Koronabirusak sortutako egoera kooperatibista baten ikuspegitik

Koronabirusak sortutako egoera kooperatibista baten ikuspegitik

IÑIGO IÑURRATEGI, MONDRAGON Taldeko kooperatibista.
Batetik eta bestetik etorkizun hurbil-ertaina nolakoa izango den iritziak handik eta hemendik jasotzen ari garen honetan, Euskal Kooperatiben esperientziatik abiatuta zenbait ideia ekarri nahi nituzke ikuspegi orokorra aberasteko.
2020/05/04

Krisiaren bezpera arte hitzetik hortzera generabilkien inglesezko VUCA kontzeptua (Volatility, Uncertainty, Complexity, Ambiguity) etorkizun hurbileko errealitatearen ezaugarriak laburbiltzeko… Eta guztia hankaz gora jartzen ari den honetan, bete-betean asmatzen du termino horrek gaur egungo errealitatea bera deskribatzeko. Krisi honek mendebaldeko zibilizazioaren egituraketa sozioekonomikoa kinka larrian jarri badu ere, behin-behinekoa izango den pandemia hau baino arazo estruktural eta larriagoak ditugu sakonean (garapen eredu ez jasangarria, klima aldaketa, arrakala sozioekonomikoa,…). Beraz, krisi honi erantzun puntual bat emateaz gain, gure bizimoduaren garapenerako baldintza eta estrategien birmoldaketa sakonagoa egin beharko dugu.

Gure bizimoduaren beharrei erantzuteko aktibitate guztiei berrekin beharko diegu. Eta berrabiatzeko premia ez ezik, herri estrategia ekonomiko oso bat garatzeko aukera/beharra ere badugu.

Erronka itzela da. Batetik, osasunari dagokionez, gaitz honi aurre egiteko estrategia egokiak garatu beharko ditugu, bai hasiera honetan, osasun sistema ataka estu honetatik irteten laguntzeko, eta baita ondorengo hilabeteetan ere, erabateko konponbidea iritsi bitartean, gaitza kontrolpean mantentzeko.

Eta bestetik, Ekonomia, zentzurik zabalenean, berrabiarazi beharko dugu. Alegia, gure bizimoduaren beharrei erantzuteko aktibitate guztiei berrekin beharko diegu. Eta berrabiatzeko premia ez ezik, herri estrategia ekonomiko oso bat garatzeko aukera/beharra ere badugu.

 

Osasunarekin zerikusia duten erronkei dagokienez, euskal kooperatibagintzatik honako bi ekarpen nagusi hauek egin ditzakegu:

· agindutako osasun protokoloak zorrotz zaindu eta aplikatzea

· gure baliabide materialak zein ezagutza osasun sistemak izan ditzakeen beharrei erantzuten jartzea (beharrezko makina eta materialak ekoitziz, inportatu beharreko materialen logistika kudeatzen lagunduz, e.a.).

Egitura ekonomikoaren berregituraketari dagokionez, iruditzen zait euskal kooperatibagintzaren esperientziak (arrakastak eta porrotak, guztiak kontuan hartuta) egin ditzakeela gizarte osoarentzat interesgarriak izan daitezkeen zenbait ekarpen.

Mundu osoko gobernuek espazio publikoaren kontrola hartzen duten heinean, mundu osoko populismoaren hazkundearekin demokrazia iliberalak indartu egin daitezke, eta herritarrek eskubide indibidual eta zibilen muga itzulezinak jasan ditzakete.

Laburbilduz, hiru esparru aipatuko nituzke:

· Gizartearen berregituraketan komunitate eta pertsona autoeratuen garapena

· Erronka sozioekonomikoei aurre egiteko estrategiak

· Konpromisoa eta identitatea lantzea

Komunitate eta pertsona autoeratuak

Tradizio kooperatiboaren oinarrian dago autoeraketa: behar indibidual eta kolektiboei elkarlanean erantzutea, norberak eta guk norberaren eta gure beharrei erantzutea, dauzkagun baliabide eta elkarlanerako gaitasunekin eta protagonista izanik.

Autoeraketaren ikuspegitik pertsona eta komunitate justuagoa garatzeko, pertsonek eta komunitateek beraien bizimoduan aurrera egiteko oinarrizko gaien gainean erabakitzeko eta parte hartzeko modua izan beharko lukete: protagonista izan, besteren eskutan utzi gabe.

