna, Euskal Herria, ikastola… Beraz, ez dugu baztertzen harreman horren hurrengo urratsak pentsatzea.
Hortaz, zeintzuk dira Arizmendiren erronka estrategikoak etorkizunera?
Plano desberdinak bananduko nituzke. Gure jarduera hezkuntzan gauzatzen da, eta hor Arizmendik hainbat helburu ditu; izan ere, ikastola handia gara, konplexua eta zerbitzua eskaintzen diogu kolektibo zabal bati. Horrek guztiak berezko erronkak dakartza. Adibidez, hor kokatu dezakegu berrikuntza pedagogikoan egiten gabiltzan lan izugarria. Sakonera begira, izugarrizko aldaketa ekarriko du berrikuntza pedagogiko honek; batez ere oinarritzen garelako neska-mutikoen jakin-minean, izaera kooperatiboan eta beren erritmoa errespetatzen; hori izango da hurrengo urteetarako gida. Hasi gara Haur Hezkuntzatik, baina Lehen Hezkuntzara, DBHra eta Batxilergora ere helduko da. Eredu pedagogiko berritzaile honekin erreferente izan nahi dugu.
Era berean, lehen esan bezala, gure izaera biziberritu nahi dugu bi ardatz abiapuntu hartuta. Ikastola izaera eta kooperatiba izaera. Ari gara identifikatzen gure ardatz horietan zeintzuk elementu dauden; eta hasi gara norabide horretan egiten diren, eta egingo ditugun, hainbat ekintza sakabanatu prozesura ekartzen. Eta hor sartzen dira, adibidez, parte-hartzea nola hobetu dezakegun; egiten dugunaren zentzua aztertzea; zergatik den interesgarria kooperatiba izatea XXI. mendean; gazteentzako formazio kooperatiboa nola diseinatu…
Beste helburu batzuk ere badituzue, edo?
Bai, barne motibazioa eta giroa hobetzea, esate baterako. Gure ikastola fusio baten ondorioa da. Fusio horrek izugarrizko potentzialak eta alde onak ditu, guk sinesten dugu buru-belarri horretan, baina egia da azpi-kultura ezberdinak batu behar izan genituela eta hori ez da erraza. Horregatik, neurtu egin ditugu zeintzuk diren kezka horiek eta hauek hobetzeko urratsak ematen hasita gaude.
Gure azken helburua da pertsona kooperatiboak heztea komunitaterako; komunitatearen eta pertsonaren beharrak orekatuz. Ahalik eta zoriontsuenak izango diren pertsona euskaldunak, euren komunitatetan ondo txertatuak, lan komunitatetan, herri-komunitatetan… lankidetzarako prest egongo direnak
Eta enpresa moduan zein erronka dituzue?
Batetik, berrikuntza, konplexu barik. Organizazio guztientzat da berrikuntza aroa, bidegurutzean gaude eta inoiz baino beharrezkoagoa da ezaugarri hori presente edukitzea. Eta bestetik, gure erakundea zaintzea instituzionalki, proiektu moduan, ondo organizatu eta gestionatu, arlo finantzarioan, kudeaketa alorrean, parte-hartzean…
Arizmendi Ikastola ondo errotuta dagoen erakundea da gure bailaran, 3.000tik gora ikasle, kolektibo osoa 12.000 bat lagunek osatzen duzue…
Gure matrikula kopuruak onak dira eta tendentzia goranzkoa da. Hori oso datu inportantea da, baina ez da gure azken helburua. Gu ez gaude itsututa merkatuaren osotasuna jan nahian. Hala ere, kezkagarria da Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek zer jarrera duten orokorrean gizarte ekimenekin, autoeraketan oinarritzen direnekin. Gure susmoa da murrizketa handiak datozela eta horren aurrean, gu gara gure buruaren jabe eta gure jarduera geuk atera behar dugu aurrera. Lehenengo terminoan, gure profesionalekin, eurak jabe direlako eta beraien ogibidea ere badelako. Baina beste bazkideok ere ez gara gora begira geratu behar; komunitate oso bat osatzen dugulako, hezkuntza komunitate inportante bat.
