LABORAL Kutxak 137,7 milioi euroko mozkin bateratua lortu du 2019an

Kaudimenaren alorreko liderra izaten jarraitzen du LABORAL Kutxak: % 20,7ko CET1 ratioa du.
Card image cap
2020/02/20

2018ko ekitaldiaren ezaugarrietako asko errepikatu egin dira 2019an ere finantza-erakundeentzat: Euriborrari lotutako tasen kurbak beheraldi luzeari eutsi dio, eta horri ziklo ekonomikoaren dezelerazioa erantsi zaio, batez ere urteko azken zatian.


Aurreko ekitaldiko emaitzak hobetzea lortu du LABORAL Kutxak. Kreditu-kooperatibaren emaitza-kontuak 137,7 milioi euroko mozkinak izan ditu zergak ordaindu ondoren, aurreko ekitaldian baino % 3 handiagoak. 

Interes-marjinari eusteko zailtasuna da banku-negozioaren ezaugarri nagusia. Testuinguru horretan, jarduera komertzial indartsua izan du oinarri LABORAL Kutxaren emaitzak ekitaldian, batez ere hipoteka-merkatuan, formalizazio berriek % 12,9 egin baitute gora, baita merkataritza-arloan ere, enpresen kreditu-inbertsioak % 9 handitu baitira.
Era berean, entitatearen sarrerak hobetzeko lagungarri izan da pasiboko saldoek balantzetik kanpoko figuretara izan duten fluxua, zehazki inbertsio-fondoetara eta aurreikuspen- eta pentsio-planetara, % 11,9 eta % 6,9 handitu baitira, hurrenez hurren
Ekitaldiaren laburpena egiteko beste alderdi garrantzitsu batzuk aipatu behar dira, hala nola berankortasunaren bilakaera, beheraka jarraitu eta % 3,73an kokatu dena, eta likideziaren egoera bikaina, % 68ko LTD ratioarekin.
Bereziki azpimarratzekoa da LABORAL Kutxaren sendotasuna kaudimenaren aldetik, % 20,17ko Common Equity Tier1 ratioa (CET1) izan du eta.

Emaitza-kontua
Euriborrak aurreikusitakoa baino portaera okerragoa izan badu ere, interes-marjina % 1,38raino hobetzea lortu du LABORAL Kutxak, 249,9 milioi euroraino. Datu positibo horren arrazoi nagusiak izan dira, alde batetik, aktiboko formalizazioen bilakaera ona, eta, bestetik, altxortegi propioaren gestioaren ekarpena.
Komisioen ekarpenak, bestalde, % 2,57ko hazkundea izan du. Balantzetik kanpoko figuren (batik bat aseguru-negozioaren eta ordainbideen) portaera onak konpentsatu ahal izan du gordailuen berme-funtsera eta entitateen suntsiarazpenerako funtsera egindako ekarpenen zama, 29,7 milioi eurokoa (% 7,2 gehiago). Horri esker, entitatearen marjina gordina 405 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitalditik % 0,27ko hazkunde txikia lortuta.
Gastu eta amortizazioen arloko gestio efizientea egiten jarraitzen du LABORAL Kutxak. Hala, % 1,44 jaitsi dira, 240,9 milioi euroraino.
Berankortasunak behera egin arren, entitateak ohiko irizpideari eutsi nahi izan dio, zuhurtasunik handienaz jokatuz. Ildo horretan, narriadurak eta kaudimengabeziak estaltzeko iazko ekitaldikoen antzeko zuzkidurak bideratu ditu: 10,67 milioi euro.
Aurreko guztiaren ondorioz, zerga aurreko emaitza bateratua 153,7 milioi eurokoa izan da. Zergak ordaindu ondoren eta gizarte-ekintzarako funtsak esleitu aurretik, ekitaldiko emaitza garbi bateratua 137,7 milioi eurokoa izan da, 2018ko ekitaldian baino % 3 handiagoa.