  • Subsidiaritate printzipioaren garapenari dagokionez, esan beharra dago eredu zentralizatuek badutela zenbait abantaila administrazioaren efizientziaren ikuspegitik, eskalak eman ditzakeen abantailengatik, baldintza ezberdinetan egon daitezkeen egoerak orekatzeko… Baina bai naturak garatu dituen egituretan zein gizarte egitura modernoetan frogatuta dago egitura inteligente eta eraginkorrenak egitura banatuak, autonomoak, ez zentralizatuak direla. Nola aprobetxatu eskala eta zentralizazioaren abantailak eta subsidiaritatea oinarritutako egiturak? Gaur egun inoiz baino posibleagoa da, komunikazio teknologien eta inteligentzia artifizialaren garapenaren bitartez, lekuko egitura autonomo adimendunak garatzea (udalak, auzoak, ikerketa zentroak, ikastetxeak, ospitaleak, enpresak…) beste eskala bateko plangintza eta koordinazioarekin uztartuta (Foru Aldundi, Gobernu, Europa edo mundu mailako agentziak,…). Beraz, bi ereduen abantailak uztar genitzake. Horretarako zenbait eskumenen birdefinizioa egin beharko litzakete eta beharrezko baliabidez hornitu eskala bakoitza, subsidiarioki lekuan lekuko beharrei erantzuteko gaitasuna handitzeko1.
  •  Autoeraketa eta lankidetzarako nortasun indibidual eta kolektiboaren garapenerako, berriz, ezinbestekoa da beraien buruarengan eta besteengan konfiantza izango duten pertsonak sustatzea, elkarlanerako gaitasun eta gogoa izango dutenak, eta arlo ezberdinetan konpetentzia teknikoak garatuko dituztenak. Horretarako beharrezkoa da zaintza eta heziketa baldintza egokiak garatzea. Jaiotzen denetik haurrak etxean, bere inguruan, ikastetxean, aurkituko ditu bere identitatea eta bere buruarekiko zein besteekiko konfiantza garatzeko baldintzak. Lehentasun soziala izan beharko luke gure haurrei oinarrizko baldintza horiek bermatzea; familien eta hezkuntzako profesionalen baldintzak egokiak izan daitezen bermatzea. Behin haurrak konfiantzaren oinarriak egoki garatu dituenean, prest izango da aurrera egiteko. Eta lagundu beharko zaio pedagogia eredu egokienekin autoezagutza, ezagutza teknikoa, lanerako eta elkarlanerako gaitasuna, eta abar. garatzen. Horrela, haur horiek etorkizuneko gizartearen protagonista diren heinean, gure hezkuntza sistemaren garapena gizarte garapen ereduaren erdigunean jarri beharko dugu.
Mintzberg-ek hiru esparru definitzen ditu gizartearen baitan: sektore publikoa (Estatua), sektore pribatua (Merkatua) eta sektore anitza (gizarte zibila). [...]Gizartea berrorekatzeak hiru sektore horien dimentsioa orekatzea lekarke.

Subsidiaritatearen logika barneratuta eta pertsona autoeratzailea sustatuta, posible litzateke, Henry Mintzberg-en hitzetan, gure gizartea berrorekatzea2. Mintzberg-ek hiru esparru definitzen ditu gizartearen baitan: sektore publikoa (Estatua), sektore pribatua (Merkatua) eta sektore anitza (gizarte zibila). Sektore anitz horretan sartuko lirateke ekonomia sozialaren baitako erakundeak, orotariko elkartegintza, sindikatuak, alderdi politikoak… Hirurak ezinbestekoak dira, bere neurrian, gizartea modu orekatuan gara dadin. Gizartea berrorekatzeak hiru sektore horien dimentsioa orekatzea lekarke.

Irudia: H. Mintzberg (2016), Organizations around Public, Private, Plural. https://mintzberg.org/blog/three-sectors

Azken hamarkadetan sektore pribatuak -merkatuak- pisu handiegia hartu du, erabat desorekatua. Mendebaldeko zenbait herrialdetan, sozialdemokraziak nolabaiteko indarrez dirauen estatuetan, sistema publiko indartsuak mantentzen dira, higatze prozesua nabarmena den arren. Eta gizarte zibilak ere, gurean, ahultze prozesua bizi du. Berlingo harresia erori ondoren mendebaldeko klase ertainaren bizi baldintzak hobetzen joan diren heinean, gizarte zibila desaktibatuz joan da. Liberalismoak bultzatutako eredu kontsumistak balio indibidualistak indartu ditu. Gailendu den idea sinplea da: bizitzako behar guztiak asetzeko nahikoa da merkatuan diru truk erostea edo Estatuari zerga truk exijitzea. Behin ordainduta, ardurak besteen lepo jartzen ditugu, eta zerbait okertzen bada protesta egiteko eskubidea dugu… Eta besterik ez. Arduren inorenganatze indibidual eta kolektibo horren ondorioz zerbait okertzen denean hiritargoa ezertarako gaitasunik gabe geratzen da: ez dago antolatuta, ez ditu oinarrizko baliabideak eskura, ez daki horiek erabiltzen…

