Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Bazkundeak amaiera eman diote MBA Executive masterraren XIII. edizioari

14 urtetan 239 pertsona baino gehiago igaro dira MBA masterretik.
Card image cap
2023/05/09

Gipuzkoako Bazkundeak eta Mondragon Unibertsitateak maiatzak 4an ospatu zuten MBA Executive masterraren hamahirugarren edizioaren amaiera-ekitaldia; hain zuzen ere, 2009. urtean masterra martxan jarri zuten bi erakundeek. Ekitaldiaren irekiera Mauricio Arregui Gipuzkoako Bazkundeko lehendakariak egin zuen. Jarraian, hitzaldia eskaini zuen Irisbond enpresako CEOa eta sortzaileetako bat den Eduardo Jauregik. Enpresa horrek Gipuzkoako Bazkundearen 2023ko Berrikuntza Enpresa saria jaso zuen. Ondoren, diplomak eman zitzaizkien ikastaroa arrakastaz burutu duten 14 ikasleei. Bukatzeko, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak amaiera eman zion ekitaldiari.

Ekitaldiko argazkiak ikusteko hemen: https://www.flickr.com/photos/enpresagintza/albums/72177720308030265

Programako parte-hartzaile berriek industriaren eta zerbitzuen sektoreetako enpresetan egiten dute lan, ardura-postuetan. Guztiek ere esperientzia profesional zabala dute, eta aurretik egin dituzten ikasketak askotarikoak dira. Historikoki ingeniaritzako eta informatikako prestakuntza akademikoa dutenak izan dira nagusi; baina, urteek aurrera egin ahala, beste titulu batzuk dituzten pertsonak ere etorri dira masterra egitera.  

Ikasleek enpresaren esparru funtzionalak (Finantzak, Estrategia, Marketina, Eragiketak, Berrikuntza-Ekintzailetza, Pertsonak) landu dituzte eskola-orduetan, eta zuzendaritza- eta lidergo-gaitasunak ere jorratu dituzte egoitza-egonaldietan. Denboraldi horretan, diziplina anitzeko irakasle-talde bat izan dute ondoan, unibertsitatearen, aholkularitzaren eta enpresaren ikuspegiak eta esperientziak uztartuz.

Helburuak

MBA Executive pertsonen eraldaketara bideratutako programa bat da. Erabakiak hartzeko, taldean lan egiteko, eta proiektuen eta pertsonen buru izateko gaitasunak sustatzea du helburu, jarrera pertsonal eta profesional gisa berrikuntza eta aldaketa sustatuz. Gainera, enpresen eta enpresa-kudeaketaren ikuspegi integral eta sistemikoa eskaintzen du arlo garrantzitsu guztietan. MBA Executive masterraren beste helburuetako bat da enpresek aurrean dituzten erronkak eta proiektuak kudeatzeko beharrezkoak diren askotariko tresnak eguneratu eta sendotzea, betiere nazioarteko eta kultura-arloko testuinguruak kontuan hartuta.

Balorazio positiboa

Gipuzkoako Bazkundeak eta Mondragon Unibertsitateak oso balorazio ona egin dute programaren inguruan. 14 urtetan 239 profesional baino gehiago trebatu dituzte MBA honetako ikasgeletan. Hala, bi erakundeek elkarrekin lan egiten jarraitzeko apustua egin dute, aktibo dauden profesionalak prestatuz Gipuzkoako enpresa-ehuna indartzeko asmoz. Dagoeneko hasiak dira hamabosgarren edizioa plazaratzen, izena emateko epea irekita baitago.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa