EMUNek, bere 15. urteurrenaren testuinguruan, jardunaldia antolatu zuen Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Euskara lanean bidea egiten lelopean eta bere bezeroekin euskara planetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko helburuarekin antolatu zuten ekitaldia.
Helburu horren harira, EMUNeko kide Juan Luis Arexolaleibak adierazi zigunez, “ekitaldian tailer oso praktikoak antolatu ditugu, euskara planetako erabilera, ezagutza, motibazioa eta erakundetzearen gainean egon daitezkeen esperientziak trukatzeko eta etorkizuneko estrategiak bideratzeko”.
Guztira 180 bat lagun elkartu ziren arratsaldean Garaian, 90 enpresatako ordezkariak guztiak ere. Eta noski, MONDRAGON Korporazioko kooperatiba askok parte hartu zuten jardunaldian. Fagor Arrasate, Copreci, Fagor Taldea, Fagor Etxetresna Elektrikoak, Fagor Ederlan… guztiek ere ordezkaritza izan zuten euskararen gaineko jardunaldian. “Bezeroak oso garrantzitsuak dira guretzat eta jakin nahi dugu zer dioten, horrela aurrera begira estrategia berriak landu ahal izango ditugu”, adierazi zigun Arexolaleibak.
Ekitaldia Dani Larrea EMUNeko zuzendari orokorraren agurrarekin hasi zen. Ondoren Olatz Olasok hartu zuen hitza. EMUNeko I+G+bko zuzendaria euskara planen erronkez eta berrikuntzez aritu zen. Ikus-entzunezko bat ere ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek eta segidan Julen Arexolaleibak hartu zuen hitza. HUHEZI-MUko irakaleak hainbat gai izan zituen hizpide eta hiru galderari erantzuten ahalegindu zen. Aurrera egin al dugu euskaldunok? Argiak eta ilunak. Zer ekarpen egiten dute lan-munduko euskara planek? eta aurrera begira nondik jo behar dugu?
Jardunaldiari amaiera emateko Workshop praktikoak egin dituzte lau taldetan banatuta. Motibazioaren indarra: gogotsu gaudelako, Ikas Tari: ezagutzatik erabilerarako hainbat bide, Ari eta ibili: lanean euskara erabili, eta Sustraietatik adarretara: plana enpresan erakundetzen. Lan saio praktikoarekin eman zaio amaiera gaurko ekitaldiari.