Herrigintza deitu izan diogu, eta Mintzberg-en sailkapena kontuan hartuta, gurean hiru arloak beste modu batean ere izenda ditzakegu: herrigintza instituzionala (Administrazioa), herrigintza zibila eta merkatua.

Euskal Herrian, zorionez, gizarte zibilaren garapen ibilbide aberatsa izan dugu. Bi estaturen menpe bizi behar izateak, eta Hegoaldearen kasuan urte luzez diktadurapean bizi izanak, oinarrizko zenbait beharri erantzuteko (nabarmen euskalgintzan) antolaketa gaitasun komunitario eta ekimen sen propioa garatzera eraman gaitu. Herrigintza deitu izan diogu, eta Mintzberg-en sailkapena kontuan hartuta, gurean hiru arloak beste modu batean ere izenda ditzakegu: herrigintza instituzionala (Administrazioa), herrigintza zibila eta merkatua.

Krisi honen ondoren erabaki beharko dugu nola kudeatu nahi ditugun gure bizimoduaren beharrei erantzuteko oinarrizko jarduerak. Zer utziko dugun merkatuaren eskutan eta zer herrigintzaren eskutan. Nola uztartuko ditugun herrigintzaren dimentsio zibila eta instituzionala, bien batura biderkatzaile bihur dadin.

Etorkizuneko erronkei egoki erantzuteko ezinbesteko izango dira Administrazio Publiko indartsua eta herrigintza zibil aktibo eta antolatua. Bi hanka horiek sendo jarrita emango diogu bere lekua hirugarren hankari (merkatua). Oreka horretan, edozein dela arazoa (osasun krisia, ekonomia krisia, klima krisia,…), aurrera egiteko gure gaitasuna (erresilientzia) handiagoa izango da.

Erronka sozioekonomikoei aurre egiteko estrategiak

Eszenatoki konplexu honetan egituraketa ekonomikoaren birdefinizioari dagokionez, hasteko bi kontu argitu beharko genituzke: batetik zein produktu eta zerbitzu mota ekoitzi nahi ditugun Euskal Herrian, eta, horren arabera, zertan espezializatu nahi dugun, eta bestetik zein enpresa mota izan nahi dugun Euskal Herrian edo zeintzuk lehenetsi nahi ditugun.

Argazkia: Patryk Grady, Unsplash.

Zer ekoitzi beharko genuke herri/eskualde bakoitzean? Zer Euskal Herri mailan? Zer Europa edo mundu mailan? Oreka aurkitu beharko dugu autosufizientzia ekonomikoaren (arlo batzuetan) eta interdependentziaren (beste batzuetan) artean

Krisi honek agerian utzi du oinarrizkoak izan daitezkeen gaietan zenbaterainokoa dugun kanpoko dependentzia, eta ondorioz zenbateraino ahulak garen. Oraingoan osasun gaien horniketa arazoak izan ditugu. Baina beste hainbeste gerta liteke beste arlo kritiko batzuetan: elikagaiak, energia,… Beraz, lehenik eta behin aztertu beharrekoa da funtsezkotzat jo ditugun produktu eta zerbitzuen ekoizpenaren kokapena. Zer ekoitzi beharko genuke herri/eskualde bakoitzean? Zer Euskal Herri mailan? Zer Europa edo mundu mailan? Oreka aurkitu beharko dugu autosufizientzia ekonomikoaren (arlo batzuetan) eta interdependentziaren (beste batzuetan) artean. Krisi honek horniketa kate globalizatuen ahuleziak nabarmendu ditu eta, behar bada, ondorioetako bat zenbait sektoreren birlokalizazioa izango da.

