Nola zahartu modu osasungarrian

Nola zahartu modu osasungarrian

Osarten
Haurtzaroan bigun, gaztaroan ttun-ttun, zahartzaroan ilun. Zahar, edadetu, adindun, erretiratu, agure, atso, adineko, aitona, amona, aitatxi, amatxi, aitajauna, amandrea…… Hamaika hitz ditugu euskal hiztegian pertsona nagusiengana zuzentzeko, mesprezu toke batekin batzuk, goxo-goxoak eta ederrak gehienak.
27/04/2015

Argi eta garbi dago biztanleria zahartzen dioala gure inguruan, pertsona zaharrei buruz gero eta gehiago hitz egiten da.  2040. urtean  Europako biztanleriaren %45ak 50 urte baino gehiago izango du.  Zenbait iturri eta azterlanen arabera, 2050ean Espainia eta Euskal Autonomia Elkartea izango dira adindun gehien izango dituzten munduko lurraldeak.

Datu honi jaiotzeen gutxitzea  gehitzen  ba diogu, errez ulertuko dugu gure piramide demografikoak izan duen itxura-aldatze azkarra. Gizasemearen bizi itxaropena asko luzatu da azken hamarkadetan ekonomia, hezkuntza eta batibat osasungintzan izandako garapenei esker:  infekzioei aurre egiteko aurkitutako antibiotikoak,  txertoen bidez egindako prebentzio kanpanak, bizimoduan lortutako hobekuntzak… Aurrerapen hauei esker, gure arbasoak hiltzen zituzten gaixotasun pila bat desagerraraztea lortu da.

 

ZAHARTZAROA ETA ZAHARTZAROARI LOTUTAKO GAIXOTASUNAK

Zahartzaroa bizitzaren etapa bat da, azken etapa luzea.

Eta zahartzea?  Etengabeko prozesua da eta  gorputzaren gainbehera zahartzaroa baino askoz  lehenago hasten da.  Astiro-astiro, ia konturatu gabe, hainbat aldaketa morfologiko, fisiologiko eta psikologikoez jabetzen gara: lehen ile urdinak eta zimurrak, pisuan gora egitea,  memoria mantsotzea, menopausia, bizitzako lehentasunak aldatzea…

Zahartzea prozesu degeneratibo bat da, beste modu batean esanda, zelulek jasaten dituzten kalte biologikoak konpontzeko ahalmena gutxitzea da.  Berriztapen handia duten ehunak izaten dira kaltetuenak (larrua, odol zelulak, zelula immunologikoak…). Beste zelula batzuk, neuronak adibidez, ezin dira berriztu eta lesioak pilatzen joango dira, Alzheimerra bezalako gaixotasunak sortuz. Beraz, zelulak zahartu egiten dira eta gorputza babesgabe gelditzen da estresa, gaixotasunak eta beste hainbat faktoreen aurrean.

Zahartzea ez da gaixotasuna baina, kasu guztietan ez bada ere, askotan patologia ezberdinei lotutako prozesua da:

  • Sistema immunologikoaren zahartzea
  • Gizentzea eta diabetesa
  • Minbizia
  • Osteoporosia eta artrosia
  • Bihotz-hodietako patologiak eta bihotzeko gutxiegitasuna
  • Alzheimerra eta buruko beste gaixotasun batzuk
  • Begi lausoak  eta makularen patologia
  • Gortasuna…

Zergatik zahartzen gara? Nondik datoz aldaketak? Erruki gabe datorren azken etapa horri mugak jarri geniezaioke?

Ikertzaileak jota-ke ari dira lanean, baina oraindik galderak gehiago dira erantzunak baino.  Hipotesi onartuenek faktore hauek kontutan hartzen dituzte:

  • Faktore genetikoak: zerikusi handia dute bizitza luzera eta gehienezko bizitza-luzerarekin baina  oraindik ez dakiguna zera da: zein gen diren eragileenak eta nola manipulatu gen horiek bizitza luzatzeko.
  • Ingurumen faktoreak (elikagaiak, ariketa fisikoa, istripuak, estresa…): hauek, ordea, oso garrantzitsuak dira bizi-itxaropena luzatzeko.