Berankortasuna beherantz
Kreditu-zorroetan hazkundeak lortzeko lehia guztiz zorrotza dela eta, arriskua zorrotz gestionatu beharra dago, aktiboen formalizazioak areagotuz emaitzak lortu ahal izateko.
Ildo horretan, kreditu-zorroaren kalitatea hobetzea lortu du LABORAL Kutxak, zalantzazko maileguak % 17,2 jaitsiz. Ondorioz, LABORAL Kutxaren berankortasun-indizeak beheranzko joerari eutsi dio, % 3,73ra iritsi arte. Emaitza oso ona da, banku-sektorearen zalantzazkoen ratioarekin alderatuta (% 4,99koa, azaroko azken datuaren arabera).

Likidezia handia
Entitatearen kreditu eta gordailuen arteko proportzioa neurtzen duen LTD (Loans to Deposits) ratioa bikaina da: % 68,07koa. Epe laburrerako likideziari dagokionez, LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratioa % 527koa da, oso altua, kontuan hartzen badugu araudiak eskatzen duen gutxieneko maila % 100ekoa dela.
Liderra kaudimenean
Kapitala modu organikoan sortzen jarraitu du LABORAL Kutxak. Ekitaldiaren bukaeran, entitateak % 20,17ko CET1 fully loaded kapital-ratioa du. Ratio hori bat dator kaudimen osoaren mailarekin, eta oinarrizko 141 puntuko igoera izan du 2019an zehar.
Kreditu-kooperatibaren fondo propioen –denak kategoriarik handienekoak– eta arriskuaren arabera haztaturiko aktiboen arteko erlazio horri esker, LABORAL KUTXAren kaudimen-maila lehiakideena baino hobea da orokorrean, eta gainbegiralearen eskakizunak aise betetzen ditu.


Aurrezkia
2019ko ekitaldiaren bukaeran gestionatutako baliabide guztiak % 8,1 handitu dira, eta 23.590 milioi eurora heldu.
Bezeroen gordailuak % 7,9 handitu dira, ageriko kontuen, aurrezki-kontuen eta eperako gordailuen bitartez bideratuak.
LABORAL Kutxaren bezeroek aurrezkia dibertsifikatzeko joera izan dute urtean zehar. Horrekin lotuta, entitateko gestore espezializatuek aholkularitza-lan handia egin dute bezeroekin. Ondorioz, entitateak gestionatutako balantzetik kanpoko baliabideek portaera ona izan dute. Hala, inbertsio-fondoak % 11,9 hazi dira, sektorearen batezbestekoa baino 4,5 puntu gehiago. Aurreikuspen- eta pentsio-planetan, berriz, ekarpenak % 6 handitu dira, eta ekarpenak egiten dituzten bezeroen kopurua % 8.


Familien eta enpresen inbertsioa
2019ko ekitaldia inflexio-puntua izan da kreditu-inbertsioaren bolumenari dagokionez. LABORAL Kutxaren salmenta-indarraren dinamismo komertzialari esker, urtean zehar kontratatutako mailegu eta kredituek konpentsatu egin dute oraindik ere handia den amortizazioen fluxua.
Zentzu horretan, kreditu-inbertsioa guztira 13.1826 milioi eurokoa zen iazko abenduaren bukaeran, 2018ko abenduko saldoa baino % 4,8 handiagoa. Datu hori askoz hobea da banku-sektorearena baino, horren batez besteko bilakaera negatiboa izan baita urtean: % 1,6 egin du behera 2018koarekin alderatuta (abenduko datua).
Etxebizitza erosteko hipoteka-kredituen zenbatekoa % 12,9 handiagoa izan da 2018koa baino, nahiz eta Estatuan merkatu hori geldirik egon, joan den ekainean onartutako Hipoteka Lege berriaren ondorioz.
Kontsumorako kredituei dagokienez, entitateak bilakaera positiboa izan du urtetik urterako konparazioan. Azken zatian, batik bat, urteko saldo osoa % 5,7 handitu da eta urteko formalizazioak % 2,9 gehitu dira.
Atal horretan balio berezia hartu du LABORAL Kutxak aurrez emandako berehalako maileguen modalitateak, DISPON izenekoak: % 6 handitu dira urtean bai kontratazioen kopurua bai horien zenbatekoa, eta urte osoan emandako kontsumorako mailegu guztien bolumenaren % 55 hartu dute. Azpimarragarria da, halaber, DISPON kreditu gehienak bulegoen ordezko kanalen bidez gauzatu direla, eta % 50 baino gehiago telefono mugikorren bidez.
Merkataritzaren arloan, urtearen bukaerako dezelerazio ekonomikoak ez du eragin nabarmenik izan ekitaldiaren bilakaeran. Formalizazioak % 9 gehitu dira aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta, horrenbestez, LABORAL Kutxaren bezero diren enpresen kreditu-inbertsioaren saldoak bilakaera positiboa izan du ondoz ondoko bigarren urtez.


