Fagor Ederlanek moldeak eta tresneria egiteko industri jarduera handitu du

Bere Aluminio lantegietarako moldeak egiteko jarduera industriala Fagor Etxetresna Elektrikoen hozkailuen garai bateko plantara eramango du.
Card image cap
Fagor Ederlanek lantegi berrian udaberri aldera hasiko dela bere aktibitatea jakinarazi du. Bitartean, hasi dira lantegiaren egokitze lanak.
2017/01/09

MONDRAGON Korporazioan integraturiko Fagor Ederlan kooperatibak hitzarmen bat itxi berri du Fagor Etxetresna Elektrikoen hozkailuen garai bateko plantan 4.800 metro koadro alokatzeko, Arrasateko San Andres auzoan. Instalazio horietan Fagor Ederlanek moldeak egiteko industri jarduera garatu nahi du, behe presioko fundizioko eta aluminio injekzioko plantetarako.

2019an 50 lanpostu aurreikusten dira, eta aurreikuspen horrekin kooperatiba jada hasi da ezartzeko proiektuan lanean. 2017ko udaberrian industri jarduerari ekitea espero da.

Pabiloia egokitu eta gero, kooperatibak bitarteko produktiboak eramango ditu Aretxabaletan, Eskoriatzan, Arrasaten eta Bergaran dituen 4 plantetarako moldeak egiteko eta tresnen mantentze eta mekanizazio lanetarako. Horrenbestez, kooperatibak moldeak eraikitzeko duen ahalmena bikoiztuko du eta egun dituen plantetan leku librea utziko du etorkizuneko proiektuetan ekoizpen ahalmena handitzeko.

Moldeen diseinua, non Edertek zentro teknologikoa liderra baita, eta moldeen eraikuntza funtsezko elementuak dira horrelako osagaietarako balio erantsiko proposamenetan.

Nazioarteko hedapena

Kooperatiba nazioartean egiten dituen salmentak handitzen ari da, eta, handitze prozesu horretan bete-betean sartuta dagoela, balio erantsi handiko jardueren garapenaren alde egiten jarraitzen du bere egoitza zentralean. Fagor Ederlan Europako liderra da automobilgintzan, ibilgailuen esekidura, motor eta transmisiorako aluminiozko osagaien garapenean eta fabrikazioan. Injekzioko eta Aluminiozko Behe Presioko Galdaketako 7 ekoizpen plantarekin, Fagor Ederlanek %60 baino gehiagoko hazkundea aurreikusten du 2019rako, teknologia bietako jardueran.

Fagor Ederlan Groupi buruz

Fagor Ederlan Group erreferentziazko hornitzailea da automobilgintzaren sektorean. Fagor Ederlan Groupek soluzio integralak eskaintzen dizkio merkatuari, produktu lerro guztietan. Ibilgailuen fabrikatzaile eta Tier 1 hornitzaile nagusiak Fagor Ederlanen bezeroak dira, eta haiei esker merkatuko erronka garrantzitsuenak partekatu, ulertu eta lortu ditzake, bezero bakoitzaren eta merkatuko eskualde bakoitzaren eskariei modu pertsonalizatuan erantzunda.

Zerbitzurako bokazio argiak taldearen nazioarteko hazkundea ahalbidetu du, eta, ondorioz, Fagor Ederlan hornitzaile globala bihurtu da: une honetan 20 planta eta ekoizpen aliantza ditu sektoreko eskualde nagusietan, hala nola Europan, Mercosurren, Asian eta Naftan.

3.600 profesional baino gehiagorekin, kooperatiba MONDRAGON Korporazioko kidea da, eta enpleguaren sorrera da bere izateko arrazoia eta bere jardueraren motorra.

Automozio osagaiak