Bi langile larri zauritu dira Fagor Arrasateko lantegi batean izandako leherketaren ondorioz

Fagor Arrasatek Arrasateko Nafarroa Etorbidean duen lantegian (sasoi bateko Gamei SA) leherketa bat izan da, 12:15ak inguruan. Horren ondorioz, 26 eta 33 urteko bi gizonezko larri zauritu dira.
Card image cap
Suhiltzaileak lantegian sartzen. (Argazkia: Goiena.net)
2012/07/26

Osakidetzak emandako azken ordukoaren arabera, biak daude larri, baina hori bai, batek gorputz osoan ditu erredurak, bigarren eta hirugarren gradukoak. Besteak, berriz, eskuetan eta aurpegian ditu erredurak, horiek ere bigarren eta hirugarren gradukoak. Biak ala biak Gurutzetako Ospitaleko erreduren unitatera lekualdatu dituzte. Pronostikoa erreserbatua da.

Azpikontratatutako enpresa batekoak dira zauritutako bi lagunak. Ezbeharra gertatu denean, langileak makina bat garbitzen ari ziren grasa kentzeko likidoarekin, ezagutzen ez diren arrazoiengatik leherketa gertatu denean. Lantegi hartako behargin baten arabera, 10 langile inguru ariko ziren lanean leherketa izan den lekutik gertu eta haietako bi harrapatu ditu bete-betean. Esan bezala, bat sutan ikusi dutela adierazi digu. Lankideek eurek eraman dituzte errepidearen beste aldean dagoen eskualdeko ospitalera, bat furgoneta batean. Leherketaren ondorioz sortutako sua ere langileek itzali dute, itzalgailuekin. Badaezpada, suhiltzaileei ere deitu diete gero, surik berriz sortu ez zedin ziurtatzeko.

Leherketa zerk eragin duen argitzeko azterketa

Gurutze gorrikoak eta udaltzainak ere bertaratu dira, baita ertzainak ere. Istripuaren lekuan egin dute aurreneko azterketa, argazkiak-eta hartu dituzte, leherketa zerk eragin ahal izan duen jakiteko. Kalte materialak ez dira handiak izan, aurrez aipatutako langilearen arabera.

Fagor Arrasaterendako zerbitzu teknikoa

Arrasateko Nafarroa Etorbideko Fagorren lantegian, garai batean Gamei izandakoan, Fagor Arrasaterendako zerbitzu teknikoa ematen dute. Automoziorako makinak-eta konpontzen egiten dute lan. 25 lagun inguru ari ziren plantan lanean istripua gertatu denean. Lantegitik kanpora atera dira langileak aurrena eta arduradunek etxera bidali dituzte laster.

Iturria: Goiena.net

Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.