Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Hamarkada bateko ibilbidea egin du Fagor Ederlan Kunshanek
Fagor Ederlan Kunshan erreferente da kooperatiba taldean, besteren artean, prozesuan zein ekoizpenean darabilen puntako kudeaketa ereduarengatik, teknologiaren alorrean izandako aurrerapenengatik eta prozesuak berritzeko erakutsitako gaitasunarengatik. Hamar urteko historian, etenik barikoa izan da izan duen bilakaera, eta, horri esker, Ederlan Taldeak txasisari loturikoendako, mekanizaziorako eta behe presioko aluminioaren galdaketarako duen bechnmark planta da gaur egun.
Horrez gain, Txinako merkatuan erreferente da esekidurendako osagai aurreratuen eta arinduen alorrean.
Hain zuzen ere, duela 20 urte baino gehiago ekin zion Fagor Ederlanek behe presioko aluminioaren teknologiarekin lan egiteari. Hari esker, pisu murritzagoko segurtasun osagaiak eskaini ditzake kooperatibak -esekidura portamangetak, kasu-, ibilgailuen CO2 isurketak murrizteko eta automozio sektore iraunkor bateranzko urratsak egiteko lagungarri. Bada, soluzio erabilgarriak eta egokiak emateko erakutsitako gaitasunari esker, premium marken artean da Fagor Ederlan. Hori horrela, kooperatibak aurrera urratsak egin ditu nazioartean, automozio merkatu nagusiekiko eta haien bezeroekiko gertutasuna topatu nahirik -horrexegatik erabaki zen Txinan ekoizpen planta bat zabaltzea-.
“Oraindik orain, lantegi berritzailea izaten segitzen du Fagor Ederlan Kunshanek, Europan haren pare dabiltzan bi lantegi dituena, eta, beste bat, Mexikon. Horri esker, biderkatu egiten da mundu mailako geure gaitasuna. Gainera, behe presioko teknologiak, aukerak dakartza geure etorkizunarendako zein automozioaren sektorearendako”, aitortu du Juan Maria Palencia Fagor Ederlan Groupeko gerenteak. Lehen zimenduak jarri zirenetik (2011. urteko erdialdea), esponentziala izan da lantegiaren hazkundea. Bada, 2013 eta 2021 urte bitartean, gai izan da urteko ekoizpena bikoizteko. Are: 2020an, pandemia betean, %14 handitu zuen haren ekoizpena.
Ostera, lantegiaren funtsezkotasuna azpimarratu du Jon Arano Fagor Ederlan Groupeko Aluminioko Negozio zuzendariak: “Gaur egun hausnarketa estrategikoan gaude murgildurik, 2030eko Fagor Ederlan Group marrazten".
"Etorkizuneko mapa horretan, Fagor Ederlan Kunshan funtsezko zutabea da gure proiekturako”.
Proiektuak eta aitortzak
Fagor Ederlan Kunshanek 40 profesionalekin hasi zuen proiektua, eta 200 pertsona baino gehiago ditu gaur egun. Besteren artean, GM, BMW eta Daimler bezalako erreferentziazko fabrikatzaileentzako proiektuak ditu aipagarrienen artean. Horiek guztiek aintzat hartua dute Fagor Ederlan Kunshanek Asiako herrialdean dituen beharrei erantzuteko erakutsitako gaitasuna, eta konfiantza dute haren kudeaketan.
Dena den, bezeroen konfiantza ez da Fagor Ederlan Kunshan indartzen duen bakarra. Horri, orain artean jasoak dituen zenbait aitortza gehitu behar zaizkio. Hor daude Third Grade Enterprise certificate of Safety Production Standarization (2015), High-Tech Enterprise Certificate (2016), Quiandengen jasotako etorkizun handieneko hamar enpresen saria (2017) eta Ten Growing Enterprises in Quideng saria (2020).