Badituzue berrikuntza pedagogikoaren ezarpenaren orain arteko emaitzak?
Momentuz etxe barruko baliabideekin ari gara neurketa hori egiten. Lehenengo mostrak interesgarriak dira. Esate baterako, agresibitatea eta zarata maila neurtzen hasita gaude haur hezkuntzan; bestetik, atentzio gaitasunak behatzen eta ume txikien aurre-diagnostikoak eta abar egiten ere bagabiltza. Lehen emaitza horiek itxura ona dute, baina edozein modutan, denbora gehiago behar dugu. Hasita gaude ikerkuntzan urrats oso txikiak egiten, baina beste dimentsio bat hartu behar du honek. Gure azken helburua da pertsona kooperatiboak heztea komunitaterako; komunitatearen eta pertsonaren beharrak orekatuz. Ahalik eta zoriontsuenak izango diren pertsona euskaldunak, euren komunitatetan ondo txertatuak, lan komunitatetan, herri-komunitatetan… lankidetzarako prest egongo direnak. Horiek izan dira gure motibazio nagusienak. Beste leku batzuetan egiten denari begira gabiltza: Frantzian, Finlandian, Norvegian… Euskal Herri mailan horrelako aldaketa bat inplementatzea ausarta izan daiteke, baina hezkuntza arloan puntako diren beste herrialde batzuetan antzerako proiektuetan dabiltza.
2012 Kooperatiben Nazioarteko Urtea. Kooperatibek mundu hobeago bat egiten dutela dio leloak. Aprobetxatu behar du Arizmendik bere izaera kooperatiboa errebindikatzeko?
Horren olatuak mesede egin dezake, zalantzarik gabe. Hala ere, hori baino garrantzitsuagoa da lehen aipatu dugun prozesua, gure nortasuna biziberritzeko prozesua. Hor bi hanka ditugu, eta horietako bat da kooperatiba izaera; eta aztertzen hasita gaude zergatik den garrantzitsua XXI. mendean munduarentzat desberdin antolatzea, kooperatiba erara antolatzea; horrek zer ekarpen egiten dien barruko protagonistei eta zer eskaini behar dion gizarteari edo komunitateari berari. Uste dugu eredu baliogarri baten aurrean gaudela etorkizunerako, desberdina, eta dakiena pertsonak jartzen erdigunean eta dakiena gizarteari osotasunean ekarpenak egiten; ez dena mugatzen bakarrik bere paretatxo artean egotera edo bere negozioa aurrera ateratzera. Kooperatibok ere badugu zer hobetu, duda barik, baina uste dut abiapuntu moduan beste edozein eragile baino hobeto kokatuta gaudela zenbait erronka berriri aurre egiteko. Adibidez pertsonaren zaintza, ekonomia ulertzeko modua ezberdina, eraldaketa soziala, bideragarritasun globala, iraunkortasuna, erronka berriak… Gure eredu kooperatiboa, itzalak itzal, ezagutzen dudan interesgarriena da.
Azaroan, MONDRAGONek urtero moduan bere presidenteen batzarra egin zuen, non argi eta garbi esan zen 2013-2016 arteko plan estrategikoa. Erronka horiek aintzat hartuta, Arizmendik zer asmo ditu?
Batez ere aipatzen zen proiektu sozio-enpresarialaren ideia garatu nahi dugu. Badaukagu zeregina, eta horretan gabiltza, zentzuz jantzi nahian egiten duguna, apurka-apurka. Oso ilusionatuta nago gure ikastolaren norabidearekin. Lan handia egin izan da eta egiten jarraitzen dugu. Baina bai, gure iparra gardenago ikusteko beharra dugu. Gai horri osotasunetik, sistematikoki eta kalitatez heldu behar diogu. Eta uste dut kooperatiba batzuk bagabiltzala bide horretan urratsak ematen, baina bidea dugu egiteko. Arizmendi erronka horri ere begira dago. Gu proiektu sozio-enpresariala gara, eta gehiago esango nuke, batez ere gu proiektu soziala garela eta enpresa kokatzen dugula pentsamendu zabalago horren barruan. Horrela ulertzen dut nik.