“Laboral Kutxari esker txirrindularitzaz bizitzeko aukera dut”

Ane Santesteban (Errenteria, 1990) 11 urte egon da Euskal Herritik kanpo bere txirrindularitza ibilbidea egiten eta, gaur egun, LABORAL Kutxa taldeko txirrindularia da.
Card image cap
2024/08/12

Azaldu digunez, LABORAL Kutxari esker, Euskal Herrian, emakumea izanik, txirrindularitzaz bizitzeko aukera dauka eta oso eskertuta dago. 2026. urtera arte dauka kontratua Santestebanek LABORAL Kutxan eta buru belarri ari da lanean Espainiako Txapelketarako, Giro de Italiarako, Joko Olinpikoetarako eta Frantziako Tourrerako.

Debabarrena Kirolgin hasi zenuen txirrindularitza ibilbidea, eta ondoren Italiako, Alemaniako eta Australiako talde ezberdinetan aritu zara eta, gero, Euskal Herrira itzuli. Nola daramazu itzulera?

Egia esan, oso polita da, 11 urte pasa ditut etxetik kanpo eta orain Euskal Herrira bueltatzea, hemengo jendearekin inguratuta egotea, hemengo staffarekin, bertako txirrindulariekin eta, batez ere, gure kulturarekin oso polita da. Orain dela urte batzuk, gainera, kanpora joatea erabaki nuenean, ez nuen espero bueltatzeko aukerarik izango nuenik, izan ere, orain dela urte batzuk emakumeen txirrindularitza Euskadin ez zegoen egoera onean, eta ezin genuen txirrindularitzaz bizi. Laboral Kutxari esker, aukera hori daukagu eta oso eskertuta nago.

Joan zinenetik, Italian, Alemanian, Australian ibilbide ederra egin duzu. Zer ikasi duzu?

Gauzak lortzeko esfortzua egin behar dela. Seguruenik, nik ez dut edukiko beste txirrindulari batzuek izan dezaketen talentua, baina, urte askoan zehar egin dudan lanari esker, nago gaur egun hemen. Bestalde, esango nuke etxeko gauzak gehiago baloratzen ikasi dudala, konturatu naiz etxean moduan ez zaudela inon ere.

Orain Laboral Kutxan zaude. Emakumezkoen txirrindularitzaren erreferentziazko proiektuan. Nola aldatu da egoera?

Esango nuke, azkenengo 4 urteetan pila bat aldatu dela emakumeen txirrindularitza. Lehen, talde profesional batean nengoen, baina ez nuen aukerarik txirrindularitzaz bizitzeko, orain, aldiz, bai. Hemen denok berdinak gara, gure soldata daukagu, gure lanbidea. Horrez gain, orain, hemengo lasterketetan ere, jendea ikusten da animatzen eta, duela urte batzuk, ez zen hori pasatzen. Laboral Kutxa proiektuak asko lagundu du horretan, adibidez, egun, telebistan ikusi daitezke Laboral Kutxaren iragarkiak eta horrek asko laguntzen du, gizarteak ikusten baitu emakumezkoen txirrindularitza existitzen dela. Hain zuzen ere, emakumeok ere txirringan ibiltzeko aukera daukagula, gu ere profesionalak garela eta, horrek ere, pila bat lagundu du. Jende asko animatzen da bizikletan ibiltzen eta egoera asko aldatu da, kulturan antzaldatu dela esango nuke. 

ane-santesteban-2.jpg

Izan duzu oztoporik txirrindularitzan emakume izateagatik?

Askotan esan diot nire buruari: emakume izateagatik ez dut aukerarik txirrindularitzatik bizitzeko? Oztopo asko izan ditut bidean, amorrazioak ere bai, baina, oso burugogorra naiz eta lanean jarraitu dut. Orain, behintzat, lortu dugu Euskadin talde profesional bat izatea eta, uste dut, bide onean goazela.

Nola sortu zen Laboral Kutxako aukera?

Taldea sortu zenetik egon naiz kontaktuan Aitor Galdos Euskadi Fundazioko zuzendariarekin eta, azken urteotan, beti esan izan dut txirrindulari karrera Euskal Herrian bukatu nahi dudala, etxeko talde batean. Laboral Kutxa atera zenetik, beti eduki dut buruan aukera hori. Aurreko urtean, hasieratik nahiko bideratuta zegoen guztia, eta animatu egin nintzen. Uste dut beti eskatu dugula Euskadin horrelako proiektu bat izatea eta, orain lortu dugula, zergatik ez hona etorri?

Zentratu gaitezen Frantziako Tourrean. Laboral Kutxarentzat eta zuretzat sekulako erronka izango da, ez?

Bai, urteko erronka izango da, urteko helburua. Aurreko urtean 8. postuan bukatu nuen Frantziako Tourra eta esperientzia oso polita izan zen, baina, etxeko maillotarekin, oraindik eta bereziagoa izango da. Egia esan, gure helburu nagusia izango da Frantziako Tourrera ondo iristea eta gogotsu nago.

“Alpe d'Huez-eko etapa irabaztea da nire ametsa”

Nola ari zara Tourrerako prestatzen? Zer espero duzu?

Orain beste txapelketa batzuk ditugu. Lehenengo, 4 aste ditugu Espainiako Txapelketarako. Ondoren, beste 2 Giro de Italiarako eta, gainera, espero dut Joko Olinpikoetan ere egotea, eta, hori guztia eta gero, Tourrera. Hemengo maillotarekin lehenengo hamarretan sailkatzea oso polita izango litzateke eta gero, Alpe d'Huez-eko etapan aurrean iristea.

Zer espero dezake euskal zaleak?

Aurreko urtean mezu pila bat jaso nituen Tourrean, oso polita izan zen. Duela urte batzuk ez nuen espero jendeak horrenbeste jarraitzerik, asko animatu ninduten. Aurten ere, espero dut, Laboral Kutxa lasterketa guztietan aurrean ibiltzea, maillota eta gure xarma erakutsiz.

Ezagutzen duzu Laboral Kutxa erakundea? Ezagutzen dituzu bere balioak?

Bai, eta uste dut txirrindularitzan ere Laboral Kutxaren balioak bat datozela. Gu ere talde bat gara, lider bat daukagu, baina, denok berdin-berdinak gara. Niretzat nire taldekideak ni bezalakoak dira eta, txirrindularitzan ere, talde bezala lan egitea oso garrantzitsua da. Uste dut, bai Laboral Kutxak, eta baita gure taldeak ere, balio berdinak dituztela.

Bukatzeko. Amets bat Tourrera begira.

Alpe d'Huez-eko etapa irabaztea, hori da amets bat. Mendiko etapa bat da, eta portu batean bukatzen da. Iaz ere eduki genuen horrelako etapa bat Tourmaleten, eta Euskal Herritik jende ugari etorri zen ikustera. Goiz hartan, lagun askok bidali zizkidaten argazkiak animatzeko, bertan itxaroten zeudela esanez, eta, aurten ere, berezia izango da etapa hori. Ikurrinak ikusteak eta animoak entzuteak indar handia ematen didate.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.