Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Arizmendiarrietak zer pentsatzen zuen jakiteko oso garrantzitsua litzateke zeren kontra zegoen jakitea”
1. Zer da On Jose Mariaren figuraz gehien erakarri zintuena?
Nik Arizmendiarrieta ez nuen ezagutu. Oso oker ez banago momentu batean Zarautzen ikusi nuen eta norbaitek esan zidan: ‘begira hor pasatzen ari den hori Arizmendiarrieta da’, baina nik oraindik ez nuen ezagutzen. Geroago, bere figura ezagutzen hasi nintzen eta asko erakarri ninduen, poliki poliki joan nintzen deskubritzen bere baloreak. Esango nuke Arizmendiarrieta mirestera iritsi nintzela. Bere ideia sinple eta oinarrizko batzuk izugarri indartsuak dira, hau esate baterako: pertsona batek pertsona izateko lana behar du, lana egin behar du, baina lana eskatu egin behar duen pertsonak esklabo situazio batean jartzen du bere burua. Beraz, pertsona izateko, norberak bere lana sortu behar du, lanaren jabe eta nagusi bera izateko. Eta ez bera bakarrik, izan ere, lana sortu behar izateko talde lana ezinbestekoa da eta beraz, komunitate kooperatibo batean egin behar da lana.
2. Arizmendiarrietaren pentsamenduaz nabarmendu izan duzu hark zituen sintesi-gaitasuna eta pragmatismoa, eta baita bere pentsamenduaren bilakaera ere.
Arizmendiarrieta uste duguna baino askoz ere informazio gehiago zeukan pertsona zen; informazio filosofiko, teoriko nahiz formaziozkoa. Eta beraz, oso iturri ezberdinetatik jasota zeukan informazioa sintetizatzeko izugarrizko gaitasuna zuen. Bestalde, ideiak praktikara eramateko beste dohai handia zuen; praktikarako sena. Eta hori beti garatu eta erakutsi izan du urteetan zehar.
Arizmendiarrieta –eta ni ere bai neurri handi batean- Euskal Herri oso tradizional batetik gatoz; bera ni baino gehiago gerra aurrekoa zelako. Ondorioz, alor guztietan oso kontserbadorea eta tradizionala den gizarte batetik dator: erlijioan, moralean, lanaren kontzeptuan, eta abar. Adibidez, hasiera batean emakumeari buruz zuen iritzia Euskal Herri tradizionalean pentsatzen zen berbera zen ‘emakumea dago etxean egoteko, haurrak hazteko eta elizara joateko’. Denborarekin ikaragarri joan zen aldatzen bere pentsamendua, bere ikuspegi orokorra; baita emakumearen alorrean ere. Eta nik esango nuke bereziki emakumeak lanera integratu behar duela; izan ere, emakumeak oinarri ekonomiko oinarrizko bat ez badauka, gizonarekiko dependentzia etengabean jarraituko du. Orduan, emakumearen nortasuna, independentzia, lana... guztiak elkarri lotuta doazen ideiak dira.
3. Datorren urtean On Jose Maria jaio zela 100 urte beteko dira. Aldarrikatu eta ezagutzera eman da nahikoa bere ekarpen erraldoia?
Arizmendiarrieta kooperatibismoarekin lotzen da, eta ez da identifikatzen pentsamendu konkretu batekin. Ikertzen den ia guztia Arizmendiarretak kooperatibismoarekin izandako harremanari zuzentzen zaio eta beraz, enpresa munduarekin lotzen da. Ondo dago hori, baina Arizmendiarrietaren pentsatzailearen alderdia, baztertuta geratzen da eta niri pena pixka bat ematen dit hori gehiago ez sakondu izanak. Izan ere, Arizmendiarrieta pentsatzaileari buruz beti esaten ari garen lau topikoek utzi egingo lukete topikoak izateaz xeheki aztertuko balira. Arizmendiarrietak zer pentsatzen zuen jakiteko oso garrantzitsua litzateke zeren kontra zegoen jakitea; eta hori oraindik ez dugu argitu ez dugulako aztertu, ez ezin delako egin. Eta orduan, askoz ere hobeto jakingo eta ulertuko genuke Arizmendiarrietaren pentsamendua non dagoen, hobeto jakingo genukeelako non ez dagoen.