Sustatu beharreko sektoreen definizioan kontuan hartu beharreko beste elementu garrantzitsu bat klima aldaketa eta horrek ekarriko dituen behar eta aukera berriak dira. CO2 isurketa ekidin beharrak produktu eta aktibitate batzuk bertan behera uztea ekarriko du eta beste batzuk sortzea. Eta horrekin batera automatizazioak, bioteknologiak eta adimen artifizialak gaur egun ezagutzen ditugun ekoizpen moldeak neurri handi batean irauliko ditu. Horrek guztiak birmoldaketa sakona eragitearekin batera aukera berriak ere ekarriko ditu. Euskal Herrian zer ekoitzi nahi dugun eta munduan zertan izan nahi dugun erreferente definitu behar dugu, eta ezagutza zein ikerketa azpiegitura eta baldintza egokiak bermatu, ekoizpen sare eraginkorra eta iraunkorra izateko.

Ekoizpen egituraketa horretan, ordea, zein enpresa mota bultzatu nahi dugu? Herri ikuspegi batetik kapital sustraitua izango duen ekoizpen sarea garatzeak beharko luke lehentasuna. Alegia, bertako kapitalaz osatutako enpresak: enpresa publiko edo erdipublikoak, kooperatibak, sozietate laboralak, famili enpresak, fundazioak, eta abar. Oro har, erabaki ahalmena bertan mantentzen duten enpresa egiturak.

COVID19aren krisiaren hasiera honetan ere euskal kooperatibistak hasieratik neurri azkar eta zorrotzak hartzen ari dira beraien enpresan, beraz, beraien lana babesteko

Enpresa publikoez gain lan elkartuko kooperatibak izan daitezke enpresa sustraituen adibide garbiena. Enpresa langileena da eta, ondo edo gaizki, beraiek hartzen dituzte erabakiak demokratikoki. Beraientzako aukeretan azkenak lirateke enpresa ixtea edo deslokalizatzea, lanik gabe geratuko liratekeelako edo beraiek deslokalizatu beharko liratekeelako; beste horrenbeste enpresa saltzeko aukerarekin, inoren esku utziko bailukete beraien lana. Beste enpresa motekin alderatuta horrela azaltzen da aurreko krisialdietan enpresa mota honek erakutsi duen irauteko gaitasuna eta bataz beste I+Gan ahalegin handiagoa egitea3: lana sortze eta mantentzea du lehen helburu. COVID19aren krisiaren hasiera honetan ere euskal kooperatibistak hasieratik neurri azkar eta zorrotzak hartzen ari dira beraien enpresan, beraz, beraien lana babesteko.

Kooperatiba izan edo beste mota bateko enpresa sustraitua izan, enpresa horiek estrategikoak dira bertako enplegua eta aberastasun sorrera mantentzeko. Baina merkatuetan lehiakor izateko dimentsio arazoak izan ditzakete, baita inbertsioak finantzatzeko zailtasunak ere. Dimentsioa eta muskulu finantzarioa izateko lankidetza eta aliantza formulak garatzea komeniko da, bertako enpresek, batez ere ETEek, teknologia eta ikerketara sarrera izan dezaten lankidetza plataforma espezializatuak sortuz, eta finantzazio iturri alternatiboak eskura jarri ahal izateko, bertako eragile publiko zein pribatuek sortutako funts espezifikoen eta berme sozietateen bitartez. Ez dugu ahaztu behar euskal enpresa lehiakorrenak atzerriko inbertsio funtsek begiz jota dituztela, eta, ondorioz, proiektu horiek garatzeko finantzazio baldintza egokiak bertan bermatu ezean, atzerriko erabakitzaileen esku geratzeko arriskua hor dago.

Horretaz gain, eta politika industrial integral bat birdefinitzeko abagune honetan, koronabirus hau hedatu aurretik ere enpresa-lehiakortasunaren eta lan-munduaren ikuspegitik mahai gainean genituen erronkak kontuan hartu beharko ditugu.

Digitalizazioak, automatizazioak, gizakien eta makinen arteko integrazioak eta adimen artifizialak, negozio eredutan, antolaketa egituran eta enpleguan eragin haundia izango du. Lan-mundua polarizatuko da: makinak iristen ez diren jardueretan babestuko da lana, lan konplexuetan, non talenturik onena erakartzeak diferentzia markatuko duen eta beste gaitasun batzuk jokoan sartuko diren: sormena, ekimena, pertsonen arteko trebetasunak, pentsamendu kritikoa, eta abar. Horrek langabezia eragingo du jarduera automatizagarrietan (ez bakarrik eskuzkoetan, baita kognitiboetan ere). Etengabeko prestakuntza teknikoa, alfabetatze digitala eta abar. gizarte kohesioa mantentzeko gako inportanteak izango dira. Eta bertako enpresei, batez ere txikienei, eraldaketa digital hori garaiz eta modu egokian egin dezaten lagundu beharko zaie.

