Gaztenpresak 256 enpresa berri bultzatu ditu 2020an, eta 504 lanpostu sortu dituzte

Gainera, 2020an "Jarraitzeko berritzen" programa jarri du abian Gaztenpresak, COVID-19aren ondorioz zailtasunak dituzten enpresak salbatzeko helburuz.
Card image cap
Inma Ramos, Gaztenpresako zuzendaria; Idoia Mendia, lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua; eta Ibon Urgoiti, Gaztenpresako presidentea.
2021/06/09

Gaztenpresak askotariko ekimenak babesten eta garatzen ditu, lan-proiektu propio bati ekiten dioten pertsonen enplegua sortzea eta finkatzea errazteko.LABORAL Kutxaren enplegu-fundazioak Urteko Txostena aurkeztu du gaur, Bilbon, komunikabideen aurrean. Bertan emandako datuen arabera, 2020an inoiz baino balio-ekarpen handiagoa egin dio fundazioak gizarteari.

Gaztenpresako lehendakariak, Ibon Urgoitik, fundazioak bete duen jardueraren garrantzia azpimarratu du, enpresentzat oso urte zaila izan dela gogoratuz. 

"Nahiz eta giro ekonomiko eta soziala ezin larriagoa izan, Gaztenpresak berriz ere asmatu du bere jarduera egokitzen, ekintzaileei gehien behar gintuztenean laguntzeko".

Era berean, Gaztenpresak 25 urteko ibilbidean egindako lana nabarmendu du: "Gaztenpresa ez da goiz bateko lorea. Aitzitik, arrasto sakon eta iraunkorra utzi du mende-laurden honetan: ia 6.000 enpresa sortzen lagundu du, eta enpresa horiek 10.800 pertsonari eman diete lana".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak, Idoia Mendiak, Gaztenpresa fundazioaren zeregina goraipatu du, ekintzailetza bultzatzeko estrategia orokorraren barruan. Haren hitzetan, hau da estrategia horren helburua: "beren ideiak errealitate bihurtuz aberastasuna eta enplegua sorrarazten dituztenei gauzak erraztea".

Ondoren, iazko ekitaldian fundazioak gauzatutako jarduera aipatu du labur-labur Gaztenpresako zuzendariak, Inma Ramosek. Haren esanetan, 2020a "ezohiko urtea izan da, ezin txarragoa". Iazko martxoaren 13an hasitako konfinamenduak aldaketa bat ekarri zuen kontsumo-ohituretan, bai eta krisi sakona ere Gaztenpresak presentzia duen negozio tradizionaletan. Hori dela eta, lehentasunak aldatu behar izan ditugu: enpresa berriak sortzea bigarren maila batean geratu da, eta ekintzaileei shocka eta ziurgabetasuna kudeatzen laguntzea izan da Gaztenpresaren helbururik behinena. "Jada sortuta dauden enpresei krisiaren oldarrari aurre egiten laguntzea izan da lehentasun nagusia", azaldu du.

DSC02435.JPG

Nolanahi ere, 2020an 256 enpresa txikiri eratzen lagundu die Gaztenpresak, eta enpresa horiek lanaldi osoko 504 lanpostu berri sortu dituzte. Negozio berri horietatik gehienak zerbitzu-sektorera (% 75) eta merkataritzara (% 25) bideratu dira. Enpresa berriak eratzeko aukeratutako forma juridikoari dagokionez, enpresen % 80 formatu indibidualarekin sortu da, eta gainerako % 20a honela banatzen da: lautik bat kooperatiba da eta lautik hiru sozietate mugatuak dira.

Hau da bere proiektuari ekitea erabakitzen duen pertsonaren profila: batez beste 39 urtekoa, langabezian dagoena (% 97). Gaztenpresara jo duten pertsona gehienak gizonak dira (% 58) eta ez dute unibertsitate-titulaziorik (% 84).

Jarraitzeko berritzen

2020an nabarmen egin du behera proiektu berriak gauzatzeko jasotako eskaeren kopuruak: 2019an jasotakoen % 64 izan dira iazko eskaerak. Hortaz, goitik behera egokitzeko ahalegin eskerga egin behar izan du fundazioak, pandemiaren ondorioz. «Premiak erabat aldatu dira goizetik gauera, eta fundazioak azkar berbideratu behar izan du bere jarduera», azaldu du Inma Ramosek.

Hala, jada sortuta dauden enpresei arreta emateko programa berritzaile bat diseinatu du Gaztenpresak: Jarraitzeko berritzen izenekoa. Helburu hau izan du programak: enpresa txikiei COVID-19ak eragindako krisialdia gainditzen laguntzea, haien jardueraren eta enpleguaren iraunkortasuna ahal den neurrian bermatzeko. Helburu horrekin, eskuragarri zituen laguntza-jarduera guztiak bildu ditu fundazioak ibilbide batean: diagnostikoa egitea, jarduketa-plan berezia diseinatzea, eta, batez ere, mentore bat izendatzea, etengabeko laguntza emateko. Azkenik, berariazko web-mintegi batzuk ere gauzatu dira, negozioen onlineko presentzia, altxortegiaren kudeaketa eta hainbat konpetentzia hobetzeko.

Hona hemen adibide bat, jada martxan zeuden negozioei jarraipena emateko egindako ahalegin itzelaren erakusgarri: 167tik 600era hazi ziren iaz abian zeuden negozioak sendotzera bideratutako ekintzak. Era berean, iaz laukoiztu egin zen sendotzeko fasean zeuden proiektuei emandako finantzaketa. 2019ko datuekin alderatuta, mailegu-formalizazioen kopurua 117tik 407ra igo zen, eta emandako zenbatekoa 2019ko 4,2 milioitik 2020ko 10,9 milioira handitu.

Gaztenpresa eta GJHak

Garapen Jasangarrirako Helburuek lotura estua dute fundazioaren beraren helburuekin. Hala, Gaztenpresak lan duina eta hazkunde ekonomikoa sustatzen ditu (GJHen 8. helburua) eta kolektibo ahulei laguntzera bideratzen du bere jarduna, hala nola gazteei beren negozio-ideiak gauzatzera. Horrela, desberdintasunak murrizten laguntzen du (GJHen 10. helburua). Horrez gain, genero-berdintasuna babesten du (GJHen 5. helburua), eta autoenpleguarekin zein elkarlanarekin konprometitutako entitateen arteko aliantza-sarea du euskarri bere asmoak aurrera eramateko (GJHen 17. helburua).

Ekintzailetzaren kultura sustatzea

Gazteen artean ekintzailetzaren kultura suspertzea da Gaztenpresa fundazioaren helburu nagusietako bat. Hori lortzeko, loturak sortu ditu unibertsitateekin, lanbide-heziketako zentroekin, enpresekin eta ekintzailetza sustatzen duten erakundeekin. 2020an, ekintzailetzaren ekosistema sendotzeko hainbat ekitalditan parte hartu du fundazioak. Hona hemen batzuk: CHALLENGEMAKER LAB, Mondragon Unibertsitatearekin; MBAe3 sariak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean; PREÚNICA lehiaketa, Bilboko Merkataritza Ganberarekin batera; eta Start Innova Educa eta B-Venture ekimenak, El Diario Vasco eta El Correo egunkariek sustatuak, hurrenez hurren.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.