 

ADINDUAK ENPRESETAN

Biztanlerian bezala,  gure enpresetako langileen  populazioa ere zahartuz doa  eta horrek garrantzizko aldaketak eragiten ditu hainbat esparrutan: enpleguan, formakuntzan, pentsio-sisteman,…. 2025 urtean 45-65 urte dituzten langileak % 41,3 izatea espero da.

Langileen zahartzearen ondorioei aurre egiteko neurrien artean komentatuenak mantentze neurriak dira: urte gehiagotan lanean arituko gara, amestutako  erretiroa atzeratuz.

Zientifikoki lana osasun iturria dela onartuta dago, baina hori, lan baldintzak eta  batez ere baldintza psikosozialak egokiak direnean betetzen da. Eta honek ez du zerikusirik adinarekin,  langile guztientzat garrantzitsua da bere lanpostuan ez gaixotzea. Lanpostuen egoera ona ez bada, osasunean kalte egin dezake.   Gainera urteekin langileen gaitasun eta ahalmenak aldatu egiten dira,  ez dira derrigor galtzen, sarritan hobetu ere egiten dira.

Enpresek erronka berriak hauek dituzte:

-        Langileak ibilbide profesional osoa era osasuntsuan lan egitea.

-        Gizarte erantzunkizuna duten enpresek segurtasun eta osasungarriak diren  lan inguruneak lortu.

Eta hori  lortzeko ekintza ezberdinak jarriko dira martxan:

-        Gaixotasunen diagnostiko goiztiarra (Lehen Mailako mediku arreta)

-        Lan egoerak hobetzera bideratutako osasun zaintza,  eta ez  bakarrik arriskuak ekiditeko osasun zaintza

-        Osasuna eta ongizatearen sustapena

-        Etengabeko prestakuntza

 

Zaharrak baleza eta gazteak baleki…

Oinarri genetiko onena eta garapen mediku aurreratuenak eskuetan izanda ere,  gure osasuna zaintzen ikasi behar dugu. Garrantzitsua da norberak bere osasuna zaintzen ikastea, ohitura osasungarriak izatea, gaia besteen esku ez uztea. Horretarako ahalegina  eta jarrera ona dira gure lagunik onenak.

Zahartzarora helduta, gaixotasun eta etsipenak pilatu beharrean, esperientzia onak pilatzea hobe. Nola lortu egoera egokian iristea?

  • Elikadura zaindu, dieta orekatu bat mantendu. Egunero ariketa fisikoa egin.

Dieta orekatuak gehi ariketa fisikoak diabetesa, hipertentsioa, obesitatea eta hainbat patologia izateko arriskua gutxitzeaz gain,  zahartze prozesua moteltzen du.

  • Medikuarengana jo gaixotasun seinalerik ikusten badugu.
  • · Garunari eragin: zerbaitek beldurra ematen badigu, ahalmen kognitiboen (arreta, oroimena…) galera da eta horri aurre egiteko modua garunari eragitea da (xakea, hitz gurutzatuak, sudokuak, liburu on bat irakurtzea, hizkuntza bat ikastea, …..)
  • Bakardaderik ez, familia eta lagunekin ekintzak antolatu. Gatz pixka bat ipini eguneroko bizitzan!
  • Irribarre egin….

 

67 urte arte lanean aritzea posible al da, batez ere baldintza psikofisiko altua duten  lan postuetan? BAI, baldin eta ,

-        norbera bere osasuna zaintzeaz arduratzen bada .

-        Erakundeek zahartze osasungarriaren alde eginez eta horretarako programak inplementatzen badituzte; lanpostuetako eskariak langileen bitarteko eta gaitasunekin lotuz eta bide batez osasunaren sustapenerako programen bidez hobetuz.

 

HIZTEGITXOA

Arbaso: antepasado

Gehienezko bizitza luzera:  longevidad, vida máxima

Begi lausoak:  cataratas

Garunari eragitea:  entrenamiento cerebral

Ahalmen kognitiboak:  capacidades cognitivas

Ekidin: evitar

Gizarte erantzunkizuna: responsabilidad social