40 urte kooperatiben zerbitzura

Kooperatiben Kontseiluak (gaur arte EKGK/CSCE) kooperatibismoa sustatzen eta hedatzen jarraituko du, azken 40 urteetan egin duen bezalaxe. Bilboko Euskaldunan ospatu dute urteurrena, gaur goizean.
Card image cap
2023/02/27

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria buru zirela egin da gaur eguerdian Euskalduna Jauregian Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren 40. urteurreneko ekitaldia. 

Patxi Olabarria kontseiluko lehendakariak enpresa kooperatiboaren ereduari balioa emanez jardun du nagusiki bere diskurtsoan

Bere historiako uneren batean Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartu duten pertsonek egindako lana aitortzeko egin da ekitaldia, besteak beste.

Horrez gain, 40 urte hauetako mugarri nabarmenenak eraikitzen lagundu duten erakundeen inplikazioa eta konpromisoa eskertzeko balio izan du. Ekitaldian lau hamarkada hauetako historia errepasatu da, hiru uneren bidez: eraiki, indartu eta bultzatu.

Lehen zatian Kontseiluko presidenteei aitortza egin zaie, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen eskutik. Luis Irazabal, Javier Sanz, Jose Felipe Yarritu, Alfredo Ispizua, Maria Ubarretxena, Javier Goienetxea eta Patxi Olabarria egungo presidentea egon dira bertan. MONDRAGON Korporazioko presidente Iñigo Ucin-ek ere parte hartu du ekitaldian.

Era berean, Kontseilua osatzen duten erakundeek Osoko Bilkuran ordezkari izan dituzten ehun kontseilukideei omenaldia egin zaie bihotz-bihotzez. Hau da, Konfekoop, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta hiru euskal unibertsitateak ordezkatzen Osoko Bilkuran parte hartu dutenei.

_R0A8707.JPG

Bigarren zatian, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egungo uneaz hitz egin da. Patxi Olabarria kontseiluko lehendakariak enpresa kooperatiboaren ereduari balioa emanez jardun du nagusiki bere diskurtsoan, enpresa tradizionalerako eredu erreferentea den heinean. “Enpresa kooperatiboak kalitate handiagoko enplegua sortzen du, erabakietan parte hartzeko aukera ematen du, eta soldata eta genero arrakala murrizten du. Kooperatibei lotutako balio horiek dira gazteek gero eta gehiago eskatzen dituztenak, eta gazteak dira eta izango dira Euskadin etorkizuneko ekoizpen eta enpresa sarea eratuko dutenak”.

Hain zuzen ere, euskal kooperatibismoaren etorkizuna izan da ekitaldiaren hirugarren zatiko protagonista, hiru gaztek, etorkizuneko kooperatibistak, eta Xabier Igoa bertsolariak ordezkatuta.

Etorkizunari begiratzearekin batera, Kontseiluak bere marka berria aurkeztu du: Kooperatiben Kontseilua irudi berritu batekin, horizonte berriari aurre egiteko, enpresa kooperatiboek Euskadiko garapen ekonomikoari eta sozialari ekarpen handiagoa eginez.

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzekin eman zaio amaiera ekitaldiari.