Konpromiso kolektiborako grina, baina, ez da berez jaiotzetik dakargun zerbait, gure bizitzako esperientziarekin eta gizartean nagusi den kulturarekin moldatutako zerbait baizik.

Aldaketa kontestu horretan eta mendebaldeko gizarteon egitura demografikoaren ondorioz, lan-merkatu eskas eta globalizatuago batean kualifikazio egokia duten profesionalen talentua norbereganatzeko borroka gordina emango da (ematen ari da). Besteak beste osasun, hezkuntza, I+G eta ekoizpen sistema propio eta indartsua garatu nahi badugu, ezinbestekoa da bertako talentua bertan mantentzea eta, ahal den heinean, kanpokoa erakartzeko politika eraginkorrak garatzea.

Konpromisoa eta identitatea

Erronkaren tamainak euskal gizartearen eta pertsonen konpromiso sendoa eskatzen du. Konpromiso kolektiborako grina, baina, ez da berez jaiotzetik dakargun zerbait, gure bizitzako esperientziarekin eta gizartean nagusi den kulturarekin moldatutako zerbait baizik.

Euskal kooperatiben mugimendua oso berezko DNA elementuen gainean oinarritu da: pertsonaren zentraltasuna, parte-hartze demokratikoa, lana eta langilea lehenestea kapitalaren aurretik, lankidetza eta elkartasunaren praktika, interes indibidualaren gainetik interes eta ondasun kolektiboa lehenestea, komunitatearekiko konpromisoa… Etorkizuneko enpresa eta erakundeetan desiragarri liratekeen balioak. Kooperatiba egitea enpresa egitea baino zerbait gehiago baita. Horrela zioen euskal kooperatibagintzan aitzindarietako bat izan zen Alfonso Gorroñogoitiak:

Poner la eficacia al servicio de una idea moral, lo cual es algo más que ganar un poco más o vivir un poco mejor. Si esta referencia se pierde no tendremos la brújula necesaria para orientar la ruta adecuada de nuestras cooperativas y correremos el riesgo de perder la identidad que nos caracteriza y de quedarnos con nada entre manos.”

“Eraginkortasuna ideia moral baten zerbitzura jartzea, eta hori pixka bat gehiago irabaztea edo apur bat hobeto bizitzea baino zerbait gehiago da. Erreferentzia hori galtzen bada, ez dugu gure kooperatiben ibilbide egokia bideratzeko behar den iparrorratza izango, eta ezaugarri dugun nortasuna galtzeko eta esku artean ezer ez izateko arriskua izango dugu. “

Argazkia: Miltiadis, Unsplash.

Euskal kooperatibista belaunaldi bakoitzak balio horien bere interpretazioa egin du eta, testuinguru berriek sortutako kontraesanak kontraesan, oinarrizko printzipio horiek mantentzen jarraitu du. Balio sorta horrek identitate konkretu bat moldatzen du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezaugarri interesgarriak dituena: pertsonekiko errespetua, demokrazia, lana eta esfortzuaren balioa, ekintzailetasuna, erantzukizuna hartu eta protagonista izatea, elkartasunez eta eskuzabal jokatzea, lankidetzaren garrantzia, interes kolektiboa interes indibidualen gainetik jartzea… Eta horiek guztiak eguneroko lanaren bitartez praktikara eramanak.

Aipatu balioek, interesgarriak izanik ere gaur egungo gizartean, ez dira beti nagusi izaten, pentsamendu liberalaren eta kontsumo gizartearen balioen kontrako norantzan doaz eta. Kooperatibetan lanean diharduten pertsonak ere ez dira aparte gizartearen eragin horretatik; horrela, bada, identitate kooperatiboa mantendu eta indartzeko ahalegin handia egin behar izaten dugu heziketa eta parte hartze prozesu espezifikoen bitartez.

Hortaz, kooperatibetatik kanpo ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko euskal gizartean era horretako balio sorta landu nahi badugu, beharraz gain aukera bikaina dugu hezkuntza, komunikazio eta kultura eragileekin adostuta balio horiek landu eta hedatzeko ekimen zabal bat egiteko. Konpromiso pertsonala eta komunitarioa aktibatzen asmatzen badugu, etorkizunari aurre egiteko moduan izango baikara.

Artikulu originala hemen argitaratu da: https://telesforomonzonlab.eus/