Aseguruen negozioa
Aseguruen negozioak emaitzei egindako ekarpena 39,5 milioi eurokoa izan da 2019an. Ekitaldiko bilakaera onak lau ardatz izan ditu: saldutako poliza berrien hazkunde nabaria (% 4,5ekoa), berritze-maila handia, ezbehar-kopuru txikia eta gastuen gestio efizientea.
Primen bilakaera dela eta, azpimarratzekoa da etxeko aseguruen portaera ona, urtean % 2,9ko igoera izan baitute, baita bizitza-arriskuko aseguru indibidualena ere, % 3ko hazkundearekin.

Eraldaketa digitala
LABORAL Kutxak erritmo bizian jardun du digitalizazioa eta omnikanalitatea garatzeko plana aurrera eramaten.
Entitateko bezeroek bestelako harreman-eredua eskatzen dute, gero eta intentsiboagoa teknologiari dagokionez. Izan ere, bezero digitalen kopuruak % 9 egin du gora 2019an, eta telefono mugikorra da hazkunde horren eragile nagusia. Hala, online kanaletako bezeroen % 80k telefono mugikorra erabiltzen du. Datu argigarri gisa, Bizum ordainpeko plataforma mugikorraren erabiltzaileak % 70 gehitu dira 2019an.
Bezero digitalaren esperientzia hobetzearen aldeko apustua egiten du LABORAL Kutxak, eta, horretarako, argitasuna eta erabilerraztasuna bilatzen ditu bere garapen teknologikoetan. Adibidez, erabat responsive den online bankaren ereduan, funtzionalitate guztietan first mobile irizpidea lehenesten da.
Maila kualitatiboan, beste berritasun batzuen artean, autonomoentzako online bankako plataforma berritu du entitateak, eta, besteak beste, saltokiko terminalen bidez egindako fakturazioari buruzko informazioa eskuragarriago dago orain. Era berean, ordainbideei lotutako funtzionalitate online berriak kaleratu dira 2019an, esaterako kreditu-txartelen muga handitzea eta titularrek txartel horiek itzali eta pizteko aukera izatea.
LABORAL Kutxaren banka eta aseguruen eredu integratuak entitatearen estrategia digitalaren ikuspegi bateratua eta koordinatua eskaintzen du, aseguruekin lotutako produktu eta zerbitzuen berrikuntza ere barne hartzen baitu. Arlo horretako garapen berrien artean, aipatzekoa da joan den urteaz geroztik edonork egin dezakeela etxe-aseguruaren onlineko tarifikazioa eta kontratazioa. Horrez gain, etxeko ezbehar guztien gaineko informazioa online jarraitzeko zerbitzua eskaintzen da, aseguratu guztiek beren telefono mugikorretik denbora errealeko jarraipena egin dezaten.


Konpromisoa jasangarritasunarekin
LABORAL Kutxak urrats gehiago eman ditu 2019an garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa berresteko. Adibidez, Nazio Batuen Erakundeak New Yorkeko egoitzan Banka Arduratsuaren Printzipioak sinatzeko deitutako 130 entitateetako bat izan zen, joan den irailean. Ekimen hori erreferentzia izango da sektorean. Helburua: finantza-sistemaren konpromisoa eta erantzukizuna zehaztea, etorkizun jasangarriaren alde egiteko, Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta klima-aldaketaren inguruko Parisko Hitzarmenekin bat.
Ingurumenaren arloan, EKIAN eguzki-parkean parte hartzen duten enpresen taldeko kidea da LABORAL Kutxak. Parke horrek 55 hektareako azalera, 24 MWko potentzia instalatua eta urtean 40.000 MWh-ko produkzioa izango du. EAEko planta fotovoltaikorik handiena izango da. Eredu jasangarriago baterako trantsizioan parte hartzeko borondatea duelako hartzen du parte entitateak ekimen horretan.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.